Bon Iver Bilboko Euskalduna Jauregian (12-07-22a)
Oso zaila egiten zait igandean Bilboko Euskalduna Jauregian ikusi nuena buaaa tio!, puuuuufaaa edo prffffgrrr bezalako hots ulertezinik gabe deskribatzea. Klinex pakete mordoa behar izan ditut ahotik etengabe erortzen aritu zaidan lerdea garbitzeko eta gaur arte, ez naiz gai izan kontzertu antologiko honen kritika egiteko.
Igandean, Bon Iver ikusten egon nintzen. Eta entzuten! …Ikusentzuten! … Besterik gabe, gozatzen... Lehendabizi, oso fana naizela argi utzi nahi dut kritika hau berotasunetik eta plazerretik idatzia dela garbi utzi eta balorazio objetibo eta eztabaidak alde batera uzteko.
Igandekoa orgasmo hutsa izan zen. Gogoan dut lagun on batek (honegatik bakarrik bada ere) For Emma, Forever Ago diska pasa zidan eguna. Lehen entzunaldian barruraino sartu zitzaidan eta nirea sentitu nuen. Leku hotz, bakarti baina eder batera eramaten ninduen entzuten nuen bakoitzean. Gerora, leku berezi hura Justinen txabola famatua zela jakin nuen.
2008an argitaratu zuen debut lana eta hiru urte luze egon ginen bigarrenaren zain. Tartean Blood Bank EPa eta Volcano Choir proiektu paraleloaren Unmap, lehen lana argitaratu zituen. 2011n argitaratu zuen Bon Iver homonimoa eta nahiz eta kritika txarrak jaso dituen prentsa espezializatuaren eskutik (egun batetan hitz egingo dugu zorigaiztoko nahietaezin hauetaz…) ikaragarri gustatu zitzaidan.
Lehen diska biluzia eta intimoa zen, sinplea, instrumentu gutxirekin eginikoa. Bigarrena ordea, onirikoagoa. Ahots gehiago ditu, instrumentu eta kapa gehiago. Ezberdina da baina antzerako lekura eramaten nau entzuten dudan bakoitzeko eta niretzat behinipein, horixe da musikak duen balorea, eramaten nauen lekuaren edertasuna.
Denbora askoren ostean Bon Iver kontzertuan ikusteko aukera izango nuela jakin nuen baina etxetik hurrun egin genuen plana. Abuztuaren 8an Helsinkiko Flow Festivalean arituko dira Justin eta konpainia eta dagoeneko ezin nuen denbora gehiago igaro niretzat hain garrantzitsuak izan diren kantuak zuzenean ikusi gabe. Gauzak horrela, eta kontzertua aingura moduan botata, Finlandian zehar antolatu ditugu oporrak.
Hala ere, apetatsua da patua eta sarrerak erosi eta aste betera Bon Iverrek Bilbon konztertu bat eskainiko zuela jakinarazi zuten. Ez dakit poza edo amorrua sentitu nuen une hartan…
Azkenean beraz, etxetik gertu gozatu dut lehen aldiz Wisconsineko maisuaz eta nola gozatu! Zalantza larriak nituen bi disketako soinu ezberdinak nola nahastuko zituen zuzenekoan baina guztiak kendu zizkidan zaplazteko batekin gau magiko hura Perth ederrarekin hasi zuenean.
Disketako intentsitate zein intimitate berbera mantentzen du zuzenekoan nahiz eta eskenatokira igo zirenak bederatzi lagun izan ziren. Bi bateri, baxu bat, hiru kitarra, metalak (instrumentu koadrila ederra), bibolina, bi piano, perkusioa… Guztia ederki uztartua eta mila aldiz entzunak nituen diskoiei beste dimentsio bat emateko prest.
Bigarren diskako kantuak indartsuagoak entzun ziren, zaratatsuagoak, ikaragarrizko intentsitatearekin joak. Lehendabizikoak ordea, ezberdin jo zituzten, instrumentazio eta hots geiagorekin baina bizi guztian oroituko ditugun uneak oparituz. Flume, Creature Fear edo kontzertua amaitzeko aukeratu zuen For Emma zoragarri horretan (Non eta zer demontretan arituko omen da Emma? Amorruak jota ziur…). Re-Stacks-ekin ordea, detaile bat izan zuen eta musikariei atsedenaldi bat emanez bakarka eskaini zigun garai bateko kontzertuetan bezalaxe.
Hala ere, ez zen horietako bat ere izan nire ustez lehen diskako kantuek eskainitako unerik ikaragarriena. Eta esango duzu... Lehen bisean Skinny Love bederatzien artean, kitarra baten laguntza soilarekin eta lehen lerrora gerturatu jo zutekoaz arituko zara? Ba ez! (Hori ere memorablea izan zen gero!). Unerik handiena Lump Sum jo zutenean etorri zen! Zer demontze izan zen hura! Ze hostia! Muiska, argia... Potroak lurretik jaso behar izan nituen kantua amaitzean… Buuufff… Hotzikarak ditut oroitzearekin bakarrik. Benetan, mundua amaitzen den egunean kantu horren bukaeran Bon iverrekoek jo zutena entzun behar da tio, derrigorrez…
Zer gehiago esan, bigarren diskako Holocene, Minesota edo Calgary bezelako kantuekin ere gozatu genuela eta Blood Bank zoragarria ere eskaini zigula gutxik halakorik espero bazuten ere.
Zer esango dizuet ba… Buuff eta tio-ren batek ihes egin didate azkenean baina ezin nuen gaurko post hau beste modu batera idatzi. Igandekoa, ez zen kontzertu soil bat izan. Igandekoa, kontzertua izan zen. Eskerrak hemendik bi astera Helsinkin berriz ikusi ahal izango ditudan (Ea orduan ere, potroak azkar topatzen ditudan inork zapaldu aurretik…)
Iruzkinak
indezent 2012-07-26 12:29 #1
Eta by the way, erritmoa eramaten duten zure txaloez eta uuuuuuuhhhh zentzugabeez kokoteraino gaude. Hurregoan etxean geratu zaitez eskuak altxatuta mobilarekin etengabe argazkiak eta bideoak ateratzen aritzen den zure lagunarekin. Munduak eskertuko dizuete...
Utzi iruzkina: