Anarkista, atracador, falsificador pero sobre todo... albañil
Zuzendaritza: Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga Gidoia: Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga Argazkia: Javi Agirre Musika: Pascal Gaigne Herrialdea: Euskal Herria Urtea: 2007
Horixe da Lucio Urtubia (Cascante 1931). Atzokoan (zubiari atsedenaldi bat ematekotan) zinera joan ginen Lucio filmea ikustera. Euskal Herrian eginiko filma hau ikusteko genuen azken aukeretako bat izango zen ziuraski eta egia esan, ez ginen batere damutu.
Filme dokumental bat dugu Lucio Urtubia naparraren bizia kontatzen digun hau: Herri txiki batean jaio zen nekazari baten bizia; gateetatik gizartearen funtzionamenduaren aurka egon zen mutil baten bizia (bere aitaren gaixotasuna eta hortik eratorritako egoera klabe izan liteke bere pentsatzeko eran); kontrabandista, banku-lapur, bahitzaile edo faltsifikatzaile izan zen gizon baten bizia. Beti ere ordea, ideia batzuk aurretik zituela. Sekula ez zuen bere burua aberastu; bere helburu bakarra, antisistema mugimenduak aurrekontuz eta dokumentuz hornitzea besterik ez zen izan eta guzti hori, lanera egun batean ere kale egin gabe. Gauza guztien aurretik, Lucio igeltseroa bait zen.
Lucio anarkista zen (edo hori esaten du berak); “yo hago lo que me da la gana, para eso soy anarkista”. Ez dakit Lucio anarkista zen edo ez baina garbi geratu zitzaidan filmea ikustean konbikzio garbiak dituen pertsona dela, mundu hobeago bat nahi zuela eta etxean geratu beharrean, horretarako lanean aritzeko erabakia hartu zuela.
Bere garaian bere kasua ikertu zutenek ezin zuten ulertu nola ikasketarik gabeko igeltsero napar batek munduko bankurik handiena kolokan jarri zezakeen baina hala egin zuen, bere aitak hil aurretik esan zion moduan, bi potro zituelako.
Filmea, dokumental formatoan egina dago eta Lucio beraren eta bera ezagutu dutenen hitzek bideratzen dute argumentua. Tartean, filmerako propio errodatutako errekreazioak tartekatzen dira eta bi hauen artean sortzen den erritmoak thriller itxura ematen dio filmeari. Hasieratik bukaerara ederki mantentzen du erritmoa eta amaiera gerturatzen doan heinean, beste ordubetetxo bat gehiago ikusteko gogoarekin uzten zaitu (aspaldi ez zitzaidan horrelakorik gertatzen).
Filmea bukatzen ari dela, eskerrak ematen ditu Luciok diktadura bizi izanagatik, boterearen aurka altxatzeko nahiko sufriarazi ziolako, mundu hobe baten alde burruka egiteko bidea eman ziolako. Ez dakit diktadurarik bizi ez dugulako garen gu askoz konformistagoak baina hortik zerbait izango da. Hitzen garaian bizi gara, inora eramaten ez duten hitz bihurrituen garaian. Luciok, hitzak utzi eta bere konbikzioak ekintzaren bidetik defendatzea erabaki zuen.
Zuzen zebilen Lucio mundua gaizki zebilelea zioenean baina berandu da dagoeneko. Gu behintzat, irentsi gaituelakona nago eta.
Erabat gomendagarria ikusteko aukera baduzue eta bestela… ere bai
Iruzkinak
Utzi iruzkina: