Bost ahizpa

pepetokomozoloak 1456152170192 Pepetoko mozoloak | 2007-07-01 19:23

Aitor Arana. Ibaizabal, 2005

Aitor Aranak, haur eta gazte literaturan oso emankorra den idazleak, Txomin Agirre eleberri saria jaso zuen 2002an eleberri honekin.

3.pertsonan idatzitako nobela misteriotsua da, eta narratzailea orojakilea da.

Ezustean aberats bilakatu den gizon batek bere bost alabetako bakoitzari ezkutitz bana idazten die, mendian bakartadean dagoen landetxera joateko eskatuz:

Urteak dira ez dugula elkar ikusi, baina pozik ikusiko zintuzket orain. Badut zurekin zerikusi zuzena duen albiste bat. Ahaztu, mesedez, izan ditugun ulertezinak, asteburu batez behintzat.

Mesedez zatoz bakarrik eta, arren eskatzen dizut, ez eman inori gonbidapen honen berri.

Hor aipatzen den albistea oso garrantzitsua da, eta nobelako gertaera guztien motorea. Zein ete da?

Zeintzuk ete dira hor aipatzen diren ulertezinak? Nobelan zehar joango dira argitzen.

Alabei bakarrik joateko eskatu zien aitak, baina batzuk beste norbaitekin joan ziren, eta horiek benetako progonismoa, berebiziko garrantzia izango dute gertaeren norabidean.

Ezustekoz beterik dago nobela, eta irakurleak gutxien uste dituen egoerak eta gertaerak ezagutuko ditu. Beraz misteriozko eleberri bat irakurriz ondo pasatu nahi duenak badu hemen aukera ederra, Bost ahizpa gustura irakurtzen baita, eta interesgarria da amaiera arte.

Elkarrizketa ugariz osatuta dago liburua, eta beraietan, irakurketa errezteaz eta atseginagoa izateaz aparte, informazio asko ematen da bost ahizpen arteko erlazio buruz: trapu zahar asko ateratzen da euren artean; hor agertuko dira tirabira horien zergatiak ere; baina beti ere gertaeren harira, eta ez edozein momentutan. Arriskuaren aurrean ahizpak elkartu egingo dira ala elkarren kontra arituko dira?

Trama guztia asteburu bakar baten gertatzen da, telefonoek ere kobertutrarik ez duten leku isolatu baten, eta eguraldiak ere gertaerekin lotura estua du gertaerekin.

Bestalde idazkera irakurterraza, atsegina eta argia darabil idazleak, egoerak eta gertaerak ondo esplikatuz. Eta gertatuko denaren jakinminak bultzatzen du irakurlea aurrera jarraitzera, amaieran korapilo osoa askatzen den arte

Esandakoaren adibide bazala ataltxo hauek dakartzat hona:

“Behin zuhaitzera igoz gero, erraza izan zitzaion harresiaren gainera jauzi egitea”.

“Ataritik hurbilen zegoen leiho argiztatura zuzendu zituen gizonak, beti euritan, bere urratsak. Gela hartan bi emakume ikusi zituen, biak irribarrez eta hizketan ”

“Iheslarien egoera larrian benetan eskertzekoa zen atertu izana”

“- Agustina naiz .... zuen ahizpa. Zuen lehengo neba Agustin ez da jadanik existitzen.”

Esandakoaz gainera baliabide literarioez interesatuta dagoenak, baditu horrelakoak ere liburuan zehar Adibide batzuk hauek lirateke:

“ .... andreak erdizka itxi zituen begiak bere ikusmena zorrozteko ahaleginean”

“Balantza batean pisatzeko moduko isiltasun astuna sortu zen”

“Hilerriko isiltasuna festa alaia da han sortu zen isiltasunaren ondoan”

“ .... oinak lurrean josita gelditu zen, zapatilak eztitan itsatsita geratu balira bezala”

“ .... urrutiko mendietara begiratu zuen, gogoa mendi haietako lainoa bezain ilun”

“Oilorik gabeko oilategia bezain huts geratu zitzaien adimena ..... “

“ ........ lanean txoriak hegan baino arinago hasi ..... “

“Hildakoaren bularreko bi zuloak ...... beltzak eta ikaragarriak zirelako, munstro bizijale baten begien antzekoak”

“Ase-ase eginda zeuden bazterrak urez, eta ordurako bareak ere eguzki pixka bat eskatzen hasiak ziren”

“Telebista, bat ere bizitasunik gabe, hilik geratu zen”

“ .... iluntasunak iruntsi egin zuen atea ... “

“Ohe zabal eta garbi batek beso zabalik hartu zituen”

Beraz, emozioz betetako eta trebetasun handiz elkarlotutako istorioekin gozatzeko aukera ederra ematen die 14-16 urteko gaztetxoei eleberri labur honek.Ea uda honetan irakurtzen duzuen? Eta interesgarria izango da irakurtzen duzuenon iritzia ere. On egin.

Estekak:

http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00009.htm

Ani

Muxikan, 2007ko Uztailaren 1ean


Utzi iruzkina: