Joño! Hori Sheldon Cooper da!
Ziur noizbait filme hontaz hitz egin dizuedala. Nire pelikula kuttunenen artean aurkitzen da (Top 5ean ziur!) eta arrazoi ezberdinak ditut hau argudiatzeko. Lehenik, tonu eta erritmoarekin erabat identifikatua sentitzen naizela. Bigarrenik, musika (aukeratutako kantuak entzun besterik ez duzue). Eta hirugarrenik, zinera bizi hobe batera pasa den gazte-aldizkari baterako kritika idazteko intentzioarekin ikustera joan nintzela (Matraka ederra eman genuen...) eta filme hark ez zidala hasiera batean gehiegi esan. Esan beharrik ez dago, azkenean, filme ikaragarri batekin topatu nintzela.
Hasierako gaizkiulertu hartan erru handia izan zuen izenburua gaztelaniara itzuli zuen zuen fenomenoak. Garden State da filmearen jatorrizko izena eta istorioa gertatzen den eskualdeari egiten dio erreferentzia. Itzulpenaren ardura hartu zuenari ordea, egokiagoa iruditu zitzaion Algo en Comun… (Susan Sarandon eta Meryl Streep imaginatzen ari naiz Tomates verdes fritos batean…)
Hanka-sartzeak hanka-sartze, filme borobila dugu Garden State, erabat gomendagarria (normalean ez zait arreta gehiegi eskaini behar baina benetan, merezi du). Aktore nagusia Scrubs telesaiarekin ezagun egin zen Zach Braff amerikarra dugu Natalie Portman zoragarriaren ezinbesteko laguntzarekin (maiteminduta atera nintzen zinetik… berriz ere). Hala ere, amaierako kredituetara geratu nintzen (filmea asko gustatu zaidanean bakarrik egiten dut) eta harrituta geratu nintzen Zach Braff bera filmearen gidoigile eta zuzendaria ere bazela ikustean. Gerora jakin nuen Scrubs telesaila ere bere burutik atera zela.
Kontua da, aurreko batean berriz ere ikusi nuela Garden State eta beste behin, izugarri gustatu zitzaidan. Tonua, kolpeak, elkarrizketak, kutsu surrealista hori… Berriz ikusi beharko dut. Kontua da ordea (Ubedako zerroak nire esku-azpiak bezain ondo ezagutzen ditut…), filmean ageri den aktore bat ikustean sofatik altxatu nintzela honek bapatean, sua hartu balu moduan. Hori Sheldon Cooper da!!!
Oso gustura ikusten dut Big Bang Theory telesaila eta sekula ikusi duen edonork dagoeneko jakingo du Jin Parsons aktoreaz ari naizela; hiru fisikari friki, ingineru likatsu eta aktoresa izan nahi duen neska zoragarriaren telesailaz hain zuzen ere. Ez nuen bere ibilbidea ezagutzen eta egia esan, Big Bang Theoryren aurretik ez nuen Sheldon handiaren papera ezinhobeto egiten duen aktore amerikarraren berri (antzeko zerbait pasa zitzaidan Viggo Mortensen Unico testigo edo Un crimen perfecto filmeetan ikusi nuenean).
Besterik gabe, bitxikeria bat dela eta agian zuen artean eskertuko duen filme honen beste fanerren bat egon daitekeela. Kontuak kontu, hementxe duzue Jim Parsonsek Garden State bikain honi eginiko aportazioa (Sheldon izan daiteke arazorik gabe...).
Iruzkinak
Utzi iruzkina: