Gorka Ovejero: hotza baino gehiago beroa sentitu genuen Iruñean eta Madrilen
Astelehenean Espainiako Auzitegi nazionalean auzipetu zituzten Mugitu! Mugimenduko Gorka Ovejero arruazuarra, Julio Villanueva, Ibon Garcia eta Mikel Alvarez tartalariak. Hona hemen Guaixe aldizkarian egindako elkarrizketa bat Gorkarekin:
Egun intentsoa astelehenekoa, ez?
Bai, epaiketa eguna intentsoa izan zen eta aurrekoak ere, larunbateko Iruñeko manifestazioa barne.
Hotz handia zegoen manifestazioan, baina jende askoren babesa izan zenuten.
Bai, hotza baino gehiago beroa sentitu genuen bai jendeak manifestazioan, mezuen bidez edo deika emandako babesarengatik eta Madrileraino bertaratu ziren lagun eta kide guztien laguntzarekin. Oso pozik eta gustura.
Hortaz, indartsu Madrilera!
Bai, larunbatean manifestazioa poliki atera zen. Jende asko eta elkartasun adierazpen pilo bat egon ziren. Eta Madrilen bertako madrildarren Ecologistas en acción eta bertako ezkertiarrekin bildu ginen. Laguntza handia izan dugu.
Audientzia Nazionalera sartuko gara. Mugitu! mugimenduko 3 kide auzipetuta Yolanda Barcinari tartak botatzeagatik eta beste bat prentsaurrekoa emateagatik. Zuretzako 9 urteko espetxe zigorra eskaera eta besteendako 6 urtekoa. Jende asko harrituta utzi zuen zuen defentsa ildoak.
Mugitu! mugimendutik ez da ukatu ekintza egiletza. Gainera legitimoa eta bidezkoa zela aipatu dugu. Orain esatea bertan ez ginela izan… Baina instrukzioaldia eta zein probak aurkezten zituzten ikusita, beste behin ere epaiketa fartsa baten aurrean geundela argi genuen eta orduan gure neurriak hartu genituen. Ez fiskalak ez akusazio partikularrak ez dute benetan ikerketa sendo eta sakon bat egin. Epaiketa batetara ezin zara joan, foruzaingoek esaten zuen bezala, “Gorka eta Julio aspalditik ezagutzen ditugu eta ezagutu genituen”. Ez dituzte proba antropometrikoak egin, ez errekonozimendu saio bat egin. Gainera, Tolosan egon ziren lekukoetako bat ere ez zuten galdekatu, Barcina eta bere eskoltak izan ezik. Baina Barcinak ez gintuen ikusi eta eskolta bat kanpoan zegoen eta bestea berehala Barcinarengana joan zen, bideoan argi ikusi daitekeenez, inori begiratu gabe. Hori guztia ikusita gure defentsa ildo bat izan zen gertatutakoaren egiletza ukatzea.
Dena den, gure benetako arrazoi sendoak beste batzuk izan ziren. Dagoeneko Tolosan ikertua eta itxia dago auzia, eta, hortaz, Espainiak gu epaitzeko erabili duen botere judizialeko lege organikoa urratu du. Zeren lege horretan esaten da, argi eta garbi, soilik Auzitegi Nazionalak kasu baten ikerketa har dezakeela baldin eta ikerketa hori ez bada egindako tokian egiten, kasu honetan Frantzian. Eta kasu honetan auzia Frantzian ikertu, pertsegitu eta itxi zen. Hortaz, benetan lege urraketa egon da.
Defentsa ildo ausarta.
Beno, genuen bakarra. Bestea zen gu izan ginela esatea, desobedientzia ez dela delitua aldarrikatzea eta tartalariak aurrera! Esatea. Baina horrekin zuzenean kadaltsora joango ginateke.
Barcina bera ere harritu zenuten defentsa ildo horrekin.
Bai (kar kar) bera jokoz kanpo geratu zen horrekin. Besterik gabe esango dugu fiskalaren alferkeria eta soberbia ikusita erabili genuen ildo bat besterik ez zela izan guk erabilitakoa.
Orain zer?
15 egunetik aurrera epaia atera daiteke. Hiru aste, hilabete bat… ez dugu uste askoz ere gehiago luzatuko denik. Ez gaude oso baikor. Azkenean bakoitzak bere lana egin zuen. Gure defentsak argi eta garbi esan zuen proba gutxi daudela edo bat ere ez sendoa, gertaera hauek jada epaituak izan direla eta aplikatzen duten legea urratu egin dutela, lege hori aplikatzeko baldintzak bete ez zirelako. Baina fiskalak garbi esan zuen Barcina Tolosan Espainiaren ordezkaria zela une horretan eta guk Espainiako instituzioen kontra jo genuela. Horregatik zaila ikusten dugu Madril batean gu absolbitzea, ezer gabe joatea.
Fiskaltzak 5 urteko espetxe zigor eskaera mantendu zuen baina Barcinak, akusazio partikular gisa, bere eskaera jaitsi zuen.
Epaiketa hau… ikusten da zer maila dagoen. Madrilera zoaz, kristoren eskaerak daude, uste duzu jendeak maila bat duela, baina Barcinaren abokatuak esaten zuen: “nik Ovejerori ez, baina beste hirurei 5 urtera jaitsi nahi diet eskaera, ahal baldin bada…” eta epaiketako presidenteari begiratzen zion, Grande-Marlascari. “Ez dakit posiblea ote den… Bestela mantenduko dut. Eta Gorkari 9 urtetik 6 urte eta 3 hilabetera jaitsiko genioke ahal baldin bada…”. Marlascak esan zion baietz, ahal zuela. Halako gauzak. Fiskalak nire izena beharrean Mikel Alvarezena etengabe erabiltzen zuen, edo ni trajea jantzita bueltatu nintzela esan zuen, aldatu gabe, eta hori gezurra da. Ze proga gutxi, ze ikerketa eskasa, zein maila juridiko eskasa erabili duten… Hori da gehien harritu gintuena.
Eta bitartean AHTko lanak aurrera.
Nafarroan Abiadura Handiko Trena egiteko lanak badabiltza, baina egitekotan 60 km eginen dituzte, inolako loturarik gabe. Euskal Autonomia Erkidegoan lanak egiteko helburua 2018 urtea zuten baina 2022ra atzeratzen ari dira. Izugarria da. Ecologistas en Accion taldeko Paco Segurak esan zuen modura, 2012 urtera arte Espainiar estatuan AVE-n edo AHT-n 47.000 milioi euro gastatu dituzte. Hori brutala da, eta oraindik gastu hori handitu nahi dute eta gero hori mantendu behar da. Guk uste dugu hau mantentzea ezinezkoa dela eta alde batetik edo bestetik apurtuko dela.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: