Mugak gaindituaz
Aurretik ere hitzegindakoak gara ikerketan, berrikuntzan eta orohar, ezagutza berrien bilaketa eta sorreran pertsona bakoitzak duen erantzunkizunari buruz. Hausnarketa honekin ikerketa eta berrikuntza zentru teknologikoen, unibertsitateen eta enpresa handien esku bakarrik ez dagoela erakutsi nahi nuen nolabait. Mugak gainditu beharra dauka gizakiak, eta muga hauen deuseztea gutxi batzuen esku dagoela pentsatzea egoki ez dela sinisten dut. Pertsona bakoitzak, bere indibidualtasunean, soberan gaitasun dauka lan horretan haritzeko eta erantzunkizuna bereganatzeko.
Baina zoritxarrez, oraindik ere muga berriekin aurkitzen gara. Azken adibidea, Administrazio Publiko batek Ikerketa eta Berrikuntza proiektuak aurrera eramateko argitaratutako laguntzetan aurkitu dut. Laguntza hauek 6 eta 100 pertsona bitarteko enpresei zuzenduta daude. Badirudi pertsona kopurua muga bat dela. Badirudi 6 pertsona baino gutxiagoko enpresek ezin dezaketela ikertu eta berritu, edo beraien ikerketa eta berrikuntzendako laguntzarik ez dutela merezi. Barkatu baina ez nago ados.
Ezagutzen ditut hainbat enpresa eta pertsona, kopuru mugatzaile horretatik at daudenak eta izugarrizko esfortzuak egiten dituztenak etengabe berritu ahal izateko. Norbaitek sinistuko ez balu, mesedez, jarri nerekin kontaktuan eta saiatuko gara hainbat kasu erakusten. Enpresa hauetako estrategia lankidetzan oinarritzen da. Hau da, proiektua buruan izan eta norbere kabuz aurrera eraman beharrean faltan ikusten dituzten ahalmen eta baliabideak beste pertsona, talde edo enpresetan bilatzen dituzte. Hauekin elkartu eta proiektua elkarrekin eramaten dute aurrera. Azkenean, agian 50 edo 100 pertsona ari dira proiektuan lanean, proiektua aurrera eramateko helburua barneratuaz eta talde bakarra izango balira bezala funtzionatuaz. Ez dituzte beharrezko ahalmenak enpresa (erakunde juridiko moduan kontsideratuaz, noski) bertan barneratzen. Etengabe ari dira “enpresa” berriak sortzen, proiektu eta helburu bati zuzendutako “enpresa” berriak sortzen. Beraien ahalmena erabat ixten den 100 langiletako enpresa batena baino handiagoa dela sinisten dut. Beraien ahalmena munduan zehar dauden enpresen ahalmena da, ez da gutxi ezta?
Nik horrelako enpresa batean lan egiten dut. Eta gure gaitasun eta ahalmenetan erabat sinisten dut, nahiz eta 3 pertsona bakarrik izan. Orain momentuan 5 proiektu berritzailetan parte hartzen duten 3 pertsona. Baina proiektu horietako partaide guztiak zenbatuaz gero 50 pertsonatik gora egongo ginateke (ez ditut zenbatu eta ez ditut zenbatuko, gure ustez proiektuen arrakastarako beharrezkoak direnak bait daude, ez gehiago, ez gutxiago)
Beraz, hausnarketarako beste puntu bat, ikerketa eta berrikuntza, enpresen langileen arabera edo proiektuaren kalitate eta bere emaitzen erabilgarritasunaren arabera bultzatu beharko lirateke?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: