Rafa Rueda Ordiziako Herri Antzokian

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2009-03-25 20:55

Rafa Ruedak kontzertua eskaini zuen joan zen asteazkenean Ordiziako Herri Antzokian. Leku ederra da antzokia eta gainera, azkenaldian gogo gehiago izaten dut kontzertuak eserita ikusteko zutik baino (adina izango da…).

 

Gauzak horrela eta Rafa Rueda handiaren (Pi.L.T.n egon zen edonork handia izan behar du derrigor) “Zuhaitz okerretan gora noa” diska entzun ostean, kontzertua ikusteko gogotsu nintzen eta ez nintzen inolaz ere damutu. “Kea”, “Saredun Eskua” eta azken diska den “Zuhaitz okerretan gora noa” lanetako kantuak jo zituzten eta kontzertua ordu eta erdiz luzatu zen.

 

        

 

Pi.L.T.ko Rafa ilunagoa zen, negatiboagoa. Antza denez, adinak alaitu egin du eta pop alai eta positiboz busti zuen Ordiziako Herri Antzokia. Lan horretan, lagun talde eder batek lagundu zion eta ez dira ez edonolako lagunak (a ze “banda”!). Kantuak ederrak dira baina inguruan entzun daitezkeen konponketak izugarriak dira. Une batzuetan, zutik jarri eta “fieras!” ohiukatzekotan egon nintzen baina bakarrik negoenez, nire jezarlekuan geratu nintzen (esan dizuet gogo asko nuela kontzertua ikusteko).

 

Hau ikusita, ezin aipatu gabe utzi musikari talde handi hau: Joseba Irazoki handia kitarrarekin, Pi.L.T.ren azken urteetan kide izan zuen David Gonzalez baxuarekin eta Atom Rhunbako perkusioa den Natxo Beltrán baterian. Honi guztiari, Rafaren Ruedaren ahots indartsu eta kitarra langilea gehitzen badizkiogu, prezisiozko musika tresna baten aurrean gaude. Inolako zalantzarik gabe, erabat gomendagarria.

 

Amaitzeko hemen uzten dizuet asteazken goizean bertan Rafa Ruedari Egunon Goierri saioan eginiko elkarrizketa.

 

            


Utzi iruzkina: