AHTren inguruan herri galdeketa eginen da Irurtzunen
Azken bilkuran Irurtzungo Udalak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) inguruan Nafarroako hainbat hautetsi independientek sustatutako mozioa onartu zen, NaBaik eta hautetsi independentistek adostutako aldaketa pare batekin. Zinegotzi independentistak izan ziren mozioa aurkeztu zutenak. UPNko zinegotziek kontra bozkatu zuten.
Onartutako idatzian Irurtzungo Udalak AHTren kontra azaldu da “egitasmo suntsitzaile eta antisoziala delako eta erakundeek ez dietelako populazioari eta herriei iritzia emateko aukerarik eman”. Orain arte egin denaren kontra herritarrek egitasmoaren inguruko eztabaidan parte hartu behar dutela aldarrikatu du Irurtzungo Udalak. Bide horretan sakontzeko udalak irurtzundarrei AHTren inguruan duen informazioa emanen diola jakinarazi du, “eztabaida horretan herritarren eta toki erakundeen parte hartzeko eskubidea” aldarrikatzen baitu. Parte hartze sozialeko ekimenak babestuko dituela ere onartu du Irurtzungo Udalak eta herri galdeketa eginez gero emaitza onartzea ere. Guztiarekin batera AHTren egitasmoa gelditzea eskatu du.
Irurtzungo NaBaik bilkuran bere hauteskunde programa ekarri zuen gogora, “lehentasunezko garraiobide gisa trenaren aldeko apustua egiten, baina ez edonola”. Horretarako trena “modernoa eta prestazio altukoa izatea eskatu dute, baita honako ezaugarriak ere: bidaiariak eta merkantziak eramatea, luzera handiko ibilbideak luzera txikikoekin uztartzea, egungo azpiegiturak baliatzea eta geldialdiak izatea eta Altsasun merkantziendako buklea izatea. Aipatutako irizpideak kontuan izanen balira egitasmoa onartzeko prest egon liteke koalizioa.
Horiek guztiak egungo egitasmoan ez direla jasotzen uste du NaBaik, eta gaineratu du: “nahiz eta azpiegituraren aldekoa izan daitekeen, duen kostu handiagatik, egungo ekonomia egoeran guztiz ezinbestekoa litzateke luzamendu bat. Nafarroako Gobernua osasunean, hezkuntzan, gizarte gastuan murrizketak egiten ari denean moralaren kontrakoa litzateke diru hori azpiegitura horretan gastatzea”. Estatuaren lan batean Nafarroak dirua aurreratzea eta zorpetzea ere kritikatu zuen NaBaik. Bestalde, udalak AHTren inguruko informazioan eta herritarren parte-hartzean oinarritutako lan ildoa eramatearen alde agertu zen. Guaixe.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: