Euskal Y-a eta Iruñea-Castejon AHT zatiak loturarik gabeko uharteak, baita ere hiriburuko sarbideak
Beria egunkarian gaur kriston erreportaje polita dator, Euskal Herrian egin nahi duten AHTa eta bere geltokiak nola lotu nahi dituzte: Geltokietan ere, uhartedia. Hemen Nafarroako zatia eskaintzen dizuegu. Osoa irakurtzeko Berrira!.
Abiadura handiko tren (AHT) proiektuaren distiraren sinbolo ziren geltoki proiektuak duela gutxira arte. Egitasmo handia zen AHTa, eta handia izan behar zuen euskal hiriburuek harrera egingo zioten geltokien itzalak. Hiriburuetan makro geltokiak irudikatzen zituzten agintariek, hirigintza proiektu handiekin batera.
1.500 milioitik gora gastatzea aurreikusten zen Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Iruñeko eta Baionako AHT geltokietan duela bi urtera arte. Behiak argaldu dira, ordea. AHTak ez du garai bateko distira, eta orain, proiektuari ahal den moduan eustearekin nahikoa dute agintariek. Euskal Y-ak ez dauka bermatuta lotura ez Madrilekin ez Parisekin ez Iruñearekin. Irun, Astigarraga eta Baionako geltokiak desagertu egin dira agendetatik. Bilbon eta Gasteizen geltoki zaharrek hartuko dituzte abiadura handiko tren berriak. Donostian geltoki berria bai, baina Renferen trenbide zaharra egokituta sartuko dira tren lasterrak hirira. Iruñean zer gertatuko den ere ez dago jakiterik, obrak legez kanpokotzat jo baitituzte epaileek berriki.
Iruñeko geltokiaren inguruko informazioa ez da batere argia. Batetik, Sustrai Erakuntza fundazioak jarritako helegitearen ondorioz, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo zuen Nafarroako AHT proiektua udan, hari emandako Ingurumen Eraginaren Deklarazioa «iraungia» zegoela ebatzita. Luis Zarraluki Nafarroako Sustapen kontseilariak aitortu zuen Iruñerriko zatiaren deklarazioa iraungia zegoela, baina gainerakoan ondo zegoela. Hala balitz, Iruñerriko AHTaren proiektu guztia, Iruñeko geltokia eta guzti, hasieratik tramitatzen hasi beharko litzateke. Iruñeko geltokia hirigintza proiektu handi baten barruan dago, Iruñea eta Zizur Nagusi artean. Guztira, 9.000 etxebizitza egitea da asmoa, eta Udalez gaindiko Eragineko Arloko Plan (PSIS) moduan onartu zuten 2007an, ia 300 milioiko kostuarekin.
Ondoren, baina, etxebizitzaren merkatua erori egin zen eta moldatu egin zuten. Nafarroako Kontu Auzitegiak ere ohartarazi zuen ondorio ekonomiko larriak eragin ditzakeela operazio horrek. Sustrai Erakuntzak PSISen aurkako helegitea jarri zuen epaitegietan, eta une honetan Espainiako Auzitegi Gorenean dago auzia, erabakiaren zain.
Zarralukik aitortu izan du tren geltokiaren proiektu zaharrak dagoeneko ez duela balio, baina PSISen tramitazioarekin aurrera jarraitzen dute erakundeek. Egun, sailetan zatitu aurreko tramiteetan ari dira, eta 2014ko ekainerako daukate horri buruzko dokumentazioa aurkezteko epea. Printzipioz, geltoki berria Adifek ordaindu beharko luke hirigintza operaziotik lortzen duen diruarekin, baina salmenta horretatik dirua aterako dela argi ez dagoenez, erakundeek azpiegituraren dirua aurreratzea ere aipatu izan dute. Espainiako eta Nafarroako Gobernua ari dira horretaz hitz egiten, baina ez dira ados jarri. Elkarrizketa horietan aipatu izan dute geltokiaren tamaina txikitzeko aukera ere.
Porzierto: Berriako irudia (bigarrena) gaizki dago. Iruñean trena sartzeko hirugarren errailarekin egin nahi dute (Kanpanas-tik) goiko irudian (lehena) ikusten den bezala. Orduan, berde egon behar zen Iruñea baino lehenagoko zati bat Berriako irudian. Gainera, Nafarroako Korridorea Euskal Y-arekin konektatzeko Gasteiztik egingo dela esaten dute orain, eta hirugarren errailekin ere. Lehenengo irudian, Nafar Gobernua zabaldu duena, hirugarren errailaren zatiak urdinez ikusten dira, eta AHTkoak gorriz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: