Begiratu zehatza gizonen gorputzari
Kaixo, aspaldikoak; inor baldin bada hor, jakina. Itzulpen bat jarri behar dut hemen, Iratxe Goikoetxea lagunak egina. Diane Schoemperlen idazle kanadarraren Forms of Devotion liburuaren atal bat da (gaztelaniaz Formas de devoción izenarekin argitaratua da). Gogoak eman diolako itzuli du Iratxek, eta hemen jarriko dut testua, batek baino gehiagok gustura irakurriko duelakoan.
I Gizonen gorputzak baditu zenbait erakargarri, bistan denez. Samatik hasiko gara. Samak fin samarra izan behar du, ikustearekin batera zezen hitza ez gogoratzeko lain. Eta luze samarra, burua eta enborra bat eginda daudela ez pentsarazteko lain. Gizon samabako asko amerikar futboleko edo hockeyko jokalarien uniformea jantzita ibiltzen dira. Zaila da kaleko trajean imajinatzea, alkandora eta gorbata jantzita. Sama ganorazkoan, zintzur-korapiloa agerikoa izango da, baina ez irtena. Ez du atentziorik emango, ez tamainagatik, ez mugimenduengatik. Ez du erakutsi behar bizargintza-istripuen ondoriorik. Sama alboetako zain handiak begi-bistakoak izango dira, baina ez irtenak, tentsio handiko uneetan ez bada. Batzuetan, odola taupaka ikusiko duzu zainotan. Horrek samurtasuna eragin beharko lizuke, eta ez botalarria, nazka edo baten bat akabatzeko gogoa. Samapean sorbaldak daude; ezinbestekoak gauza astunak altxatzeko, pianoak edo frigorifikoak kasurako, bai eta munduaren pisua eramateko ere. Gorputzaren goialdeko indarra hiru bider handiagoa da gizonetan emakumeetan baino. Sorbalda zabal eta funtzionalok ezin aproposagoak dira zure burua pausa dezazun loaldian, negarraldian edo dantzaldi geldoan. Ez dago soinburu sendo parea bezalakorik zu hauskor, mimatu eta seguru senti zaitezen. Ona da bularra ere negar egiten duzunean sustengatzeko. Gizon-bular batzuek poto txiki bat dute erdialdean, eta negar nahikoa eginez gero, malkoekin putzutxo gazi bat egiten da bertan. Bularreko giharrek ondo garatuta egon behar dute, baina ikutu eta itxura egokiarekin, andre-bularrekin ez nahasteko eran. Gizon batzuek pektoralei eragiten dakite, gora eta behera, orain batari eta orain besteari, txakurkuma saltokarien moduan. Lekuz kanpo utziko zaitu, eta lekuz kanpo utziko zaituzte zureak baino itxurosoagoak diren gizon-bularrek ere. Gizonen titimuturrek ez dute aparteko erabilgarritasunik, baina erakargarriak dira horratik. Titipunta gabeko bularra begi gabeko aurpegia litzateke. Bularreko ileena, oso kontu pertsonala da. Gehienetan, erdiko neurria izaten da onena. Ilerik bat ere ez duen bularra labankorra da, eta bentosa-hots lotsagarriak eragin ditzake zure bular izerdituarekin sakatzean. Bestalde, ile iluneko felpudo sendoa ez da atsegina udan. Nikiekin paparreko ilea bistan izaten duten gizonak zaleak dira urrezko kateak, poliesterra eta fantasiako eraztunak erabiltzen. Bular barruan gordeta bihotza dago, jakina. Ez genuke jakintzat eman beharko gizasemeen bihotza gizalaben bihotzaren berdina dela. Teoria asko dago, zein ote den biderik onena gizonaren bihotzeraino heltzeko. Horietako edozein proba dezakezu, edo denak proba ditzakezu; edozelan ere, kontuan izan bidaia bera helmugan topatuko duzuna bezain ezustekoa izango dela ziurrenik. Gizon batzuek bihotza behar luketen lekuan harria dute. Beste batzuek, zuloa. Gizonen gorputzeko berrehun eta sei hezurretatik, hogeita lau saihetsak dira, hamabi alde bakoitzean. Ez litzateke egon beharko kanpotik konprobatzeko modurik. Hogei lagunetik batek saihets bat gehiago du, eta, gehienetan, lagun hori gizasemea da. Ez zaio aparteko esangurarik eman behar. Sabela, ile bakoa bada, hobe. Ez da ezinbestekoa ohol bat izatea, baina ez luke petrinaren gainetik irten behar. Belarria sabelera hurreratuz gero, beharbada txipli-txapla eta glu-glu hotsa entzungo duzu, urak egiten duen bezala itsaspeko leize batean sartzean. Igual izango da gizonen gorputza emakumeena baino urtsuagoa delako, edo izan liteke ultzera baten hasiera izatea, gizonek gaitz horretarako joera handiagoa baitute. Sabelaren erdian zila dago. Garbi eta txukun egon behar luke beti, atzamarra edo mihia nahi bezala sartzeko, atzeraka edo okadaka hasi barik. Mokorreko hezurrek sendoak izan behar dute, baina ez zuri ubelduren bat egiteko bezain irtenak. Gizonen hezurrek 1.700 kilo jasan ditzateke zentimetro karratuko, baina zureek ez. Gizonaren pelbisa emakumearena baino estuagoa da, eta bihotz itxura du. Zientzialariak ohartu dira pelbisa dela hezurdura baten sexua zehazteko biderik ziurrena. Gero genitalak daude. Tradizioz, hortxe jokatzen da joko potoloa. Batez beste, erdipurdiko zakila hamabost zentimetro da, tente. Gizon bati ere ez zaio gustatzen erdipurdikotzat jotzea. Hobe ez aipatzea afrikar elefantearen zakila, hogeita zazpi kilo eta metro eta laurogei baita luzatuta. Dena dela, neurria ez ei da garrantzitsuena. Ikustekoa da zakilaren azala, pororik ez duela ematen du-eta, bai eta kolorea ere, gainerako larruazalarena baino iluntxoagoa, morexka izateraino. Gozatu zakilaren liberazioa, zelako poz elastikoz askatzen den oihalezko estalkitik, zurekin sekula ez aspertzeko itxuran. Zakil okertua, eskuinkoia zein ezkerkoia izan, hunkigarria da. Baiezka eta keinu eginez begiratzen dizuna, hazi-tanta bat askatzen duen bitartean, potxoloa. Gizon askok maite-hitzak dituzte euren zakilentzat. Pazientziaz hartu txotxolokeria hori. Ez salatu izena zeure lagunei. Zakilaren atzealdean eskrotoak dauka habia. Nabarra, tximurra eta ile mehatsez jantzia, poltsa delikatu eta sentibera honek testikuluak gordetzen ditu. Ez larritu ikusita zelan flotatzen duten testikuluek eskroto barruan, arrautza egosien pare. Testikuluen barruan hazia sortzen da. Emakumeak jaiotzetik ditu 400 arrautza obarioetan, baina gogoratu gizon osasuntsuak 400.000 milioi espermatozoide sortuko dituela bizi artean. Mirestekoa da ekin hori. II Gizonen soina erakargarria bada ere (altxor-kutxa bat dakarkigu burura, organo misteriotsuz, bide kiribilez eta hodi sendoz beterik), handik ateratzen diren adarrak estimatzekoak dira berez. Osotasuna ematen diote gizonaren gorputzari. Beharbada besoak egiten zaizkizu desiragarrien. Besoak, bizeps leun eta koskorrekin, pilota jaurtitzeko, trofeoa altxatzeko, telefonoa hartzeko, izara lisatzeko. Besoak, trizeps irmo eta malguekin, zugana luzatzeko, zu biltzeko, zu estutzeko. Adi eskumuturrei. Zain urdin eta hezur txikikoak, atsedenean dira mahai baten gainean, ahul eta sentibera, nahi eran uler ditzazun. Atzamarrak izan daitezke luze, labur, fin edo potolo, baina maitetsu eta gogor era berean. Ideala izango litzateke gizonak bost atzamar izatea esku bakoitzean. Alabaina, hatz bat edo bi falta dituen gizonak izango du behintzat gauza interesgarriren bat kontatzeko. Erne orbainez jositako eskuekin edo di-da ukabiltzeko joera dutenekin. Gizonen eskuak bero egon ohi dira. Izan ere, gizon-eskuak emakume-eskuak baino odol-jario handiagoa izaten du. Ez fidatu gizon esku-hotzarekin. Zirkulazio txarra izan dezake. Esku zurruneko gizonak ez luke izan beharko ez dentista, ez neurozirujau, ez mago. Enborraren beste muturrean hankak daude. Luzetara irten behar dute enborretik, eta simetriaz. Gizon hanka-okerrak badirudi zaldia behar duela eroso egoteko. Gizon-gorputzaren 656 muskuluetatik izterrekoak egingo zaizkizu agian erakargarrien. Gizon-izterraren zirkinak begi-alaigarri dira. Femurra gorputzeko hezurrik luzeena da, eta, haren inguruan daude sartorius-a, rectus femoris-a eta vastus externus eta internus-a. Muskuluok loreen antzekoak dira: ez dago zertan latinezko izena jakin, miresteko. Gihar handiok ondo funtzionatuz gero, beste gabezia batzuk ahaztekoak dira. Izterren behealdean belaunak daude, dotorezia eskasekoak, eta karraska eta kirrinka bitxien sortzaile sarritan. Atleta adinduek erasanda izaten dituzte. Horrek berriketa aspergarriak ekar ditzake kartilagoak direla, linimentua dela, eta belaun-lesioek hockeytik aldendutako jokalari ospetsuak direla. Belaunburu batzuek bere lekutik irteteko joera dute. Kasu horretan, gizonak nahi izango du bere lekuan sartzeko gauza izan zaitezen, konortea galdu barik. Belauneko hezurra bernazakiarekin lotuta dago; edo “tibia”-rekin, hizkera formalean. Gizon helduaren bernazakiek ez dute egon behar ez urraturik ez larruturik; jakina, ez bada lesioak haitzak eskalatuz edo ur bizietan nabigatuz egindakoak direla, edo zure oinetan belauniko, errukia, barkamena eta bigarren aukera eskatzen dizun bitartean. Orkatilek sendoak izan behar dute. Gizon orkatila-mengelek, akastxo hori hartzen dute aitzakia jarduera fisikoari ihes egiteko; esaterako, izotzetan patinatu, ilargipean paseatu, zaborrak atera eta belarra ez mozteko. Orkatilei lotuta, 90 graduko angeluan, oinak daude. Oinak, gustatzen zaizkizu edo ez zaizkizu gustatzen. Urteetako gehiegikeria eta utzikeriaren ondorioz, gizon batzuek gogorgunez, kailuz eta koskorrez beterik edukitzen dituzte. Oinak hogeita sei hezur txiki ditu, eta, gizon batzuek, denak itxuragabetuta. Behatzetako azazkalak hori eta ildaskatuta egon daitezke, mardoegi era arruntean konpontzeko. Badira gizon narratsak, hogei urtean azazkalak behar bezala moztu ez dituztenak. Behatz iletsuak izaten dituzte: bigarrena, potoloa baino luzeagoa, eta txikia, okela mondongo bihurturik, limako hil bat legetxe. Oin zatarreko gizonek ez lukete espero behar zuk igurtziak ematea, musukatzea edo miazkatzea. Oin zatarreko gizonek dirutza gastatu beharko lukete galtzerdi eta oinetakoetan, eta ez erantzi, ilunetan ez bada. III Aurrealdean hainbeste gauza interesgarri izanda, askotan, gizonaren gorputza gazbakoagoa da atzetik begiratuta. Ikusmira honetatik, garondoa dena emanda ageri zaigu. Eskumuturrak bezala, ahula eta sentibera ematen du. Hortxe dago bere indarra. Ri-rau aztertu behar dugu, gizona konturatu barik. Garondo bat, zetazko ilez estalia, liburu baterantz bildua, lanpararen biribil horitan... Bat-bateko ikustaldi horrek maite-antsiak aterako dizkie zure eztarri maitaberari eta zure bihotz harrituari. Bizkarrak ahalik eta garbien egon behar du, ileetatik libre. Bizkar iletsuko gizonei lotsagarri egiten zaie ugaritasun hori, eta barka-eskean ibiltzen dira alkandora eranzten duten bakoitzean. Bizkar ilegabeak larru fineko azal puska ederra miretsi eta aztertzeko aukera ematen du. Azal zentimetro karratu batek 3 milioi zelula ditu, 97 izerdi-guruin, 14 gantz-guruin, 10 ile, metro bat odol-hodi eta 3 milioi t’erdi mamarrotxo mikroskopiko. Azala giza gorputzeko organorik handiena da, eta gizon ertain batenak bi metro karratuko azalera hartzen du eta sei kilo inguru pisatzen du. Datu hori konprobatzeko, larrua eraitsi eta tresna egoki batez neurtu beharko litzateke. Ez da afizionatu xumeentzako operazioa, nekoso samarra baita, eta berriro bere lekuan ipintzeko probabilitate gutxikoa. Hobe fede onez sinistea, urte luzez fede onez sinistu izan duzun bezala gizasemeak indartsuagoak direla, ausartagoak, emozio gutxikoagoak, arrazionalagoak, matematikarako hobeak eta mekanikarako iaioak. Azalak leuna izan behar du, eta ahalik eta finena. Gogoratu gizonaren azala emakumearena baino sendoagoa dela, odola sendoagoa duen eran. Horrek gauza asko azaltzen ditu. Bizkar erditik goitik behera bizkarrezurra doa, hogeita sei ornorekin; handienak, hatz-koskorren neurrikoak; txikienak, ilarren parekoak. Bizkarrezurraren alde bietan latissimus dorsi-a dago, giza gorputzeko giharrik handiena. Ziurrenik hortxe igarriko dituzu zorioneko dardarak. Bizkarrezurraren behealdean zulo bi daude: irria edo musu adiskidetsua emateko gonbita. Gizon guztiei gustatzen zaie bizkarra igurztea. Jarduera hau ez da gozakaitza alde bietako batentzat ere, baina kontuan izan, behin eginez gero, beti egitea esperoko duela berak. Zerbitzu hau modu iraunkorrean eskaini aurretik, ziurtatu ordaina izango duzula astean behin gutxienez. Bizkarrak estutzera egin behar du gerrialdean. Gizon gerrigabea bizikide ona izan daiteke, baina gaitzago helduko diozu gerritik kaletik zoaztela. Gerri estuko gizonek ere txitxiak dituzte gerri bueltan, “maitasunaren heldulekuak” esaten zaienak. Erakargarriak izan daitezke beti ere, baita erabilgarriak ere, irmo heltzeko premia dagoenean. Gizon gerri-estu eta sorbalda-zabalek harrokeriarako joera nekagarria izaten dute. Nahi duzun bezala izendatu, baina gizonaren ipurdia da atzealdeko arretagunea. Kirol ekitaldi profesionalak jasangarri egiten dituen gauza bakarra-edo da. Gluteus maximus-a gorputzeko giharrik indartsuena da; errespetua zor zaio, beraz. Atzeak garau eta ileetatik guztiz libre egon behar du. Ez du izan behar ez jausia, ez irtena, ez zapala. Gizon ipurdigabeek arazoak dituzte prakei bere lekuan eusteko. Ipurdiaren neurria gorabehera, erretenak sekula ez du agertu behar praka ertzetik. Holako ikuskizun penagarria ematen du iturginak harriko hustubidea aztertzeko makurtzen denean, eta etxeko gizonek hipermerkatuetako parkinean, erosketak automobilean sartzean. Egia esateko, gizon gehienak hobeto daude jantzita. Hori ez da sexu honen bereizgarria. Emakume askori ere berdin gertatzen zaie; eurak konturatu egiten dira ordea, eta gizonak ez. IV Gizon-gorputzaren tontorra, Gabon-pinua dotoretzeko izarra edo kanpandorreari errematea jartzen dion gurutzea, burua da, zalantza barik. Badira gorputzarekin harmonian ez dauden buruak. Badira gizontxo meheak, gazta galantaren jabe direnak. Badira gizonkote gihartsuak, burutxo dardaratiaren jabe direnak. Badira gorputz eder eta buru zatarreko gizonak, eta alderantziz. Diskordantzia honek dakartzan arazoak estetikoak dira gehienbat. Buruaren oinarrizko pieza burezurra da; hogeita bi hezur ditu guztira, handiak eta txikiak. Hauen arteko lotuneak ez du izan behar ez koskorrik ez pitzaturik. Hau garrantzitsua da burusoilen kasuan, eta ilea zeroan mozteko gogoari aurre egiten ez dakitenen kasuan. Buruan, badira gauza interesgarriak baina arazo-iturri izan daitezkeenak. Begiak, esaterako; distiratsu eta beroak izan behar dute, promesaz eta gizontasunez beteak. Gizon-begi batzuek txinpartak jaurtitzen dituzte. Lasaitzeko, pentsatu hildakoan begi guztiak aldatzen direla kolorez, eta marroi berdexka hil jartzen direla. Gizon-belarri batzuek kizkur beltz errebeldeak dituzte agerian. Pentsatzekoa da horregatik ez dituela hark entzuten zuk esandakoen erdiak, belarriak ilez beteta dauzkalako. Egia esateko, gizonaren belarria ez da emakumearena bezain zolia. Horregatik ez omen du inoiz entzuten telefonoa, ez zakurraren zaunkak, ez umearen negarrak gauez. Sudurrak ez du izan behar hain handia, lehenengo zitan zirujau plastiko on baten izena eman behar izateko. Ez da izango ez gorria, ez patatatsua, ez puntu beltzez josia, ez hamazazpi hausturak itxuragabetua. Ezaugarriotako bat edo gehiago dituen sudurra sudur baten parodia da, barregarria beraz. Sudurrak behar bezala funtzionatuko du, txitean-pitean espraia erabiltzeko edo zapiarekin turuta jotzen ibiltzeko premiarik gabe. Isila ere izan behar du, oharkabean pasatu. Antojugarria da sudurra txistuka dabilkion gizon batekin egotea gela berean. Gizon zurrungariei lehenbailehen jakinarazi beharko litzaieke egun badirela teknika kirurgikoak anomalia hori zuzentzeko. Sudurraren azpian ahoa dago, ekintzagune interesgarria. Txu ekoizpenak kontrolpean egon behar du noiznahi. Adurra darien edo letaginetik txua jaurtitzen duten gizonak ez dira itxurazkoak. Ezpainek leun eta mamitsu izan behar dute; ez arrakalarik, ez azaltxorik altxatuta. Ez da ezinbestekoa hortzak perlak bezain zuri eta perfektuak izatea, baina denek egon behar dute, edo aurrekoek behintzat bai. Mihiak zalua izan behar du, eta ez oso handia. Nekagarria litzateke alde batetik bestera astinka ikustea, bere kasa mugituz bezala. Ez begiratu sekula gizon baten mihipean; emakumeetan legez, higuingarria da. Mihiaren euskarria hioide hezurra da. Ferra itxura du, eta hezur bakarra da beste hezur bat ukitzen ez duena. Estrangulazio kasuetan, hioidea hautsi edo zapaldu egiten da, eta horrek froga baliagarriak ematen ditu hilketa ikerketetan. Zergatik den gizon-buru bat erakargarri eta beste bat ez, oraindik ez dago argi. Ez da aurpegiera eta hazpegien antolamenduagatik bakarrik. Zergatik jartzen zaitu belaun-ikaran jendez betetako gela baten beste puntatik irri egiten dizun gizonaren itxurak, eta haren ondoan dagoenaren begiratuak, guztiz itxurosoa izan arren, zergatik uzten zaitu hotz; bizitzako misterioetako bat da hori, Stonhenge, Bermudetako Triangelua eta Amelia Earharten desagerpena bezala. Gauza bera esan daiteke gizonaren burmuinaz. Bihotza bezala, misteriotsua izan daiteke, asaldagarria, gogaikarria eta ulertezina guztiz. Gizon-gorputzaren kanpoaldeko ezaugarriak zehatz-mehatz aztertu eta gero, burmuinari ekin beharko diozu nahitaez. Ezin zara ibili luzatu eta luzatu. Gizonaren burmuina, emakumearena bezala, ez dirudi gauza handia denik. Ore distiratsu eta uhintsua da; materia gris argia, arteria gorriz eta zain urdinez marratua. Burmuina hiru bider handiago egiten da jaiotzatik heldutasunerako tartean. Gizon ertainaren garuna ukabil biren neurrikoa da; kilo t’erdi eskas. Inoiz pisatutako burmuinik astunena hiru kilokoa zen, eta hogeita hamar urteko gizon batena zen. Arinena, kilo batekoa zen, eta hogeita hamaika urteko emakume batena zen. Gizon batek datu hori azpimarratzen badizu, gogorarazi egiozu burmuinaren neurria eta adimena ez daudela loturik. Esaiozu, gizon-garunak %10 gehiago pisatzen duela bai, baina emakumearenak %11 neurona gehiago dituela. Pentsatzean, gizonaren burmuinak odol gutxiago hartzen du emakumearenak baino. Dena dela, gizon askok ez dute burmuinarekin pentsatzen. Giza burmuinaren ahalmena adierazteko 1 zenbakia eta atzetik 6,5 milioi zero ipintzen da. Hain da zenbaki luzea, Lurraren eta Ilargiaren arteko distantzia hamahiru bider pasa beteko luke. Burmuinak nerbio-terminalik ez duenez, erre dezakezu, izoztu, astindu eta ebaki, hark ezer sumatu barik. Egunean 30.000-50.000 neurona hiltzen dira, eta ez dira birsortzen. Beste neuronek jan eta digeritzen dituzte. Adinarekin, gizonaren burmuina emakumearena baino bi-hiru bider azkarrago hondatzen da. Oraintsu jakin da hori, baina datuak ez du inor ezustean harrapatu. Zoritxarrez, ezin da ezer jakin gizonaren burmuinaz haren gorputzari begiratuta. Gizonen gorputzei adi begiratzen diezunean, gogora ezazu ikusten duzunak ez duela zerikusirik daramazunarekin. Burmuinak seinaleak igortzen ditu hil eta hogeita hamasei ordura ere. Burmuineko uhinak, hil ostekoak izan zein ez, haizearen modukoak dira: ez dituzu ikusten, haren eraginak baino ez dituzu nabaritzen. Pentsatu brisa bero batek garondoko ilea laztantzen dizula basa-lore usaintsuko zelai batean. Gero pentsatu tornado batek bihotz barruko guztia zurrupatzen dizula, txiki-txiki egin, eta zatikiak edonora barreiatu. Burmuineko uhinak elektrizitate modu bat dira. Pentsatu gela eroso bat ilunkeran, lanpara baten argi-biribil horia, musika suabea airean. Eta gero pentsatu atzamarra sartzen duzula entxufean.
|
Iruzkinak
Patxi 2006-10-07 22:11 #1
Oso gustora gainera.
Utzi iruzkina: