1972. Lehenak
“Auzotarren diruarekin egin genuen”
6 bat laguneko koadrila hasi zen Sanjuandegiko udaberri jaiak antolatzen. Ramon Pozo, Nerea Beltran eta Filo Perez-en eskutik jaso ditugu hasierako urteetako lekukotasunak.
<SFB>Sanjuandegi, orduan, auzo zabala bazen ere, taberna bakarra zuen. Txoko taberna hain zuzen. Bertan elkartzen ziren auzoko gazte koadrilak eta ez hain gazteak ere. Egunetan txantxetan ibili ondoren, beste auzoetako jaiez hitz egin eta “gureak ez zuen festarik ospatzen”. Jai eta parranda egiteko parada egokia zen horrelakoa antolatzea. Dudarik gabe eta gogoz beteriko koadrila bat elkartuz ideiak bildu eta zerbait egiteko prestatzen hasi ziren.
Auzoko tabernatik eta dendetatik lortu zuten dirua. Nahikoa ez zen. Beraz auzotarren etxeetatik eskean ibili ziren. “Atez ate diru zorroarekin” elizan egiten den moduan. Diru pixka bildu eta jai xume baina politak antolatzeko aukera zegoen.
Pandero eta trikitia erakargarri
Beste munduko gauza ez zegoen egiterik. Umeentzako ohiko jolasak: zaku karrerak, aulki jokoak, txanpona eta irina... “Gaua, helduentzako prestatuta”. Burdinbidearen alboak aulkiak kokatu eta trikiti-panderoekin zelako jaia egin zena. “Jendea arrapaladan etorri zen” , goizeko ordu txikiak arte iraun zuen festa giroa, dantza eta dantza artean. “Ez genuen espero horrelako arrakastarik”, ez bakarrik azpeitiarrak, gertuko herrietakoak ere etorri ziren. Izugarrizko oihartzuna izan zuten jaiak. “Beste garai batzuk ziren”.
Urtez urte, “hobetzen joan dira” argi dago dirua ugariagoa dela eta “garai bateko jendearentzat oraindik ere jai politak dira”. Inplikazio gehiago eta aukera zabalagoa azpimarratzen dute 1972ko antolatzaileak gaur eguneko jaiez hitz egiterakoan. “Gazteek aukera asko dute orain” eta hori ote da parte hartzearen beherakada. Hala ere, “jaiak galtzea” pena litzatekeela diote.
“Ez dago ezer aldatu beharrik”
Urteen poderioz gauza asko lortu direla esaten ausartu dira Pozo, Beltran eta Perez. “Ez dago ezer aldatzeko” beste auzoekin alderatuz oso jai indartsuak dira. “Arro sentitzeko aukera dugu”.
Urte askotan aurrera jarraitzea opa diete udaberri jaiei Nerea Beltran, Ramon Pozo eta Filo Perez-ek.
2009.urtean idatzia, 1972.urteko festa batzordea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: