04. Arazoak eta larrialdiak

romero 1456152340153 Oscar Romero | 2008-03-26 11:27


Liburuan zehar argi eta garbi ageri dira Romeroren arazoak bere hitz ausarta eta ekintza konprometituagatik.

Arazoak herri agintariekin eta familia aberatsekin. Hau prozesu luze baten ondorioa izan zen. Hasieran euren laguna izan bazen ere, urteak aurrera joan eta aldendu egiten zaizkio, eta azkenean aurka jarri. Jende aberats horrek ezin du jasan bere gehiegikeriazko jabetzaren aurkako hitzarik, eta gutxiago Eliz goi agintari baten ahotik badator.

Arazoak epaileekin, haien epelkeriagatik (180), irratiaz ere zabaltzen ziren bere igandeetako sermoietan ageri zirenak.

Arazoak militarrekin, eta Junta militar eta bere gobernu txotxongiloekin...

Bere garrasia Amerikako Estatu Batuetako lehendakariari ere zuzenduko dio gobernu errepresiboari ematen dion laguntza ekonomiko eta militarragatik.

Baina Romero era berean kritikoa da gerrillari eta oposizioko taldeekin, eta zerbait esan beharra badauka, askatasunez esango die.

Nire ustez, hala ere, bere barru barruan arazo gehien sortu zizkioten iskanbilak, Eliz barruko jendearekin izandakoak dira.

Ikus dezagun puntutxo hau astiroago.

“Estos curas han armado una cosa que se llama Iglesia Popular, que no es nuestra Iglesia del Vaticano, la Iglesia que dirige el Papa, la Iglesia de la que nosotros somos creyentes” (156) esan omen zuen behin Roberto D´Aubuisson militarrak, telebistaz, Romeroren argazkia erakutsiz. Militar honek hain zuzen ere, eman zion tiro Romerori meza ematen zegoela, bere bizia akitu zien tiro erailea.

Hitz horiek gogorrak dira, baina hauen arabera, hiltzailea eta eraila, biak ari dira Jaunaren izenean!!!

Kasu larri hauetara heldu aurretik, hor daude arazoak El Salvadorreko gotzainekin (226), Nuncioarekin (174), Pueblako Gotzain Konferentzian izanikoak (223), Aita Santuarekin (284)...

Bere sensibilidadeko pertsona batengan horrek guzti horrek egonezina eta zalantza sortzen zizkion. Zeresanik ere ez bakardadea Elizako goi agintarien artean.

Aukera bat egiterakoan, lekukoek maiz azaltzen digute hitz egiteko eta elkarrizketa luzeak egiteko ohitura zeukala. Taldeka eginiko bilerak ere, arazoa larria bazen ongi asmatzeko irtenbidean. Eta beti beti, otoitz luzeak, Jainkoarekin hitz egin ilunpean argia ikusteko, aukeran bide zuzena asmatzeko, arazoetan indarra eukiteko .

“Yo le pregunto mucho al Señor en la oración si estoy equivocado y espero que él me ilumine. Se lo pido a ustedes también. Díganmelo, ayúdenme a aclararme” (300).

Hain larria gertatu zitzaion egoera hau, barne krisia, zalantza, batzuen konprentsio eza... azkenean ea burutik gaizki ote zegoen bururatu zitzaion. Hori dela eta, beste nortasun batetan ezkutatuta, Mexikora joan zen psikiatra batengana. Hiru egun egin zituen bertan azterketak, testak eta elkarrizketak egiten medikuarekin. Azkenean aitortu zion nor zen eta bere bisitaren zergatia (301-303). Medikuak argi esan zion burutik sano zegoela, oso sano, nekatuta, hori bai, eta atseden egun batzuk hartzeko.

Romeroren zalantza nagusi bat ea askea zen hainbat eraginen artean zen.

Halako pertsona batek halako bitartekoak hartzeko, barruko egonezina eta zalantza astun eta handi egin zitzaizkiolakoan izan behar. Mexikon, batzuen eta besteen presiopetik libre, bere burua sano ote zegoan ziurtatu nahi zuen laguntza neutral batekin. Jeremias gureak ez zituen bere garaian halako mediorik, eduki bazituen, ez ote zen joango medikuarengana?