Zein españolak garen batzuetan benetan… Utzi bakean Montanier!
Ez dut blog honetan sekula futbolaz gehiegi hitz egin. Eta ez nuen uste, AMPO Ordiziak Errege Kopako finala jokatzen duen asteburuan futbolaz hitz egiten amaituko nukeenik baina egia esan, kokoteraino nauka kontu batek.
Aldez aurretik garbi utzi nahi dut ez naizela oso futbolzalea (Errealzalea naiz) beraz, ez naiz oso jakituna ere (Ordiziako Elkarte handi horrek nire pertsona rugbyzale bilakatzea lortu du). Honekin esan nahi dut, 4-3-3 eta 4-4-2 telefono aurrezenbakiak besterik ez direla niretzat.
Hala ere, ez dut azken asteetan “gure” prentsan indartsu egiten ari den korronte bat ulertzen, Montanier Frantziara bueltan bidali nahi duena hain zuzen ere. Gaur bertan hotzikara sortu didan datu bat dator “gure” egunkari horietako batean. Ematen duenez, azken urteetan (Kraussen garaietatik), hiru entranatzailek bakarrik osatu dituzte bi denboraldi oso Errealean: Krauss berak, Reynald Denoueix frantziarrak eta Martin Lasarte uruguaitarrak.
Kontuan izanda, lehendabizikoak ia Championsera sailkatu gintuela, bigarrenarekin ia liga irabazi eta Championsa jokatzea lortu genuela eta hirugarrenak lehen mailara itzuli gintuela, arazo larri bat dugulakoan nago. Zein demontre uste dugu garela?
Talde txiki bat gara, bere izaera harrobian duena eta garbi izan behar duena, lehen mailan egoteko, egunero lan asko egin beharko dugula. Konturatu al dira Montanierri Kontainer deitzen ari direnak taldea ezagutu gabe etorri zenetik bederatzi hilabete besterik ez direla pasa? Talde hori behera goitik behera gaztetu duela? Orain arte jokatzen ari ez ziren jokalariei aukerak ematen ari dela? Harrobiko bederatzi tiporekin jokatzen ari dela! Fitxaje bakarrarekin ari dela!!!
Benetan, batzuetan Errealeko zaleak begiratzean Valentziakoak ikusten ari naizela iruditzen zait. Utzi bakean Montanier demontre eta utzi iozue lasai bigarren denboraldia prestatzen! Behin taldea ezagututa, egin ditzala iruditzen zaizkion bi edo hiru fitxaketak eta ea zer gertatzen den. Norbaiti proiektu bat gidatzeko ardura ematen bazaio, konfidantza bat zor zaio eta behar duen azkeneko gauza, klubeko presidentea, gau eta egun, denboraldi amaieran entrenatzailea aldatzea aukera bat dela esaten entzutea da. Zein españolak garen batzuetan benetan… Utzi bakean Montanier!!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: