ITXAROPENA

poetabatzintzilik 1456152226808 Poeta bat zintzilik | 2009-04-30 17:47




Harrizko karrika batean ikusi zintudan lehenengoz.
Halabeharrak aldendu zintuen.
Adats horiegia dantza arazi zuen argi-albaren hasperenak
eta horixe eraman nuen bihotzean.
Arima zure mendeko,
burua galduta,
hormei zure gorputza marrazten,
ilargiari uluka otsotu nintzen.


Ilunabarreko berriketaldiak arnas,
izaeraren habeak kondenatuta,
izan ala ez,
sugarretan dantzaratua,
begiak irekita itsutzeko prest.

Olatu beldurtia izaki,
ene besoen hondartzara iritsi eta
ihes egiten zenuen ostatu hartu gabe.
Esperantzaren azken zuhaitzari ertsita,
kerizpe bakarraren babesean galdu nintzen denboran,
arrats gorri hartan,
zure sentimenduen itsasgoraz blai
zugan murgildu nintzen arte. 


Utzi iruzkina: