BI IZAN

poetabatzintzilik 1456152226808 Poeta bat zintzilik | 2009-04-30 17:49




Erdi-deszifraturiko
kodea izaten
jarraitzen duzu niretzat.
Hitz soilak
ezin akordatuta nabil,
zure eskuaren berotasunak
erre egiten du nirea.

Mahai goibel hartan botata
ikusi zintudan,
hainbat plastikozko soldaduren
alegiazko gerra eremuan
erori bazina lez.
Malkorik
ez zitzaidan jausi
barnizatutako lur-zorura.
Ez nuen ulertu ahal izan
lokatz agorrezko gizakumeak
lurrari eginiko
zauriaren esanahia.
Ene aitzinetik,
zure ostean,
ezerezaren azalera
lur bustia.

Korridore estuaren buruan,
goizabarraren sukarrean
asmatiko sendagaitz,
milabider margotutako
hormetako paperean bilduta,
bi haurren algara
eta gezurrezko negarra datozkit,
jolasen oihartzuna.
Nomada
sentimenduen arroila malkartsuan,
mindurak aurkitu ninduen geroenean.
Ahots-kordeetako  aduanatik
ez da zure izenik pasa.
Areagotuz joan den
sabeleko aho-zuloa
zarratzea ez zait bideragarri.
Malkoen fabrikak
oparotasunaren sorbaldari
lotuta bizi dira.
Zortzi milimetrotako
film batean,
airea lurrun elurretan,
malutaz-maluta
bizirik zara.
Proiektagailuaren kutxa
berunezko giltzarrapoz
zigilatua da.

Fikziozko arrebak
ditut oheratzean.
Telefonozko berbak,
emailak.
Larunbatetan,
tabernetako sartu irtenean,
senidetasunaren hari-eroale ikusezinetik
maitasunaren daldarak.
Afalosteko besaulkian
haurtzaroko oroitzapenetan
laztanak.

Fotograma batean,
elurtutako berebilaren aurrean gaude,
zu eta ni.
Gu ere han egon ginen.
Egun batean,
zu eta ni,
bizirik egon ginen.


Utzi iruzkina: