ODOL ISURTZEA KUARTANGON

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2009-11-17 18:03

'Andagosteko bataila' emango dute gaur, Bidasoako zinemaldi arkeologikoaren estreinako egunean

                                                                   Xabier Martin, BERRIA, 2009-11-17

 

Kristo aurreko 38. urte inguruan, 1.200-1.800 legionarioren gudaroste erromatar bat Kuartangoko haranean barneratu zen, Araban. Kastro bat erasotzera edo erasotzetik zetorren, eta hango bizilagunen erasoa jaso zuen. Erromatarrak, Galiako gerretako beteranoak hainbat, castra aestia gotorleku bat eraikitzen saiatu ziren, baina ez zuten bukatu, babestutako eremuaren barruan borrokatu baitzen. Itxura batean, indigenek irabazi zuten bataila hori.

Jose Antonio Otxaran Larrondok Andagosteko aztarnategia ikertu ondoren atera dituen ondorioak dira horiek. Teoria horren inguruan Francisco Javier Gutierrezek (Bilbo, 1965) Andagosteko bataila dokumentala filmatu zuen iaz, eta gaur emango dute Bidasoako IX. Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoan, Oiasso museoan, Irunen (Gipuzkoa). Ostirala artean 22 film lehiatuko dira sail ofizialean. Larunbatean, berriz, Alejandro Amenabarren Agora emango dute, Amaia kultur zentroko auditoriumean, 19:00etan, lehiatik at.

Erromatarrek Euskal Herrian izandako presentzia hobeto ulertzeko, Andagosteko gatazkak garrantzi handia ukan dezake. Izan ere, nahiko onartua da erromatarrak modu baketsuan sartu zirela Euskal Herrian, eta Andagosteko gertaerak aurkako teoria indartzen du, alegia, erromatarren eta bertakoen artean gatazkak izan zirela. «Guk zabalik utzi dugu Andagosten gertatutakoaren adiera; ez dugu esaten erasoa jo zutenak karistioak zirenik edo beste herri batekoak zirenik», dio Francisco Javier Gutierrez zuzendariak. Mundu akademikoan ez dira falta Otxaranen teoria ezbaian jartzen dutenak, izan ere. Nolanahi ere, Andagosteko aztarnategia oso aberatsa da antzinako objektu militarren eta txanponen berezitasunarengatik.

Ezustekoa Kuartangon

1998 eta 2003. urteen artean Euskal Herrian egin den aurkikuntza erromatar antzinakoena eman zuen Andagostek. 300x400 metroko eremu batean hainbat pieza arkeologiko azaleratu zituzten, gehienak militarrak. Glands-ak, habailarekin jaurtitzeko berunezko piezak, 600 caliga (legionarioen sandaliak) iltze, gezi puntak, pilum puntak, eta abar aurkitu zituzten castra aestia gotorleku baten ingurunean. Nork egin zien eraso erromatarrei? Bi armaden arteko bataila handi bat izan zen ala guduxka bat?

«Gatazka hartan jazotakoa islatzen du dokumentalak, pasarte dramatizatuekin», azaldu du Gutierrez zuzendariak. Andagosteko bataila iaz filmatu zuten; 15 minutuko dokumentala da, baina 60 minutuko bertsio bat ere bada. Bizpahiru hilabete barru ETBn emango dute. «Aurrekontu polita izan genuen lan hau egiteko, Arabako Diputazioa eta Kuartangoko Udalari esker. Ganorazko bitartekoak baliatu ditugu, arma eta oro har atrezo ikusgarriarekin. 40 figuranterekin 2.000 soldadu irudikatu ditugu informatikari esker».

Andagosteko bataila-k erromatarren eta Araba edo Araba inguruko herri bateko soldaduen arteko gatazka ezagutzera eman nahi du, «baina modu entretenigarrian, ez maila akademikoan». Gutierrezek ez du «lan sakon bat» egin, «zerbait arina baizik». «Unibertsitateko ikerlarientzat arina izango da akaso, baina guk jendarteratzeko asmoz egin dugu».

Francisco Javier Gutierrezek Bidasoako arkeologia zinemaldian «lan bikainak» daudela dio, baina esperantzarik ez du galtzen saria irabazteko. Gaur bertan emango duten Urdanetaren sekretua-n ere parte hartu du, eta, hortaz, horrekin ere sariren bat irabazteko parada izanen du.


Utzi iruzkina: