Like A Rolling Stone VI: Ben Harper
Dagoeneko saio honetan bidaikide ditugun talde ugari aztertu ditugu Like A Rolling Stone tartean. Herrialde ezberdinetakoak, estilo ezberdinetakoak… baina badute orainarte guztiek zerbait komunean, musika taldeak direla alegia.
Gaurkoan, lehen aldiz, bakarlari batez arituko gara eta aipatu ditugun bidaikide hauen artean, bada bat besteen artetik nabarmentzen dena. Nola ez, gure lagun Benitoz ari gara edo munduan zehar ezagutzen duten bezala, Ben Harper Kaliforniarraz.
1.- PLEASURE & PAIN, WELCOME TO THE CRUEL WORLD eta FIGHT FOR YOUR MIND
Benjamin Chase Harper 1969ko urriaren 28an jaio zen Pomonako hirian, Kalifornian. Island Empire eskualdeko Pomona eta Claremont hirien artean hezi zen jatorri oso ezberdinetako musikariz osatutako familia batean. Bere amonetako bat erdi beltza erdi Cherokeea zen eta bere bir-amona bat aldiz, lituaniar judutarra.
Jatorri nahasketa honek musika ezberdina entzutera eraman zuten Ben txikia zenetik. Honek guztiak izaera berezi bat eman zion bere musikari eta jarrera hau nabarmena da bere lehen diskatik. Hitzetan ere jarrera berdinarekin jarraitu du Harperrek eta bere kantuek kutsu aldarrikatzailea izan dute beti pakeraen, ingurumenaren, politikaren edo erlijioaren inguruan.
Pleasure And Pain izan zen Ben Harperren lehen lana eta Virgin disketxearekin argitaratu zuen 1992an sinatu ostean. 1500 ale besterik ez ziren argitaratu eta lanaren oiartzuna nahiko eskasa izan zen.
Bi urte geroago, 1994an, lehen aipatu dugun bir-amona judutarrari eskainitako Welcome to the Cruel World diska argitaratu zuen baina diska honek ere, ez zuen kritikaren arreta jaso urte bete beranduago, Fight For Your Mind aldarrikatzailea argitaratu zuen arte.
Azken diska horretakoa dagaur entzungo dugun lehendabiziko kantua: Excuse Me Mr
2.- THE WILL TO LIVE eta BURN TO SHINE
Bere zalegoa sortzen ari zen pixkanaka baina Benitok ez zuen oraindik musika irrati eta aldizkarietan lekurik izan. Gutxi falta zen ordea Ben Harperren izena mundu osoan ezagun egiten hasteko.
1998an laguntza bilatu zuen diska grabatzeko eta gaur egun arte bere laguntzaile nagusia izan den Innocent Criminals taldeaz inguratu zen: Juan Nelson (baxua), Dean Butterworth (bateria) eta David Leach (perkusioa).
Diskari The Will To Live izena jarri zion eta talde berriaren laguntzaz Blues eta Folk alternatibora gerturatu zen. Irratietan entzuten hasi zen Harperren musika eta beste batzuen artea,n Tibetan Freedom Concerts jaialdian jotzeko aukera izan zuen R.E.M., Radiohead, Metallica edo Pearl Jam bezalako taldeekin batera.
Musika munduan bere lekua egiten ari zen Ben Harper eta falta zitzaion bultzada eman zion 1999an grabatu zuen Burn to Shine diska zoragarriak. Diska honetan Jazz, Funk eta Folkaren artean dabiltzan 12 kantu eskaini zizkigun Benitok eta diska horretakoa da jarraian entzungo dugun Please Bleed kantua.
Burn To Shine diskaren arrakastaren ondoren zuzeneko diska bat grabatzeko erabakia hartu zuen Ben Harperrek 2001ean. Live From Mars izenpean argitaratu zuen eta bi zatitan banatu zuen.
Ben Harper kontzertuan ikusi duen edonork badaki bi aurpegi dituela eszenatokian, bi soinu. Lehena, Innocent Criminals taldeaz lkagunduta lortzen duena da, gitarreroagoa dena, rock band kutsua duena eta Live From Mars honetako lehen CDan entzun dezakeguna.
Bigarrenean aldiz, bakarkako soinua entzun dezakegu, barne barnetik ateratzen zaiona. Hau hobeto ulertu ahal izateko hemen dituzue CD bakoitzeko kantu bana.
Kitarreroa lehendabizi: Glory & Consecuence
Eta erdi kitarreroaren lagin hau entzun ostean, bakarkakoarekin goatz. Bertan lagun berezi bat izaten du Ben Harperrek alboan, malean hobe esanda. Lagun hau, slide kitarra bat baita.
Kitarra blusero hau malean etzanda jotzen den kitarra bat da eta Ben Harperren zuzenekoetan sentimenduz betetako uneak eskaintzen dizkigu.
Bigarren erdi honen ideia bat egiteko, Roses From My Friends kantua aukeratu dugu.
4- DIAMONDS ON THE INSIDE eta THERE WILL BE A LIGHT
Live From Marsen harrera izugarriaren ostean, estudiora sartu zen Ben Harper berriz ere eta Diamonds on The Inside diska grabatu zuen. Esan daiteke hauxe izan zela zirkuitu komertzialean eragin gehien izan duen diska gehienok ezagutuko baituzue Diamonds on the Inside kantua adibidez.
Gauzak horrela, taldekidez aldatzea erabaki zuen Harperrek eta Blind Boys of Alabama Gospel koru beltz eta itsuarekin bi diska grabatu zituen. Lehena, estudiokoa, There Will Be A Light eta bigarrena, zuzenekoa, Live At The Apollo. Etapa honen erakusgarri dugu hurrengo kantua: Give a Man Home
5.- BOTH SIDES OF THE GUN eta LIFELINE
2006an Innocent Criminalsen babesera itzuli zen Benito eta Both Sides Of The Gun diska bikoitza kaleratu zuen.
Diska honek ere harrera bikaina izan zuen eta mundu mailako bira bati ekin zion lana aurkezteko. Biran zebilela ordea ez zen geldirik egon Ben eta munduko alde batetik bestera zebilela hurrengo lana grabatzeko indarrak bildu zituen.
Beti nahi izan omen zuen diska bat Parisen grabatu eta Lifeline izena jarri zion
Etapa hau ordea, Both Sides of The Gun diskako kantu batekin itsiko dugu Donostiako Kursalean zalego guztia altxatu baitzuen pantaila gigantean zaleak beraiek agertzen ziren bitartean. Ahaztuezina Better Way hau.
Gauzak horrela 2009an berriz ere Innocen Criminalsak alde batera uztea erabaki zuen eta gaur egun arte bere azken diska izan zena argitaratu zuen Relentness7 taldearekin.
White Lies For Dark Times izena eraman zuen eta saio honen entzule fidelak zaretenontzat ez du aurkezpenik behar. Ez diskak, eta ezta jarraian entzungo dugun Shimer and Shine honek.
Ez dira diska gutxi Ben Harperrek argitaratu dituenak baina hauxe da gaur egun arte Kaliforniar honek eman diguna. Hala ere, lankidetza ugari egin dituen musikaria dugu Ben Harper eta horietako batekin amaituko dugu gaurkoan saioa.
Ben Harper eta Vanessa Da Mata: Boa sorte! Zorte ona izan dezazuela zuek ere!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: