SUEZKO (BIGARREN) KANALA
Egipto, 1869ko azaroaren 17a. Azkenean, hamar urte, sei hilabete eta 24 eguneko lanen ondoren, Suezko kanala zabaldu zuten. Lan ikaragarri hura langile egipziarrek burutu zuten, baina historia liburuetan Ferdinand de Lesseps aristokrata frantziarra ageri da kanalaren egile moduan, hura izan baitzen proiektuaren bultzatzaile nagusia. Inaugurazioaren ospakizunetara garaiko pertsonaia garrantzitsu andana hurbildu zen: Ekialde Hurbileko agintariak, Théophile Gautier, Emile Zola edo Henrik Ibsen bezalako idazleak eta errege familietako ordezkariak, Frantziako Eugénie emperatriza (Lessepsen lehengusina ere bazena) edo Austriako enperadore Franz Joseph, besteak beste.
Lessepsek dagoeneko 54 urte zituen 1859ko apirilaren 25ean eraikuntza lanak hasi zirenean. Bizitza erdia zeraman Suezko istmoan kanala egiteko proiektuari bueltaka; 27 urte zituenean, bere betebehar diplomatikoek Alexandriara eraman zuten eta bertan Napoleonen ingeniarietako baten kanala eraikitzeko planoak aztertzeko aukera izan zuen.
Ismail Pasha egipziarrarekin batera Lesseps izan zen kanalaren jabe hasiera batean. 1956tik, Nasser presidenteak nazionalizazioa bultzatu zuenetik, egipziarrek dute kanalaren jabetza.
Suezko kanalak Itsaso Gorria eta Mediterraneoa lotzen ditu. Finean, itsasontziei Mediterraneoa eta Ozeano Indikoaren arteko bidea irekitzea du benetako balioa, Afrika inguratu beharra saihestea. 193 kilometro luze da, baina 1869tik hona berrikuntza ugari egin diote. Inaugurazio egunean 54 metroko zabalera zuen (151 metro ditu egun) eta 8 metroko sakonera (egun 11 metro). Gaur egun, urtero 18.000 itsasontzi pasatzen da Suezetik.
Kanala zabaltzeko festan parte hartu zutenen artean inork jakingo al zuen hura inaugurazioa baino, berinaugurazioa zela? Haiek ez ziren izan istmoa zeharkatzen zuten lehen ontziak, ezta gutxiago ere. Suezeko lehenengo kanala, beste hau bezala, XIX. mendean eraiki zuten... baina Kristo aurreko XIX. mendean, ia 4.000 urte lehenago, beraz. Ederki eraiki ere, kanala luzaroan erabili baitzuten. Hala erakusten dute behintzat Egiptoko faraoi Ptolomeo II.ak lehenik, Persiako errege Xerxesek aurrerago eta, azkenik, Erromako enperadore Trajanok agindutako berrikuntzek.
(Denboraren makina, ARGIA, 2006-XI-12)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: