PETRARCA: LITERATURA ETA FILOLOGIA
IÑIGO RUIZ ARZALLUZ, (EHUko irakaslea), BERRIA, 2004-X-02
Harri eta zur geldituko zatekeen Petrarca ikusi izan balu italierazko bertsoek eman diotela ospe gehiena. Petrarcaren obra guztiak bildu zituen lehenengo edizioak adibidez 1.500 bat orrialde ditu, eta 1554an inprimatutako infolio zarratu hauetatik 75 bakarrik dira italieraz idatziak; are gehiago, horietan jasotako bertso gehienak Petrarcak berak asmatutako izenburu esanguratsu honen azpian doaz: Rerum vulgarium fragmenta , hots, «hizkuntza arruntean egin gauzetatiko puskak», guk Canzoniere izen okerrarekin izendatu ohi dugun liburua, hain zuzen ere. Izenburuak dioena dioela, Petrarcak ez zituen mespretxatzen italierazko poesia hauek: aitzitik, oso maite zituen, eta hauxe da honen frogarik hoberena gaurko filologoek bildumaren bederatzi idatzaldi oso bereizi ahal izan dituzte orain arte. Baina ez da zalantzarik latinez eskribitutako obrak zirela haren zeregin nagusia edo, hobeto esateko, latina bera zela haren neke gehienen xedea; latin berri batean hasi baitzen idazten Petrarca, garaiko gizon ikasienek ere kostata bakarrik ulertu ahal zuten latin batean: antzinatekoan, alegia. Zeren eta Petrarcaren lan guztien eta, neurri batean, bizitzaren beraren helburua antzinatea berpiztea izan baitzen: besterik gabe, antzinatea bera bizi zen garaia baino hobeagotzat jotzen zuelako, eta hura berreskuratzeko ezinbesteko lanabesa zen mundu hark hitz egiten zuen hizkuntza, «radix artium nostrarum et omnis scientie fundamentum ». Berez dator, hortaz, bi alorrotan lan egin izana Petrarcak helburu nagusi hari segitzeko: batetik, esan bezala, bere latin hexametroak eta bere prosa dotore baino dotoreagoa idazten; bestetik, eta ez gutxiago, antzinateko testuak biltzen, garbitzen eta behar bezala ulertzen saiatzen, hots, filologia egiten. Norbaitek esan du eta auzi honi buruzko ikerketek aurrera egin ahala gero eta argiago ikusten dugun gauza da Petrarcak lerro bakar bat idatzi ez balu ere ez lukeela horregatik gaur aitortzen zaion baino askoz garrantzi gutxiago izango; halaxe da, antzinateko testu gehienen historia aldatu egin baitzen erabat haren eskuetatik pasatzean, eta zati handi batean honi eskerrak etorri ziren ondoren humanismoa eta errenazimendua. Bi alor hauek bakarra ziren Petrarcarentzat. Esaterako, 1345eko maiatzean, Veronako katedraleko liburutegian, bere bizitzako aurkikuntza handienetako bat egin zuen: Zizeronek bere lagun Atikori eta beste zenbaiti idatzitako gutunak, orduan inork ezagutzen ez zituenak. Eskutitzok txunditu egin zuten Petrarca: ez horrenbeste hizkuntzarengatik, ezpada batik bat Zizeronek haietan bere burua erakusteko zerabilen moduagatik. Mila urte baino gehiago zuten karta haiek bultza egin zioten antzeko zerbait egitera, eta horrela jaio ziren gaurko irakurle gehienontzat Petrarcaren idatzi hoberenak eta gustagarrienak direnak, Familiares eta Seniles izeneko bi bilduma erraldoiak. Petrarcaren beste obra nagusi bat, oraingo honetan latin hexametrotan, Africa da, egileari buruhauste franko eman zioten bederatzi bat mila lerro, bigarren gerra punikoaren gainean. Poesiazko lan hau ere, aldi berean, filologiazko lana zen Petrarcarentzat: hura egiteko ez burutzeko, inoiz ezin izan baitzuen bukatu poematzar hura , lehendabizi, Tito Livioren testua berreraiki behar izan zuen, erdi aro osoan eta handik aurrera ere denbora luzean izan zen ediziorik osoena eta hoberena apailatuz. Eta italierazko olerkiak? Petrarcak, bere garaiko hainbatek bezala, uste zuen antzinateko Erroman ere bi hizkuntza zirela, latina eta gramatikarik gabeko hizkuntza arrunt bat: Rerum vulgarium fragmenta haiek ere, orduan, antzinateko beste alderdi bat islatu nahi zutenÉ Ezin da ulertu Petrarcaren literatura (ezta, agidanean, bete-betean gozatu ere: barka diezadatela bekatu larri hau gure artean kontu hauen monopolioa duten immanentistek) haren filologiazko lanetatik bananduta. Ez dezagun pentsa ordea Petrarcaren antzinatearekiko jarrera hau mimesis antzu eta itsua zenik handik ehun bat urtera, bai, horrelako zerbait bihurtuko zen, gehienen eskuetan behinik behin : antzinateko ereduei eusten zien, besteak beste, aukera gehiago eta hobeagoak ematen zizkiotelako azaldu nahi zituen ideiak eta erakutsi nahi zituen zirrarak azaltzeko eta erakusteko. Aukera paregabea ematen zioten, adibidez, bere buruaz mintzatzeko; izan ere, Petrarca bera da bere obra gehienen gai nagusia: irakurri dituen liburuak, garaiko gertakari politikoei buruzko iritziak, eguneroko kontuek eragiten dizkioten burutazioak…; idatzi haietan topatzen duguna ordea ez da beti benetan izan zen hezur-haragizko Petrarca, hark bere garaikideei eta, esango nuke, bere buruari agertu nahi zien pertsonaia bat baizik, bere bizitza bera ere artelan bihurtuz. Horrela, azkenean, benetan miresten duguna ez da horrenbeste italieraz idazten zuen Petrarca edo latinez aritzen zena, poesia edo prosa, liburu hau edo hura, Petrarca bera baizik.
Petrarcaren idatzietara hurbiltzen denak aurkituko du, haren lanez gain alegia, txundituta utziko duen beste zerbait ere: XIXgarren mendearen akaberatik honantz Petrarcari buruz garatu den filologia miresgarria. Bi indar batu dira lan honetan: filologoenak eta italiar Estatuarenak. Har dezagun adibide gisa edizione nazionale delakoa: hasteko eta ez da gutxi , Italian bada izen hori duen zerbait, ez bakarrik Petrarcarentzat, baita beste idazle garrantzitsu batzuentzat ere; harrigarriagoa bilatuko dugu jakitea edizio hau, Petrarcaren kasuan, 1904ko lege bati esker antolatu zela, lehenengo liburukia 1926an baino ez zela argitaratu, eta oraindik ere bizirik dela, 100 urte honetan zazpi tomo bakarrik kaleratu badira ere eta hogei bat behintzat izan beharko lukete guztira . (Bati baino gehiagori ulertezin egingo bazaio ere, liburuki hauek ez dira larruz azaleztatuak, ez dute urrezko letrarik bizkarrean ez koloretako santurik barruan: baina haietan ematen den testua urte askotako eta, batzuetan, langile askoren lan nekezaren zitu ondradua daÉ). Edizio nazionalarena adibide bat besterik ez da: aipa genezake Censimento dei codici petrarcheschi bezalako enpresa erraldoi bat, edo abian dagoen Enciclopedia petrarchesca , edo Studi sul Petrarca liburu bilduma, edo Petrarcari buruz bakarrik diharduten hiru aldizkariakÉ Pazientzia bertutea da politikoentzat, eta filologoentzat soldatan dago: guztiok dugu hemen zer ikasi eta zer gozatu . (Ondo egindako lana gustuko duenak eta mundu honi, zirrikitu batetik bezala bada ere, begiratu bat eman nahi dionak jotzea du orain helbide honetara: www.franciscus.unifi.it )
Iruzkinak
Utzi iruzkina: