Euskara, euskalgintza eta kobazuloak (BIS)

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2011-04-05 21:55

Gaur arratsaldean izan dut honen berri eta onartu beharrean nago sutan jarri naizela. Horrelakoetan, blogak ordaintzen ditu nire beroaldiak eta asko pentsatu gabe erabaki dut etxera iristean, afera honetaz arituko nintzela hemen bertan.

Orduak pasa hala ordea, nire beroaldia baretzen joan da eta orain lau ordu garbi nuena, zalantzazkoagoa da (zahartzen ari naiz, edo indarra galtzen agian...)

Hasieratik hasiko naiz. Goieniz Zineklubak ikaragarrizko lana egin du urteetan zehar Beasainen zine eta zinezaletasunaren alde, egiten jarraitzen dute. Gutxi dira eta azken urteetan laguntza eske dabiltz errelebuaren bila. Egia esan, okurritu zait pare bat aldiz bileraren batera agertzea baina ez naiz engainatu behar, nahiko mobida baditut beste batean sartzeko... Garai batean, ni jaio aurretik, aitak eraman zuen eta pena handia sortuko lidake inork pare bat ordu astean sartu ezin dituelako bertan behera geratzea...

 

 

Aspertzen hasiak daude jendearen erantzun ahula ikusita eta ez zait harritzen. Hala ere, azken ziklo honetan asistentzia berpizten ari dela dirudi eta hori seinale ona da. Merezi dute egiten duten lanarengatik bada ere.

Kontua da, urtean bi ziklo orokor antolatzen dituztela, ziklo tematiko bat eta urte-zahar egunaren bueltan ospatzen den Gau Laburra filme labur sariketa (azken urteetan prestigioa hartzen ari dena). Zinemagile gazteei aukerak eskaintzen dizkiete eta euskaraz lan egiten dutenek preferentzia izan ohi dute nahi bezain beste ez badira ere...

Horregatik, aurten, Gau Laburrean emanalditik kanpo geratu ziren lau labur azpimarragarri datorren astean amaituko den ziklo orokorrean txertatu dituzte, zortzi filmeetako lauren aurretik. Bihar Canino filme greziarra ikusteko aukera izango dugu eta filmearen aurretik Kontaidazu burdinaren ipuina animaziozko filmea eskaini behar ziguten. Iñaki Madaraiagaren animazio filme auskalduna.

Azken momentuan ordea, ez dugu Madariagaren lana ikusteko aukera izango Udalak beste filme baten alde egin duelako Goieniz Zineklubaren lana eta independentzia kontutan izan gabe. Bihar, Caninoren aurretik Zenbait gazte ausart filmearen aurrerapena ikusiko dugu Udalak hala erabaki duelako. Gure HUHEZIko ikasleek kurtso amaierako proiektu moduan eta Euskaltzaindiaren omenez burututako dokumentala dugu. Bide batez, ikusteko gogoa dudana eta unibertsitatearen aldetik, ikasleei aukera erreal eta interesgarriak eskaintzeko ekimen ona iruditu zaidana. Ez da hori gaia.

Kontua da, Udalak, 17. Korrika sustatu nahian, Iñaki Madariaga bere laburra plaza erakargarri batean erakusteko aukerarik gabe utzi duela (aurrerapen baten truke! Ez filmearen truke!). Animaziozko zinea euskaraz egiten ari den tipo bat, euskara beste eremu batzuetan baliagarria dela frogatzen ari den tipo bat hain zuzen ere...

Zein da intentzioa? Euskara sustatzea? Euskal zinema sustatzea? Ez al du Korrikak, erabat ekimen txalogarria denak, nahikoa baliabide bere izaera eta esistentzia jakinarazteko? Betikoa da, betikoaren alde egiten dugu eta gure hizkuntzarentzat oso garrantzitsuak diren ekimenei ezikusiarena egiten diegu erabat indarrean dauden ekimenen alde egiteko. Argazkirako egokiagoak dira...

Testua idazten amaitzen ari naiz eta dagoeneko hasia naiz berriz ere berotzen (ez nago hain zahartua...). Hala ere, ez dut inor irainduko, eta ez dut arratsaldeko tajantziaz hitz egingo (beno, apur bat ari naiz zahartzen bai...). Azkenean, ikuspegi ezberdinak besterik ez dira baina betiko moduan, ezberdinak ordaindu ditu. Artaldetik atera eta gure hizkuntzarekin zerbait ezberdina eta berria egiten saiatu denak.


Utzi iruzkina: