Antton Garikano hizkuntzalariari elkarrizketa

pungis 1456152313384 PUNGILARIAK | 2008-04-17 19:27

“LEHEN, HASIERAN, BESTE ILUSIO BAT ZEGOEN AGINTARIENGAN; ORAIN, BERRIZ, ERABAKIAK ERABAT POLITIKOAK DIRA”

Antton Garikano

Antton Garikano Tolosan jaio zen 1967. urtean. Ikasketaz hizkuntzalaria da. Euskal filologia ikasten hasi bazen ere Donostian, Ingeles filologia egiten bukatu zuen Bilbon. Izan ere, karreran irakurri behar zituen liburuak jadanik irakurriak zituela ohartu zen. Ikasketak amaitu eta berehala, itzulpengintzan murgildu zen. Horrela, 2004. urtean Euskadi Saria irabazi zuen Bederatzietatik bederatzietara obraren itzulpenarekin. Egun, Zumaiako institutuan ingeleseko irakaslea da, eta, aldi berean, itzulpengintzan jarraitzen du Iñaki Zubizarreta itzultzailearen agindupean.

Nondik datorkizu hizkuntzekiko zaletasun hori?

            Niri beti gustatu izan zait irakurtzea. Orduan, behin euskarazkoak eta erdarazkoak irakurri eta gero, kuriositatea geratzen zitzaidan benetan originalak nolakoak izango ziren jakiteko. Gainera, nire inguruan aukera nuenez liburuak bertsio originaletan lortzeko, hortik sortu zitzaidan hizkuntzekiko zaletasun hori. Horri esker, eta hainbat udaretan atzerrira egindako bidaiei esker, hainbat hizkuntza menperatzea lortu dut. Besteak beste, alemaniera, errusiera eta ingelera.  

Zein genero duzu gustukoen itzultzeko?

            Gustatu poesia. Gainera, dezente daukat jada itzulita, baina argitaratzea ez da erraza. Izan ere, itzuli beharrekoa salmenten araberakoa izaten da. Hori dela eta,  argitaletxeek beti egiten dute apustua nobelaren alde, beti ere aukera gehiago duelako.  Filmekin antzeko zerbait gertatzen da: etekin ekonomikoari gehiegi begiratzen zaio. Gero, politika mailan batez ere, emaitza horiei begiratzen zaie, irizpide ekonomikoen aldekoegia baita. Orduan, irizpide guztien gainetik ekonomikoak daudela uste dut, eta horregatik dagoela egoera honetan Euskal Telebistaren programazioa.

Zein egoeratan?

Adibidez, umeei oso zuzenduta dago marrazki bizidunen bidez. Baina haurrak hasten doazen heinean, hazkuntza eten egiten da. Hau da, beraientzako programazioa eten egiten da. Filmak ere, egun, astean behin bakarrik emititzen dira euskaraz, eta askotan hori ere ez.

ETBren kasuan, momentu bat iristen da non etena egiten duen: hau aspalditik gertatu da. Itzulpengintzan ere nabari da. Jendea lan hori usten ari da, horregatik, lanaren maila kaskartzeko arriskua dago. Lan gutxi dago, gainera soldata urriarekin, eta ez da hain errekonozitua. Dena gurpil bat da.

Itzulpengintzatik bakarrik bizi al daiteke?

            Larri. Jendearekin kontaktuak eta eskaintzak badituzu, agian bai. Baina boladak izaten dira. Esate baterako, euskal telebistarekin orain lan gutxi dago. Hala eta guztiz ere, egun oso gutxi dira hortik bakarrik bizi daitezkeenak. Esate baterako, lehengo urtean greba egin  mundu honetako baldintzak hobetzeko asmoarekin.

80ko hamarkadatik hona, itzultzen diren lanen zifrak asko jaitsi dira. Zergatik uste duzu izan dela beherakada hau?

            Lehen, hasieran, beste ilusio bat zegoen agintariengan; orain, berriz, erabakiak erabat politikoak direla uste dut. Gaur, adibidez, apustu handia dago kalitatezko dokumentalen alde. Filmak ETB-2ra pasatu dira. Horrela, bi esparru sortu dituzte: bata umeena da, eta bestea, berriz, hurrengo pausoa bezala. Orduan, programazioa osatuta balego bezala eskaintzen digute.  

Gutxi gorabehera zenbat denbora igarotzen da liburu bat itzultzen?

            Berrehun orriko nobela bat, adibidez, egunean bost edo sei ordu sartuta, urte bete gutxi gorabehera. Gero, bakoitzaren izaerak eragina du. Ez bazara gustura geratzen, behin eta berriz irakurtzen duzu. Gainera askotan idazle horrek idatzitako beste liburuak irakurri behar dira, bere giroan eta testuinguruan sartzeko.

Orduan, informatzeak denbora asko kentzen al du itzulpengintzan?

            Baita ere. Hala ere, internet sekulako aldaketa izan da. Lehen milaka informazio-iturri erabili behar ziren eta orain dena pantaila batean dago. Alde horretatik aurrerakada handia izan da. Gero, baliabide informatikoak ere bai, zuzentzaileak, besteak beste. 

Kazetaritzan testu bat idaztean berrirakurtzea dator eta, gero, zuzenketa. Kazetari bat ez omen da sekula gustura geratzen bere lanarekin, beti topatzen omen du zer hobetu. Itzulpengintzan ere berdin gertatzen al da?

            Bai, baina epe baten barruan egin behar da lan, eta haurra bederatzigarren hilabetean jaiotzen den bezala, itzultzaileak egun bat du lana entregatzeko. Batzutan, agian, ez da gustura geratuko, eta denbora bat igaro ostean, berriro ekingo dio lan horri eta beste era batean egitea bururatuko zaio. Baina momentu bat iristen da non “nahikoa da” esan eta aurrera egin behar duen.

Orain dela bi urte Euskadi Saria jaso zenuen. Horrelako sariak lortzeak motibatzen al du aurrera egiteko?

            Motibazioa momentukoa dela esango nuke nik, baina gero aurrera egin beharra dago. Ni oroitzen naiz, arratsaldeko laurak eta hamar zirela telefonoz hots egin zidatenean saria irabazi nuela esateko, eta laurak eta laurdenetan beste gela batean egon behar nuen ikasleekin; alegia, momentuan poza bai, baina gero eguneroko errealitateak esaten dizu aurrera egin behar dela lanarekin. Momentuko eten bat da, poz hori ematen dizu, baina hortik aurrera ezer gutxi. Bizpahiru eguneko txoro aldi bat bezalakoa da eta horretan geratzen da dena.

Euskarak, euskalki asko edukita, toki askotan ezberdin hitz egiten da. Askori, ondorioz, euskara batua arrotza egiten zaie. Gazteleraz, berriz, ez dago horrenbesteko diferentziarik. Zer deritzozu?

            Nire irudipena da belaunaldi berriak ohitzen ari direla. Gure gurasoak ez, oraindik gordina egiten zaie euskara batua. Baina nik uste, eskola mailan ere berdindu egin denez erakusten den euskara, jende gaztea gero eta ohituago dagoela euskara mota horretara.

            Euskarazko egunkari eta aldizkariak irakurtzen dituen gazteak ere euskara batuan irakurtzen ditu. Uste dut ohitura sortzen ari dela. Filmak euskaraz ikustearen ohitura sortu daitekeen bezala, gizarteari ohitura sortu zaio Berria egunkaria, Argia astekaria… irakurtzekoa.


Utzi iruzkina: