VELEIA, BATAIATUA
BERRIA, 2013-02-23
Julio Nuñezen lantaldeak hiriaren izena agertzen den aldare bat aurkitu du harresietatik kanpo
Jon Rejado Gasteiz
Iruña-Veleia bataiatuta dago. Plinio Zaharraren idazkiei esker edota beren buruak veleiatartzat jotzen zituzten pertsonen idazkiei esker, ezaguna zen Zadorraren meandro baten babespean kokatutako erromatar hiriaren izena. Ordea, gaur egun bertan lanean ari den lantaldeak hiriaren izena duen objektu bat aurkitu du. Aldare bat. Veleia izena lekuan bertan agertzen den lehen aldia dela nabarmendu du Julio Nuñez aztarnategiko zuzendariak. Ordea, aurreko lantaldeak informazio hori gezurtatu du, eta duela sei urte Veleia hitza zuten grafitoak aurkitu zituztela gogorarazi, gerora adituen batzordeak aintzat hartu ez arren.
2012ko urriaren 15ean aurkitutako kareharrizko aldarearen alde batean zazpi lerroko idazki bat dago, apur bat hondatuta. Bertan, Pilar Cipres Antzinaroko Historiako EHUko irakaslearen arabera honako hau dago idatzita: (E)UCA(R) / (P)VS.R.P / VELEIAN / SER / MATRI / DEAE / DEDI(C)AVIT. Hitz horien transkripzioa «Eucar/pus rei publicae Veleianorum/ae seruus Matri Deae dedicauit» dela azaldu du Cipresek (Eucarpusek, veleiarren errepublikaren esklaboak, Ama Jainkosari eskaini zion). «Lerro guztiak aintzat hartzeko modukoak dira, eta horien artetik seik informazio historiko oso baliagarria dute».
Testuaren lehen lerroak egilearen izena ematen duela azaldu du Cipresek; izen grekoa. «Esklabo batek izen grekoa izatea ez da gauza berria», gaineratu du. Ordea, Iruña-Veleia hiriaren ezaugarrien berri ematen duen informazio gehigarria ematen du testuak. «Tokiko komunitateen bizimodua, antolaketa eta funtzionatzeko moduari buruzko informazioa ematen du». Hala, Iberiar penintsulan zein Erromatar Inperioaren beste leku batzuetan gertu diren testu epigrafikoekin pareka daitekeela azaldu du.
Eucarpus izeneko esklaboak, testuaren egileak, veleiarren res publica-ren esklaboa dela zehazten du testuan, hau da, komunitatearen beraren morroia zela, eta ez familia pribatu batena. Cipresek jakinarazi du orain arte ez dela agertu Arabako erromatar hiria zuzentzen zuen instituzioari buruzko informaziorik; ordea, esklabo publikoak zeudela jakiteak komunitatearen antolaketari buruzko informazioa ematen duela gaineratu du.
Cipresek gaineratu du res publica terminoak ez duela informazio gehigarririk ematen komunitatearen antolatzeko moduari buruz. Zehazten duen bakarra da komunitate hori, Veleia, autonomoa dela administrazioari eta finantzei dagokienez. «Horri buruzko informazioa agertzea denbora kontua da, nire ustez». Dena den, bildutako datuen arabera, idazkia egin zenean Iruña-Veleia erromatar munduan murgiltzeko prozesu politiko eta administratiboan zegoela uste du Cipresek.
«Komunitate baten izena duen testu bat da, ohiko testu bat, baina berezitasun bat dauka: agertu den lekuan baino ezin zen agertu», azaldu du Joaquin Gorrotxategik, EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko irakasleak.
Harresietatik kanpo
Aldarea zein garaitakoa den zehaztea zaila gertatzen ari den arren —II. eta III. mendekoa izan daitekeela uste dute—, tenplu batekoa zela ondorioztatu dute. «Aldarea tenplu batekoa zela dakigu; tenplua non dagoen ez dakigu, oraindik», gaineratu du Julio Nuñezek, aztarnategiko zuzendariak. Lurperatzeko pentsatuta dagoen oinarria du, eta, horren gainean, bi moldura. Bestalde, Nuñezek azaldu du goialdea frontoi batekin apainduta dagoela, hiruki formako pieza batekin, arkitektura joniko eta korintiarreko osagaiekin apainduta. «Ezaugarri horiek erakusten digute egileak ondo ezagutzen zuela orduko arkitekturaren lengoaia».
Aldarea oso azalean zegoela gaineratu dute, eta, horren ondorioz, lur horiek landu dituztenen goldeen markak ditu alde batzuetan. Hain zuzen ere, kareharrizko aldarea harresitutako gunetik kanpo aurkitu zuen Julio Nuñezen lantaldeak, aparkalekuaren eta harresiaren artean dagoen ezponda bat kendu aurreko azaleko indusketetan. Lan horietan uraska handi bat aurkitu zuten, eta estaltzea erabaki zuten, lanei aurrerago ekiteko. Ordea, uraskaren erdian zegoen harri handi bat kentzea erabaki zuten, eta hor agertu zen aldarea.
Lau grafito aurretik
Iruña-Veleiako aztarnategiko azken berriak positibotzat jo ditu Lurmen SL enpresak, zeinak lehenago indusketa kudeatzen zuen. Dokumentu epigrafikoa «oso interesgarritzat» jo dute, baina, aldi berean, gezurtatu egin dute aztarnategian Veleia hitza agertzen den lehen aldia dela. Duela sei urte izenaren berri ematen zuten lau grafito aurkitu zituztela jakinarazi du Lurmenek prentsa ohar baten bitartez. Ordea, adituen batzordeak ez zituen aintzat hartu grafito haiek.
Nuñezen lantaldearen aurkikuntzak duela sei urte aurkeztutako grafitoei sinesgarritasuna emateko baliagarria dela nabarmendu du Lurmenek. Bide batez, gaineratu dute duela sei urte aurkitutako grafitoen kokapen estratigrafikoa zehatza dela, baina 2012ko aurkikuntzan ez dagoela horrelakorik.
Bestalde, aldareaz gain, Julio Nuñezen taldeak aztarnategiaren beste eremu batean lan egin du 2012. urtean, eta bertan ere «oso informazio interesgarria» aurkitu dutela jakinarazi du. Airetik hartutako irudi batzuetan oinarrituta hasi ziren lanean bertan, harresietatik kanpoaldean, jatorrizko bidearen ondoan. Airetik ikusi zuten eraikina macellum bat dela jakinarazi du Nuñezek, merkatu ofizial bat. «Bertatik pasatzen ziren salgai guztiak pisatzen zituzten, eta zergak ordaindu behar zituzten».
Orain arte 745 metro koadroko eremu baten gainean lan egin dute, baina eraikina oraindik ere handiagoa dela jakinarazi du Nuñezek. Zabalera hori Veleiaren ezaugarriak kontuan hartuta «ezohikoa» dela jakinarazi du. Hala, hedadura horrekin askoz hiri handiagoetan aurkitzen den azpiegitura dela azaldu du.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: