urtaro-bakoitzari-libreta-horiko-poemak-pako-aristi
Urtaro bakoitzari ezar dakiokeen sustantzia
erabaki dut:
Udaberria argia da, goizeko freskuran margotua.
Uda airea da, bero astunaren arnasa.
Udazkena usaina da, lurrak isurtzen duena.
Negua laztana da, izotzaren laztana.
Huaoraniek, ordea, beste egutegi bat daukate.
Haien aroak dira:
txonta loratzen den aroa,
suge dantzariaren aroa,
errekaren gorakadarena,
tximua gizen dagoen aroa.
Gure aroak nekazarien izendegitik hartuak dira.
Huaotarrenak ehiztarien hiztegiko harrapakinak dira.
Urtaroak dira nekazariaren pausokera astunaren
eta ehiztarien ibilera arinaren lehen borroka-gune.
Hau izan da milaka urtetan giza belaunaldien arteko
dualitate nagusia:
etorriko denaren beldur nekazaria,
datorrena garaitu beharrean ehiztaria.
Haiek nomadak dira euren hamaketan zabuka.
Gu lur maite geldoak geure ohe sendoetan.
Haiek pobreak dira eta gu aberatsak.
Halere guk liburuak egiten dizkiegu mirespenez,
eta haiek eskuekin aurpegiak estalita agertzen dira,
ez gaituztelako ezta argazki haietatik ere ikusi nahi.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: