Software Librea, askatasunaren paradigma

sarezabalean 1456152656460 sare zabalean | 2006-03-20 08:04

Azkenaldian gogotsu ari naiz askeago egingo gaituen teknologia bati jarraipena eginaz, software librea hain zuzen ere. Jarraipen hau, nire baitan noizbait martxan jartzeko helburuz egiten ari naiz, baina bi traba haundi aurkitzen ditut helburua lortzeko prozesuan.

1.- Software librearen paradigma Linux sistema eragilean dago. Sistema eragile hau martxan jarri eta erabat egoki funtzionatzeak hainbat ezagutza eskatzen ditu. Nolabait ezagutza horiek nereganatu nahian ari naiz, baina hainbat zailtasunekin topo egiten ari naiz bidean. Lortu nahi dugun orok esfortzu bat suposatzen du, baina jakin badakit badirela milaka pertsona prozesu horretan sartu beharrean bere windows-arekin jarraituko dutenak. Ikusi dudanez izugarrizko ahaleginak egiten ari dira Linux sistema ni bezalako ezjakinei gerturatzeko, animo denoi! Horixe bera behar dugu eta!

2.- Beste traba bat software ezberdinen arteko integrazioan aurkitu dut. Ordenagailua, batez ere, lanerako erabiltzen dut eta nahiz eta OpenOffice-ekin lan egin batzutan, beti ere nire ordenagailutik irtengo ez diren dokumentuetarako erabiltzen dut. Integrazioa ez da erabatekoa, eta batez ere Calc eta Excel-en artean oraindik ere lan apur bat gelditzen da.

Beraz, nire kasuak balio badu behintzat, bi arlotan lan egitea proposatuko nuke, erraztasuna eta integrazioa.

Hori bai, hauek gaindituz gero, beste mundu bat izango litzateke hau. Edozeinek hobetu ahalko luke softwarea eta hobekuntzak gizarte osoaren zerbitzura jarri. Hau bai dela aurrerapena, eta ez gaur eguneko dependentzia.

Lerro hauetatik, Software Librean lanean ari diren pertsonak zoriondu, eskertu eta animatu nahi ditut. Kultura eta tresna hauek denon eskuetara jartzeko ahaleginak merezi du, dexente askeago egingo gaitu eta!


Utzi iruzkina: