SOIN HEZIKETAREN ALDE KORRIKA
NORA OLABIDE LARRAÑAGA eta ARANTZAZU URIA IRURETAGOIENA (SOHAT-eko kideak)
Igande honetako 43. Behobia-Donostia lasterketa jende askoren ahotan dabilen gaia da azken egunetan. Izan ere, 14.500 korrikalarik izen eman omen dute urtero urtero festa giroan ospatzen den ekitaldi honetan.
Maratoi erdi honetan horrenbeste pertsonek izen emateak, erdiak gipuzkoarrak, herri honetan kirol zaletasuna edo kultura badagoela argi erakusten du. Lasterketako web orrialde ofizialean aurkitu dezakegun “aurkezpenean” ere aipatzen den moduan:”Behobia-Donostia lasterketa bat baino gehiago da. Behobia-Donostia batez ere sentimendu bat da. Urte askotan zu bezalako milaka lasterkariren ilusio, sentsazio eta esfortzuek sortutako sentimendua eta, beste gutxik bezala, kirola ulertzen, gozatzen eta maitatzen duen herri baten harrerak eta jarrerak sortutako sentimendua.”
Herrialde ezberdinetan jarduera fisiko eta kirol ohitura osasungarri eta egokiak finkatzeko orduan, hau da ariketa fisikoaren inguruko kultura sortzeko orduan, Soin Heziketa eragile adierazgarrienen artean daukagu.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposatutako Euskal Curriculum Dekretu berrian, Soin Heziketa arloa %40 murriztu dute, nahiz eta murrizketa honen aurka hainbat gizarte eta hezkuntza arloko erakunderen kontrako iritziak jaso. Aurrerantzean Lehen Hezkuntzako ikasleek astean ordu eta erdi, eta Bigarren Hezkuntzakoek lehenengo hiru ikasturteetan bi ordu eta laugarrenean bat soilik izango dituzte Dekretu curriculum berriak berak, ikasleen oinarrizko gaitasunen garapenean Soin Heziketari egokitzen dizkion helburu guztiak lortzeko (taldean bizitzen ikasteko arauen onarpena, lehia, opozizioa, lankidetza, elkartasuna, integrazioa, errespetua, garapen integrala…etb luze bat).
Behobia-Donostia lasterketara horrenbeste korrikalari ekartzen dituen Frantziar estatuak adibidez, astean gutxienezko 3 ordu ditu ezarrita bere hezkuntza sisteman. Eta gure hezkuntza sisteman…gutxienekoa ordu eta erdi.
ORDU MURRIZKETA HONEK EZ AL DU GURE KIROL KULTURAN ERAGINIK IZANGO? OHITURA EDO KULTURA HORI TRANSMITITZEAZ NOR ARDURATUKO DA?
Zorionez, Fortuna Kirol Elkartea bezalako taldeek, erakunde publikoek edo Hezkuntza Sailak ez bezala, igandekoa bezalako kirol festak antolatzean eta bertan gazteen partehartzea bultzatzean, bizitza osasuntsu eta ariketa fisikoaren garrantzia indartzeko eta zabaltzeko ahalegina egiten dute. Soin Hezkuntzako orduak murrizteko harturiko erabakia aldiz, guztiz kontrako norantzan doa.
Hezkuntza Sailak, berriro ere gizartearen benetako beharrei begiratzea ahaztu du. Beste arlo batzuetan antzemandako gabeziei erantzuteko, beharrezkoak diren baliabide pertsonal eta materialetan inbertitu beharrean, Soin Hezkuntzari kendu dizkio orduak. Erabaki honekin gure seme-alaben garapenean berebiziko garrantzia duen arloan, hutsune nabariak sortuko dituelarik. Arlo batzuk indartzeko bide bakarra besteei garrantzia kentzea dela erabakitzea (ordu minimoetan murrizketa eginez), ez da Gure Hezkuntza Sistemaren kalitatea hobetzeko modurik onena. Horrelako azaleko erabakiekin lortzen dugu europa mailan Hezkuntzan gutxien inbertitzen duten herrialdeen artean mantentzea!
Fortuna Kirol Elkartearen laguntzaz, Behobia-Donostiako kirol festa handian SOHAT-ek (Soin Hezkuntzaren aldeko taldea) Hezkuntza sailak harturiko neurri honen aurrean desadostasuna adierazteko korrika eginez parte hartuko du, sinadurak biltzeko jarriko ditugun mahaietan herritarrei beraien desadostasuna adierazteko aukera ere emanez.
Zuk ere Donostian izango duzu kezka eta desadostasuna adierazteko aukera, hurbildu guregana eta sinatu!!!!!
Denon artean , gaur egungo gizartearen joera ikusiaz, horrelako kontraesana suposatzen duen erabaki hau hartu dutenek begiak irekitzea lortuko dugu!!!!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: