ESAERETATIK ONDASUNETARA
Euskaldunok mundu ikuskera desberdina al daukagu? Indoeuroparrak etorri aurretik gurean bizi zen neolitoak desberdin egin al gaitu? Nik baietz esango nuke. Betidanik uste izan dut euskaldunon mundu ikuskera gainontzeko gizarteekiko desberdina izan dela urteetan zehar, baina hala ere, gaur arte ez nintzen gure desberdintasuna azaltzeko edo demostratzeko gai izango. Gaurtik aurrea bai. Euskaldunok ondasunekin izan dugun harreman berezia hautatu dut gure arbasoek zuten mundu ikuskera desberdin horren adibide gisa. Euskal esaerak aztertuz jakin ahal izan da, hiru zutabetan oinarritzen zen ondasunekiko gizarte filosofia zegoela gurean.
Alde batetik, ondasunak elkartekoak ziren; etxeko eta herrikoak ziren: etxea osatzen zuten ondasunak bi taldetan banatzen ziren: iraunkorrak eta ez-iraunkorrak. Lehenengoak belaunaldiz belaunaldi igarotzen ziren (baserria adibidez), beraz horien salmenta gaitzetsi egiten zen. Bigarrenak, berriz, unean-uneko etxekoen zerbitzura zeuden (abereak adibidez) eta beren salerosketa ongi ikusita zegoen. Etxeko ondasunekin gertatzen zen gauza bera gertatzen zen herriko ondasunekin ere.
Beste alde batetik, propietate pribatuaren agerpena ahula zen; garrantzia txikia zeukan: Ondasunak etxeko, etxerako eta herrikoak ziren, baina gutxitan agertzen ziren propietate pribatu bezala. Ondasun iraunkorrak ez ziren norbanako batenak bereziki, herritar eta sendi desberdinenak baizik eta, ondorioz, etxeko kide eta herritar guztiek zuten ondasun horiek erabiltzeko eskubidea; ondasunak erabiltzeko aukera elkarte bateko kide (etxeko edo herriko kide) izateagatik lortzen zuen norbanakoak, eta ez, gizaki izatearen arrazoi hutsagatik.
Filosofi horren hirugarren eta azken zutabea da ondasunekiko harremanetan ardura nagusitzen zela: atzetik datozen belaunaldiek ondasun horietaz gozatzeko eta erabiltzeko eskubidea zutenez, herriko edo etxeko ondare arduradunek ezin zuten ondasunekin nahi zutena egin. Gauzak horrela, ardura hori egoki beteko zuen norbait aukeratzen zen; herriaren kasuan alkatea eta etxearen kasuan berezitasun onenak zituen seme-alaba.
Euskal Herrian besteekiko eta ondasunekiko arduran oinarritutako gizartea zegoen garai baten, non etxea gizarte bizitzaren erdigune moduan funtzionatzen zuen erakundea zen eta norbait izatea nonbaitekoa izateari lotuta zegoen; norbait izateko nonbaitekoa (etxeko edo herriko kide) izan behar zuen norbanakoak. Gizarte horretan gainera, lanari garrantzi handia ematen zion mundu ikuskera zegoen; ondasun iraunkorrak lanik egin gabe jasotzen ziren eta, beraz, ezin zen haiekin nahi zena egin. Ondasun ez-iraunkorrak, ordea, norbanakoak landu behar izaten zituen eta lan horrek legitimatzen zuen ondasun horiekin nahi zena egiteko aukera; hori bai, betiere logika baten barnean. Ez zegoen, beraz, alferkeriarentzat lekurik.
Gauzak horrela, goiko lerroetan argi ikusten da euskaldunen pentsaera edo mundu ikuskera desberdin horren zati bat, eta baita, garai bateko euskaldunen eta egungo euskaldunon arteko mundu ikuskera ere desberdina dela. Egun, japoniar, italiar edo angolar baten antzera ikusten dugu euskaldunok mundua. Globalizazio garaian bizi gara eta ez gara gai izan geure ikuskera bereziari eusteko; agian, ez diogu geure ikuskerari eutsi nahi izan. Sarritan besteena hobea dela pentsatzen dugu, eta ondorioz, geurea baztertzeko joera daukagu. Beste kulturetatik gauza onak hartzea ondo dago, baina betiere, gure gizartearen berezitasunera egokitzen asmatu behar dugu; inportatu duguna gure kulturen ezaugarrietara moldatu behar dugu eta ez gure kultura inportatutakora moldatu. Guk, ordea, gurea kendu dugu eta besteena hartu bezala txertatu dugu gure gizartean. Emaitza? Gure gizarte propio eta berezi hori galdu dugula, beste edozein gizarte bezalakoak bilakatuz.
Egin dugunaz ez damutzea espero dut, bestela gureak egin du! Aldatzea erabaki dugu eta orain kontsekuenteak izan behar gara horrekin, hala ere, nik jada faltan botatzen dut garai baten baztertu genuen ikuskera hura, elkartearen ongizatea beste interes guztien gainetik jartzen zuen mundu ikuskera hura, gizarte osoari eta ondoren etorriko diren belaunaldien ongizateari lehentasuna ematen zion gure ikuskera hura eta baserri munduan oraindik islatzen den mundu ikuskera eder bezain berezi hura.
Baserritarrak bere betiko altzariak kendu zituen behin batean, hirietan modan zeuden altzari modernoz betetzeko baserria; baserritarrak balioak aldatu zituen moda jakin bat jarraitzeko; geroztik, baserritarra aldaketarekin damututa dago, baina jada ezin ditu lehengo altzariak (balioak) berreskuratu. Euskaldunoi gauza bera gertatu zaigu; errealitate propio eta original batean bizi ordez, beste errealitate bat kopiatzen eta imitatzen ahalegindu gara. Autentikoak izatetik kopia txar izatera igaro gara euskaldunok.
iturria: "euskaldunak eta ondasunak". patxi juaristi
Iruzkinak
Utzi iruzkina: