BI MINUTU
Logelako argi kamutsean
Adam Zagajewskiren basoan
abesti sortzaile nor den asmatu nahian nabil.
Lakatutako egurrezko ate zuriaren
leihatila itsutik,
egongelaren belunean flash samalda.
Hainbertze okitzen zaituen
iragarkien sail terapeutikoa imajina dezaket.
Cracoviarako trenaren zain,
gaurkoz ostatu hartu beharrean naiz.
Nasako esertoki publikoen
jendetasun artifizialak,
ezin nau lokartu.
Geltokiak,
argi modernoagoak erosi ditu
trenbide herdoilduarentzat.
Urtarrileko lurrunaren besarkada ustean,
berotasunak aurkitu nau.
Kremaz gaztetutako zure eskuak,
ferekaz leun, belazez etzan,
lepaornoan gora dakartzazu.
Ezpain humelak biluztutako sorbaldan,
hortzek haragia estutzen dute.
Bularrak abangoardian,
zure gorputza sentitu dut itsasten.
Hartan,
hitz egin duzu
desirazko berbotsez.
Bi minutu,
besterik ezean,
bi minutu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: