Pic de la Touatère (2.530m)
Esker oneko menditzat daukat Touatère. Nahi gabe-edo ezagutu nuen eta elur hautsezko malda garbiak eskaini zizkidan. Bigarren aldiz egin diot bisita eta ordain bera. Bietan izan dut eguraldi ona (bigarrenean hotzak kantinplorako tutua izoztu zidan arren), baita konpainia ona ere; horrenbestez, Touatère errepikagarrien zerrendan sartu dut.
Kokapena: Hautes Pyrénées, Pays Toy, Luz-Saint Sauveur, Bareges.
Nondik abiatu: Tourmalet estazioko Tournaboup parkingetik (1.456 m).
Desnibela: 1.084 m.
Zailtasuna: Erraza.
Elurrolde arriskua: kontuz Coubous haran osoan (ezker-eskuin) eta Coubous presaren azpian.
Ordutegia: igotzeko 3 ordu, jaisteko 1:30, ggb.
Orientazioa: I, IM.
Luzapenak, aldaerak: ibilbidea luzatu nahi izanez gero, Pic Tracensera (2.551m) ere igo daiteke.
Gailurreko ikusmira: Midi Bigorre eta Pène Blanque iparrean; Madamète eta Néouvielle hegoan. Crampettes eta Lurtet mendebaldean. Urrutira, Vignemale eta Tapou.
Mapa: Gavarnie – Luz-Saint-Sauveur (IGN Top25-1748OT, 1:25.000), Bigorre (IGN carte nº4, 1:50.000)
IGOERA:
Tournaboupeko parkingetik joan hegoalderantz, Coubous erreka ertzetik, haran luze eta malda txikikoan. Pountou bidegurutzean eskuineko malda gogorrean gora joan Z-k eginez, Coubous lakura iritsi arte; ezkerrean dago Touatère malkartsua, ia goraino pinuz jantzita eta zure arrastoaren zain. Presa gurutzatu eta igo mendiaren ezkerraldetik, Z-k eginez, pinudia lagun. Pinuditik ateratzean ez zaizu asko faltako gailurrera iristeko, gailurreriako harkaitzek gidatuko zaituzte.
Gailurra erosoa da, eta haizearen eta elur-baldintzen baimenarekin, merezi du egonaldi luzea egitea, Nèouvielle menditzarrari so, eguzki izpien epeltasunean.
JAITSIERA:
Earra! Gailurretik metro batzuk jaitsi eta beherago elkartuko diren 2 bideetako bat aukeratu beharko duzu: eskuinetik (igoerako ibilbidea) pinu artetik edo tutu maldatsu batetik jaitsiko zara, zuzen-zuzenean lakura; ezkerretik, berriz, malda etzanagoetan behera iritsiko zara lakura jaisten den palara.
Igoerako ibilbidea erabili lakutik behera jaisteko. Parkingera iritsi aurreko azken metroak estazioko pistan egingo dituzu.
IBILBIDE GEHIAGO, urrutira joan gabe: Madamète, Néouvielle, Midi Bigorre, Pic Tracens, Pène Blanque, Pic de Bergons, Mont Agut, Pic d’Ardiden, Pic de Lary, Pic de St. Andre, Pic Entre Les Portes, Le Taillon, Piméné, Vignemale, Tapou, Le Pourteillou, Pène det Pouri, Soum de Lascours…
Bestelako gomendioak:
- Txokolate bikaina Luzeko La Terrasse kafetegian.
- Euskaldunen artean aizpurutxoak erretzeko, Café du Centre.
- Eguraldi txarrarekin, Luzeko termak edo Lourdeseko igerilekua edo amabirjina.
- Lo egiteko, Luzen aukera mordoa: furgonetentzako aparkalekuak, mobil-homeak, aterpeak, gite-ak, apartamentuak, hotelak…
Iruzkinak
yer bro 2006-03-22 14:22 #1
<p>Etxaukok itxura txarrik!</p>
<p>Datorren asteburu hontan gustora eiteko morukue, baina gidari lanak ein bieko justak. </p>
<p>Blog-a be etxak bape txarto, segiik holan!</p>
<p>Eongoatxik</p>
Utzi iruzkina: