EHUren segurtasun-ereduaren gainean

No profile photo QuoVadisUPV | 2023-03-30 16:28

Unibertsitatearen gaineko eztabaida eta hausnarketarako sortu dugu blog hau, eta EHUko segurtasun-ereduaren gaineko idatzi honekin eman nahiko genioke lehen bultzada.

Azken garaietako berriek alarma guztiak piztu dizkigute EHUn lanean ari garen hainbat irakasleri, eta unibertsitateko segurtasun-ereduaren gainean solasaldi bat izateko elkartu ginen, gure adostasun, desadostasun zein zalantzak konpartitzeko asmoz1. Gure eztabaida informalaren atarian, Gasteizko campusean ikasle bat atxilotu eta Ibaetan beste bi identifikatu zituen Ertzaintzak2. Solasaldirako elkartu ginen egunean bertan, ostegunean (apirilak 23), euskara hezkuntzan indartzearen aldeko greba deialdiarekin batera Ertzaintzaren bi furgoneta topatu genituen Leioako campuseko sarreran eta, antza, beste 5 ikasle identifikatu zituzten3. Irudi berditsua errepikatu zitzaigun berriki, apirilak 30eko greba eta mobilizazioen egunean. Hilabete berberean, Kitchen Operazioaren dokumentuen artean, EHUko “segurtasun burua” omen denak operazio horretan poliziari EHUko langileen gaineko informazioa errazten ziola jakin izan dugu4. Duela hilabete pare bat, iaz beste ikasle greba batean EHUk Ertzaintzak atxilotu zituen 34 ikasleri espedientea irekiko ziola jakin genuen5.

Berri hauek unibertsitatearen segurtasun-ereduaren gaineko kezka azaltzera garamatzate. Hain zuzen ere, ikasleei transmititu nahi diegun balioekin (eta Euskal Herriko Unibertsitatearen balioekin) talka egiten dutela uste dugulako eta hau inon adierazteko beharra sentitu dugulako.

Segurtasun ereduaren gaineko zalantzak.

Zalantza ugari sortzen dizkigu EHUk hartu duen joera kontrolatzaileak. Ez dugu justifikatuta ikusten fakultateak segurtasun kamara eta agentez betetzeak. Gatazka guztiak segurtasun arazo bezala ulertu eta konpontzeko joera prebentiboa ezarri da eta hemen, noski, ez da gatazkatzat hartzen ikasleen osasun mental arazoen hazkundea, edota matrikulen prezioei aurre egiteko dituzten zailtasunak. Aitzitik, ikasleen protestak hartzen dira gatazkatzat. Segurtasun-neurriak hartzea, gainera, instalazioen segurtasuna bermatzea da: unibertsitateko instalazioak ikasleen aldarrikapenerako eskubideen gainetik jartzen dira, fakultateko hormen zuritasuna segurtasuna bailitzan.

Poliziak ez du gure gunea seguruago egiten.

Gauzak horrela, “segurtasun” arazo edo “gatazka” horiek egoteko susmoa dagoenean, errazegi jotzen da poliziarengana. Segurtasun indarretara jotzea ezohizko neurri bat izan beharko luke unibertsitatea bezalako espazio batean. Poliziaren presentziak gauzak okertu besterik ez du egiten, aipatutako gertakariek erakusten duten moduan. Falta administratibo baten pertsekuzioa ez zaigu, inondik inora ere, polizia campusean sartzeko arrazoi nahikoa iruditzen.

Ez dugu argi nork agintzen duen polizia gure campusetara etortzera, greba edo ikasleen aldarrikapenak daudenean. EHUko gobernu-organoek izan beharko lukete eskumen hori. Hala ere, gure ustea da azken urteotan gertatu diren egoera guztietatik oso-oso gutxi liratekeela poliziaren presentzia justifikatuko luketenak. Alta, ez da hori gertatu izan dena.

Poliziaren esku-hartzeren baten berri izan dugunean ez da onerako izan. Uste dugu, EHUko gobernu-organoek unibertsitatearen autonomia defendatu beharko luketela eta bortxan edo zigorrean oinarritutako konponbideak saihestu.

Unibertsitateak gatazkak konpontzeko beste bide batzuk bilatu beharko lituzke.

Gertakari hauek agerian jartzen dute EHUk gatazkak kudeatu, bideratu eta konpontzeko hartu duen ereduan akats nabarmenak daudela. Segurtasun indar pribatu zein estataletara jo aurretik, elkarrizketa eta negoziazioa izan beharko lirateke bideak.

Onartzen dugu ez garela horretan adituak eta badugula zer hausnartua unibertsitaterako proposatzen dugun ereduaz, baina gaur gaurkoz hau adierazi nahi genuen. Eta horrekin batera EHUko komunitateko beste kideak eztabaida eta hausnarketa kolektiboan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, modu xumean bada ere, sarrera honetan haien iruzkinak eginez.

1 Eztabaida horretarako bildu ginen, besteak beste, Marta Luxán, Asier Amezaga, Esti de Miguel, Jokin Azpiazu, Zesar Martinez, Ignacio Mendiola, eta Oihane Garcia.
2 https://www.argia.eus/albistea/ikasle-bat-atxilotu-dute-gasteizko-ehuko-campusean-eta-lau-identifikatu-ibaetan
3 https://www.berria.eus/albisteak/225919/laquoeuskal-herritik-euskal-herrirako-hezkuntza-sistema-propio-bat-behar-duguraquo.htm
4 https://labehu.eus/blog/nork-pasatu-zizkion-ehuko-langileen-filiazio-politikoen-datuak-polizia-espainiarrari/


Utzi iruzkina: