Noel Vs. Liam edo Gallagherren arteko borroka amaiezinaren amaiera

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2013-03-02 17:18

Guztiok borrokatu gara anaiarekin haurtzaroan. Historian zehar ama guztiei loa kendu dien kontua dugu hau baina denborarekin pasa egiten da. Anaia txikia eta ni behintzat ederki moldatzen gara gaur egun eta sinetsi, gure arazoa ez zen gehiegi borrokatzen ginenik borroka besterik egiten ez genuela baizik.

Hala ere, badira kasu batzuk non bandera zuria atera, aizkora lurrean utzi eta anaiak lagun bilakatzeak ezinezkoa ematen duen. Kasurik garbi eta ezagunena Manchesterreko Gallagher anaiena dugu eta bi artaburu hauek dira gaurkoan ordenagailuaren aurrean jartzera eraman nautenak.

Grunge garaietan (nire nerabetzaroko zutabe nagusia Son Gokurekin batera) Brit Poparekin adarrak jartzen nizkion noizean behin Seatleko mobidari eta Oasis, Blur, Ocean Colur Scene edo Travisen kantuekin ederki gozatzen nuen sekula Chris Cornelli onartu ez banion ere.

Gerora, nire entzunaldietatik desgertzen joan ziren talde ingeles hauek baina Oasisek beti izango zuen lekutxo bat nire bihotzean. Orduan dagoeneko Noel eta Liam eta Liam eta Noelen arteko iskanbilekin barre ederrak botatzen genituen lagun artean eta badirudi, jende normalean ez bezala, anaia hauen harremanak okerrera egin duela.

Milaka zurrumurru, keinu eta mehatxuren ostean, taldea desegitea erabaki zuten eta anaia bakoitzak bere aldetik jo zuen 2011n. Liamek Oasiseko musikari ezberdinak bildu eta “Different Gear, Still Speeding” diska argitaratu zuen Beady Eye izendatu zuen taldearekin. Noelek aldiz, Noel Gallagher’s High Flying Birds diska kaleratu zuen (Eta zergaitik ez nuen post hau orduan idatzi? Ba sudur puntatik atera ez zitzaidalako).

Ordurate, antologikoak ziren bai bi anaien arteko ego borroka eta baita zaleen arteko eztabaida ere. Nor da bi Gallagherren artean talentu gehien duena? Badakit borroka batean Supermanek edo Hulkek irabaziko ote zuen eztabadaidatzea bezain zentzugabea dela baina horrelako gauzetan galtzen genuen (eta dugu) denbora zer nahi duzue esatea…

Kontua da, 2011 arte bi anaiak talde berean zeudela eta eztabaida honek ezin zuela erantzun objektiborik izan. Bi diska hauek kaleratu ostean ordea konparaketa posible da eta hori, edozein musika frikiren ametsa zen! Gogoan dut behin irakurri nuena. Inspiral Carpets taldearen teknikari lanetan bira batetik itzultzean Noel Liamen talde berriaren kontzertu bat ikustera joan zen. Amaitu ostean, taldearen aldagelara sartu eta tamaina biblikoa duen esaldi bat bota zien: Bi aukera dituzue, edo taldean sartu, kantuak konposatzen ditut eta izar batzuetan bilakatzen gara, edo bizi osoa Machesterreko lokal kakaztuetan jotzen igarotzen duzue. Genio y figura.

Arazoia ote zuen Noelek? Edo Liamena zen arrazoia bere anaiak bere kreatibitatea mozten zuela esaten zuenean? Ez dut uste erantzun garbirik dudanik baina saiatuko naiz.

Beady Eyeren diska enztun nuen lehendabizi eta BBK Live jaialdi deskafeinatuan ere ikusi nituen zuzenean. Gehiago gustatu zitzaidan taldea zuzenean baina horretan, asko lagundu dezake Liam bezalako kantari mitiko bat eskenatoki gainean ikusteak soilik. Diskoa ondo dago, entzuten uzten da baina lehen hiru kantuek uzten dizuten sentsazio onaren ostean, haizea galtzen joaten da erabat beteta duzun puztuki bat lotu aurretik askatzen duzunean bezalaxe. "Bring The Light" kantuan berpiztun egingo dela iruditzen zaizu baina… ez. Aldapera behera doa dagoeneko. Musikari onak ditu eta produkzioa bikaina du baina… Ez dakit, ez dit ezer berezirik esaten. Gustora entzuten dut oraindik baina ez zait iruditzen hemendik lau urtera entzuten jarraituko dudan horietako diska bat denik.

Noelen lana hilabete batzuk beranduago entzun nuen eta desiatzen nintzen onartu beharrean bait nago bere aldekoa izan naizela beti (Bai, honek zientifikotasun guztia kentzen dio ikerketari baina izorratu. Bloga nirea da). Autoan entzun nuen lehen aldiz eta asko gozatu nuen. Lehen kantutik harrapatzen zaitu eta une brillanteak ditu. Lasaitasunez idatzi eta kantatua dago eta somatzen da. Beady Eyeren lanean berriz, izenburuan daraman abiadurak kantuak idazterakoan garrantzia gehiegi izan duenaren sentsazioa uzten du. Instrumentazioa beste maila batean dago High Flying Birds honetan eta instrumentu zein soinu baliabide guztiak ezberdindu daitezke uneoro. Melodiak askoz jostagarriagoak dira eta Liamek amestu ere ezin dituen sentsazioak azalaratzen dituzte “Dream On”, “If i Had a Gun”, “The Death of You & Me” zoragarrian edo “Soldier Boys and Jesu Freaks” ederrean.

Ez dakit esan bezala, objektiboa naizen baina horixe da nire epaia. Biek gogoratzen didate Oasis kantu bakoitzean baina Noelen lanak Oasisetik gustoko nituen gauzak ekartzen dizkit burura eta Liamenak agian, Oasisen musikan aintzat hartzen ez nituenak.

Noel wins beraz nire ikuspuntutik. Zer deritzozue zuek? Nork du talentu gehien bi anaia narzisista, egolatra eta jasanezin hauen artean?


Utzi iruzkina: