Laugarren printzipioa: Zientzia eta Teknologiaren erabilgarritasuna
Heldu da dagoeneko zientzia eta teknologiak oinarritzat izan beharko luketen laugarren printzipio bat (beti ere, noski, nire eritziz, ziur bait nago norbaitek dudatan jartzerik izango duela...)
- Zientzia eta teknologia gizartearen beharretara oinarritu behar lirateke, ez gizartea zientzia eta teknologiaren emaitzetara.
Azkenengo boladan, ikertu ala hil lemapean, hainbat ikerketa eta horien emaitzak ikusi ostean, nire buruari benetan txoratu garen galdetzen diot.
Asetuta nago ikerketa eta berrikuntza gure salbatzaileak izando direla entzuten, eta hori oinarritzat hartuaz, ikerketa bera helburu izanez, hainbat esfortzu egiten direla ikusten.
Ikerketa, ezagutza berriak sortzeko prozesua dela kontutan harturik, ezagutza horrek gaur egungo edo etorkizuneko arazoak ekiditeko balio ez badu, ikerketa berak balio mugatua izango du (baliorik eza ez esatearren...). Hori bai, ikerketa talde bat mantentzeko bide bat izango da, eta hori nahikoa lorpen da batzuentzat.
Bitartean, benetan baliogarri izango den zerbait ikertzen ari direnak, ikerketa bertan behera utzi edo kanpora begiratu beharra daukate, etxean ez bait ditugu merezi bezala zaintzen.
Hau dena gaur goizean irratian ikerketa baten emaitzak entzutean bururatu zait. Ikerketa honen ondorioek pertsonen dantzateko grina edo zaletasuna bi generen menpe dagoela diote. Pertsonalki, ez dit ezer esaten, eta ez dut ulertzen mundu hobe bati begira izan dezakeen garrantzia.
Ikerketa baten baliogarritasuna bere ondorioen menpe dagoela iruditzen zait, ez ikertze hutsaren menpe, urte bukaeran ikerketaren inbertsioa % 10,345261 igo dela esateko. Inbertsioa bera baino, lortutako emaitzak dira garrantzitsuagoak, eta hemen, dexente nota txarra daukagu, mundua nola dagoen ikusita...
Beraz, neurri bakarra ikerketaren ondorioetan dago. Merezi duen edo ez duen merezi, hau da, gizartearen beharretara oinarritzen den edo ez. Beste guztia, komenigarritasun pertsonalaren baitan dagoela iruditzen zait.
Gure leloari jarraituta....Zientzia eta teknologia, zertarako askeago ez bagaituzte egiten?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: