Berdin dio

solasturi 1456152749042 Solasturi | 2006-02-21 12:38
1

Iaz atera zen Agota Kristofen Berdin dio euskaraz (jatorrizkoa, C’est égal). Eskarne Mujika Gallastegik itzulia da eta Alberdaniak argitaratua, lehenago Koaderno handia eta Atzo bezala.

Lagun batek opari egin berri dit (eskerrik asko, Jaione), eta berriz irakurtzen hasi naiz. Hona hemen ataltxo bat: liburuko 25 istorio laburretatik bigarrena.

Ohartxo batzuk, liburuaren azaletik: "Estilo xumea eta eraginkorra da Kristof-ena. Ez du dotoreziarik bilatzen hitzetan, ez da farfailik batere haren esaldietan. Ez zaizkio deskripzioak gustatzen, mamiak axola dio. Elkarrizketak zuzenak dira, biziak. Esaldiak laburrak, lauak, biluziak. Erritmoa arintzen du horrela, eta oso erraz irakurtzen da. Ia konturatu gabe."

Tren bat Ipar Alderako

Eskultura bat parke batean, geltoki abandonatu baten ondoan.

Eskulturak txakur bat eta gizon bat irudikatzen ditu.

Txakurra zutik dago; gizona, belauniko, besoak txakurraren lepoaren inguruan dituela, burua apur bat makurturik. Txakurraren begiak geltokiaren ezkerretan infiniturantz hedatzen den zabalgunera begira daude; gizonaren begiak aurre aldean zuzen finkaturik daude; txakurraren bizkar gainetik, belarrak azpiratu dituen eta aspaldian bertatik trenik igarotzen ez den errail horiei begira daude. Biztanleek abandonatu egin dute herria, zeinak hornitzen baitzuen bazterreraturik geratu den geltokia. Oraindik badira natura eta bakardadea maite duten banaka batzuk, eta bertan ematen dute uda partea, baina automobila dute denek.

Bada agure bat ere, parkean zehar hara-hona galduan ibiltzen dena, eta hark esaten du txakurraren irudia berak egin zuela eta, irudia besarkatzean —izugarri maitea baitzuen txakurra—, bera ere harri bihurtu zela.

Galdetzen diogunean nola litekeen, orduan, bera hantxe egotea, bizirik, hezur eta mami, apal-apal erantzuten du Ipar Aldera doan hurrengo trenaren zain dagoela.

Ez dugu adorerik hari esateko ez dela gehiago Ipar Alderako trenik izango, ez dela gehiago inorako trenik izango. Gurekin autoan joatea eskaini diogu, baina buruari eragiten dio:

—Ez, autoan ez. Geltokian baititut zain.

Geltokira eramatea eskaini diogu. Ipar Alderako edozein geltokitara. Buruari eragiten dio beste behin.

—Ez, mila esker. Trena hartu behar dut. Gutunak idatzi ditut. Amari. Emazteari ere bai. Iluntzeko zortzietako trenean iritsiko naizela idatzi diet. Emaztea geltokian zain dut haurrekin. Ama ere zain dut. Aita hil zenetik, hari lur emateko zain dut ama. Lur ematerako joango nintzela agindu nion. Espero dut, baita ere, emaztea eta haurrak ikustea, zeinak nik, zera… abandonatu egin nituen. Abandonatu egin nituen, bai. Artista handi bihurtzeko. Landu dut pintura, landu dut eskultura. Orain, etxera itzuli nahi nuke.

—Baina hori guztia, amari idatziriko gutuna, emazteari idatzirikoa, zure aitari lur ematea; alegia, hori guztia noizko kontua da?

—Hori da, bada… alde egiten utzi nahi ez zidalako nire txakurra pozoitu nuen garaikoa. Berokira katigatzen zitzaidan, praketara; uluka aritu zen trenera igo nahi izan nuenean. Beraz, pozoitu egin nuen, eta eskultura azpian lur eman nion.

—Eskultura hor zegoen orduan?

—Ez, hurrengo egunean egin nuen. Hementxe egin nuen nire txakurraren irudia, haren hilobiaren gainean. Eta Ipar Alderako trena iritsi zenean, azken besarkada eman nion, eta… harri bihurtu nintzen, haren lepoari helduta. Hilik ere, ez zuen nahi nik alde egiterik.

—Hala ere, hemen zaude, eta tren baten zain zaude.Agureak barre egiten du:

—Ez naiz zuk uste bezain eroa. Ondo asko dakit ez naizela existitzen, harrizkoa naizela, nire txakurraren bizkar gainean makurturik nagoela. Badakit baita ere trenak ez direla ja igarotzen hemendik. Badakit baita ere aitari aspaldi lur eman ziotela; nire ama, aita bezala hilik, ez dudala zain inongo geltokitan, ez dudala inortxo ere zain. Emaztea beste batekin ezkondu zen; haurrak helduak dira orain. Ni zaharra naiz, jauna, oso zaharra, zuk uste baino askoz ere zaharragoa. Estatua bat naiz; ez dut alde egingo. Hau guztia nire txakurraren eta bion arteko joko bat baino ez da, urtetan jokatu dugun joko bat, hura ezagutu nuen unean bertan irabazi zidan jokoa hain zuzen.


Iñigo

Iñigo 2006-03-15 11:31 #1


HEGOKO ITSASORAINO DOAN TRENA

Oso bitxi iruditu zait beti "ipar" eta "hego" kontzeptuek zer iradokitzen duten. Itxaro Bordarentzat, kasurako, etxea zen, amerria. Espainiarrentzat, aldiz, euskaldunak "norte"koak gara ("Norteko ferrokarril" harako hura; edo Txillardegik behinola salatu zuen "norteñificación").

Agota Kristofen liburua irakurri, eta iruzkina plazaratu nuen Mugalari-n. Beraz, eransteko deus gutxi. Hala ere, leku faltaz esan barik utzi nuen, baina merezi du nabarmentzea, norainoko sinbiosia lortu duen Eskarnek Agota Kristof-en idazkerarekin.

Itxaro Bordaren poema ale bat:

Quai de la Gare geltokiaren / gainetik iragaiten diren altzeiru
bortitzak / ortzaiz mugatutzat jo ditzazkezunean. / Bihotza tinkatzen zaizu/ hegoko itsasoraino tren bat doala pentsatzen / hasten baldin ba zara /bi minutuero / herrimina.

Azkenik, barka eske hasi behar: ez dakit letra lodiak edo etzanak egiten, ez bertsolerroak eteten, ez estekak sortzen. Barkatu, bloka zabartzeagatik.


Utzi iruzkina: