LATINEZ MINTZO DIREN HARRIAK

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2009-10-31 19:02

Urteak daramatzate adituek Nafarroan dagoen Andelo hiri erromatarraren hondakinak aztertzen, eta lan horien emaitzak bilduta, liburua atera du orain Maria Angeles Mezkirizek.

 

                                                                        Iñigo Astiz, BERRIA, 2009-X-31

                                                                        Iruñea

Biztanle batzuk bazituen Brontze garaian, baina erromatar garaian handitu zen hiria; I. eta II. mende inguruan jo zuen goia, eta IV. eta V. mendeetan behea. Erdi Aroan berriz hasi zen jendea bertan bizitzen, erromatar garaiko etxeen hondakinekin egindako etxe berrietan, eta XIV. mendean joan ziren denak, 1348ko izurriteak eta baliabide faltak bultzatuta. Hutsik gelditu zen orduan Andelo hiri erromatarra (Nafarroa); Mendigorrian dago, eta hutsik gelditu zelako da hain toki interesgarria arkeologoentzat. Egun, haren gainean hiririk ez denez -Pompelo izandakoan gertatzen denez-, edonon egin daitezke indusketak, eta, beraz, zaratarik gabe adi liteke harrien mintzoa.

Hiriaren %20 ezagutzen da egun, eta egindako ikerketa lan guztiak biltzen dituen liburua argitaratu du Maria Angeles Mezkirizek, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz: Andelo, ciudad romana (Andelo, erromatar hiria). 1980ko hamarkadan hasi, eta 2000. urtera arte egin diren indusketen berri ematen du Mezkirizek liburuan, eta aurkituriko objektuen zerrenda bat ere egin du.

Hiria eta haren interpretazioak dira liburuaren ildo nagusia. Hiriaren izenarena da lehen eztabaida gaia. Zer esan nahi du Andelok? Bi zatitan banatzen dute izena adituek: And eta elo. Antonioren (and) hiria (elo) esan nahi luke aditu batzuen iritziz. Beste batzuen ustez, berriz, And horrek handia esan nahi luke protoeuskaraz, eta, beraz, Andelo izenak hiri handia esan nahi luke.

Hiriaren egoera administratibo eta juridikoa ere aztertu du Mezkirizek, eta, dioenez, Conventus Caesaraugustano deiturikoaren barnean zeuden andelotarrak. Hiritartasun eskubiderik izan gabe ere, libreak zirela esan nahi du horrek, baita tributua pagatu behar izaten zutela ere.

Kultura arteko sinbiosia

Konkistatuak izan ez ziren edo baldintzarik gabe entregatu ziren hirietan izaten zen egoera hori, Mezkirizen arabera. Baskoien eta erromatarren kulturen artean «sinbiosi» egoera bat izan zela pentsatzen du, horregatik. Hazi egin zen garai hartan, I. eta II. mendean, harreman horren ondorioz, eta hala sortu ziren hiriaren egiturak ere. Baco jainkoari eskainitako etxe bat, termak, eskulangileen auzoa... baita ura herritarrengana hel zedin lortzeko sistema hidraulikoa ere. Ia uraren ibilbide osoaren hondakinak ikus daitezke, egun, egindako ikerketa lanei eskerrak; presa, erregulaziorako depositoa, akueduktua, eta hirian bertan zegoen beste depositoa ere. Urteak daramatza Mezkirizek Andelo ikertzen, baina, dioenez, jarraitu egin nahi luke oraindik ere. «Gauza asko gelditu zaizkit argitzeko», dio. Horregatik, «etenik gabeko indusketa» bat egin behar litzatekeela uste du.

Interpretazioarena da orain erronka, Mezkirizen hitzetan. Hipotesiak berrikusteko garaia. Hiria izandakoaren zati bat baino ez da egun ezagutzen, baina indusketekin jarraituta ere, eraikin gehiago agertuko direnik ez du uste, nekazari lurrak izan baitira 1995ean Nafarroako Gobernuak bere egin zituen arte. Horregatik, monumentu gehienak desagertuta egongo direla dio Mezkirizek. «Aurkitutakoaren interpretazioa egitea da Andelok hurrengo belaunaldiko arkeologoei uzten dien erronka».


Utzi iruzkina: