Scientific Notebook
Scientific Notebook testu zientifikoak erraz idazteko eta aldi berean kalkuluak egiteko balio duen programa informatiko bat dugu. Testu arrunta, formulak, adierazpen matematikoak eta hauekin egindako eragiketen emaitzak era naturalean elkartzen dira, paperean edo arbelean egiten dugun bezala. Bi tresna biltzen dituela esan daiteke: testu zientifikoen editorea eta zenbakizko kalkulurako eta kalkulu sinbolikorako sistema bat. Eragiketa matematikoak egiteko ez dago programazio hizkuntza berezirik ikasi beharrik, saguaren klik batzuk nahikoak dira. Windows pean dabiltzan beste programen antzekoa denez, haiekin ohitutakoak erraz erabiliko du honako hau ere.
Programaren ebaluazio bertsioa 'www.mackichan.com' helbidetik jaitsi daiteke, eta instalatu eta erregistratu ondoren 30 egunetan bere osotasunean erabil daiteke ezer ordaindu gabe. Egun horiek pasatu ondoren aukera gehienak desgaitu egiten zaizkio, baina programarekin sortutako dokumentu guztiak ikusteko baliagarria izaten jarraitzen du. Horrela xemeikorik gastatu gabe programa ebalua dezakegu eta ikusi erostea komeni zaigun ala ez.
Programa ingelesez dagoenez, kalkuluen emaitzen ondoan agertzen diren hitzak edo testu laburrak hizkuntza horretan daude, baina testu-prozesadore baliabideak erabil daitezke horiek euskaratzeko eta gure idazkira egokitzeko. Kalkuluak egiteko erabiltzen duen motorra Mupad-en nukleoa da. Mupad (www.mupad.com), berez, kalkulurako erabiltzen den programa bat da, Mathematica, Maple, ... bezalakoak.
Zenbait ondorio
Gaien irakaskuntza prozesuaz kezkatuta gure irakas-jarduera hobetu eta eraginkortasun handiagoa lortuko duten tresna berriak bilatzen ibiltzen gara irakasleok. Kalkulu astunak eta erroreak saihestuz gero, aukera handiagoa dugu edukiak modu erakargarriagoan aurkezteko eta ikasleei kontzeptuak hobeto ulertarazteko, eta horrenbestez, aipatutako eraginkortasuna lortzeko. Teknologia berrien eskutik datorkigu laguntza; izan ere, badugu matematika arloko informatika-programa bat, Scientific Notebook, gure zereginetarako oso baliagarria izan daitekeena.
Programa oso erraza denez, eta idazkera ohiko azalpenetan erabiltzen duguna bezalakoa denez, neurri batean arbelaren ordez erabil dezakegu, baldin eta ikasgelan proiekzio tresneria egokia baldin badago. Kasu horretan, programak duen kalkulurako ahalmenaz balia gaitezke azalpenak osatzeko, eta ondoren, azalpen horiek gorde hurrengo batean berriz ikusteko, editatzeko edo inprimatzeko.
Programa hau irakasleentzat ez ezik ikasleentzat ere egokia izan daiteke. Ikasleak, irakaslearen laguntza txiki batekin, lehenengo egunetik has daitezke matematika lantzen, ez baitago programazio hizkuntza bat ikasi beharrik. Batxilergoan eta Unibertsitateko hainbat zientzia ikasketetan matematikarekin zerikusia duten gaiak landu daitezke: algebra, analisia, estatistika, programazio lineala, e.a. Matematikarekin esperimentatu nahi duen ikaslearentzat Scientific Notebook-ek laboratorio bat eskaintzen du, intuizioa garatzeko eta problema interesgarriak eta errealak ebazteko erabil daitekeena. Idazlan garbiak eta ondo idatziak sortzeko ere baliagarria izan daiteke.
Baina ez pentsa denak abantailak direnik, baditu bere akatsak. Bi aipatuko ditut: lehena, Windows pean dabiltzan ordenagailuentzat bakarrik balio du, Mac edo Linux pean ezinda erabili; bigarrena hedagarritasuna izan daiteke. Mathematica, Maple edo Mupad bera programagarriak diren bitartean, Scientific Notebook ez da. Programen egileak berak hasieran pentsatu ez duen hainbat kalkulu edo eragiketa egiteko erabil daitezke aipatutako programa horiek. Scientific Notebooke-k egin ahal ditzakeen kalkuluak eta eragiketak zehaztuta daude. Desberdintasun honen garrantzia norberak neurtu beharko du beharren arabera.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: