Ondo izan Montanier! Mila esker!
- Zergatik aldatu duzu Frantziako ligako zazpigarren taldea Espainiako ligako hamabost garrenagatik?
Horixe izan zen Philippe Montanier Errealeko entrenatzaile moduan aurkeztu zuten egunean kazetari frantziar batek normandiarrari egindako galdera. Amorruz bete ninduen galderak eta Errealarekiko errespetu falta izugarri bat iruditu zitzaidan. Montanier berari ere ez zitzaion galdera gehiegi gustatu eta Espainiako ligako hamabost garren taldera ezetz, bera Errealera etorri zela erantzun zion.
Erantzun hori eta beste detaile pare batengatik entrenatzaile hura gustuko izan behar nuela erabaki nuen une hartan (izaera aldetik diot, ez dut futbolaz ideiarik ere). “Bai jauna Philippe! Erreala hori baino gehiago da! Esan baietz!” pentsatu nuen orduan eta ziur aski, berak ere gauza berbera pentsatu du Donostian eman dituen bi urteetan zehar. Ez ordea, zentzurik hoberenean beti...
Montanierren aurka lehen oihu eta txistuak entzun zirenean blog honetan bertan idatzi nuen nire iritzia (Ez naiz luzatuko egun haietako haserrea azaltzen eta egunero valentziarragoak garenaren sentsazio mingarri horri forma ematen).
Kontua da, Montanier badoala, eta badoalako bere aurka ari direnak, aipatu berri ditudan egun haietan “Montanier dimisión!” ahoan zerabilten berberak direla. Diruagatik joan omen da, hori diote eta ahoa pozoiez beteta esaten dute gainera, mespretxuzko begirada batekin.
Ba bai, Montanier badoa, eta ikaragarrizko lastima ematen badit ere, ongi baino hobetu ulertzen dut bere erabakia. Bi urte pasa ditu gure artean eta inongo momentuan ez du gure babesik sentitu (Bere buruari, munduko zalego hoberenaren titulua eman dion zalegoaren babesik sentitu). Bere lana eta gaitasuna zalantzan jarri dira behin eta berriz eta kaleko edozein artabururen futbol lezioak jaso behar izan ditu.
Gizon honek, urte eta erdi behar izan du, harrobiko jokalariz osatutako talde bat martxan jarri eta Champions postuetan sartzeko… Urte eta erdi!!! Benetan, ez dakit zer pentsatzen dugun bizitzaz… (eta futbolaz). Errealaren lekua, urtero Old Trafforden jokatzen aritzea dela pentsatzen duenak, ez daki zer esaten ari den eta gaur egun bizi dugun gizarteak kutsatu nahi dizkigun balioez erabat gaixo dago dagoeneko.
Urte askoren ondoren Europara eraman gaitu Philippe Montanier normandiarrak eta edozer gauza jaso du esker ona izan ezik. Aspaldiko partez, Errealarekin goza arazi gaitu baina guk, gehiago nahi genuen…
Diru asko eskaini omen dio Stade Rennes taldeak bai, egia da. Michel troinek etxera itzultzeko gogoa omen zuen familia han zuela eta, bai, egia da baita ere. Baina zuek uste? Benetan, Zuzendaritza zein zalegoak maitasun gehiago eskaini izan balio azken bi urteetan, erabaki berbera hartuko zuena? Nik ez dut uste.
Ondo izan eta zorte on aurretik duzuen abentura berrian Philippe! Ikaragarri gozatu dugu zure lanari esker. Mila esker!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: