LAS MEDULAS, ERROMATARREN FRACKINA

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2013-07-22 19:34

LURRALDE, 2013-01-31

Nahigabean paisaia bitxia sortu zuten erromatarrek. Irudia: Juanma Gallego

Nahigabean paisaia bitxia sortu zuten erromatarrek. Irudia: Juanma Gallego

Adar baten soinua. Ura gainezka. Eta berehala eztanda bat dirudiena. Bat-batean mendia bertan behera amiltzen da.

Desagertu da. Guztiz.

Plinio Zaharrari esker ezagutzen dugu Leongo ‘Las Medulas’ izeneko eskualdean topatu dezakegun paisaiaren zergatia. Izan ere, bertan erromatarrek eskala handiko meatzaritza martxan jarri zuten. Ruina montiun izan zen horretarako erabili zuten teknika. Funtsean metodo hau uraren indarraz baliatzean zetzan. Mendi garaietatik ura kanalizatu eta urtegietan biltzen zuten. Ustiatu nahi zuten mendia zulatzen zuten eta ondoren ura askatzen zen. Ura mendiaren zuloetatik sartzen zenean izugarrizko eztanda izaten zen, mendia erabat txikituta geldituta. Lokatza bahetzen zuten ondoren, mendiak bere erraietan ezkutatzen zuen urrea eskuratzeko.

Ustiaketa horren ondoren gelditu den paisaia liluragarria da, katedraletako orratzak diruditen forma geologiko bitxiez osatuta. Erromatarrek hara eramandako gaztainondoen ondorengoek fantasia ipuinen itxura ematen laguntzen dute.

Gure gizartean polemika dezente sortzen duen fracking metodoaren aitzindaria izan zen ruina montiun hau. Urrea bilatzen zuten erromatarrek, eta gasa gaur egun. Erromatarrek haien teknologiarekin hain aldaketa handiak eragitea lortu bazuten, zaila da irudikatzea XXI. mendeko teknologiak lurpean izan dezakeen eragina.

'Ruina Montium' izan zen erabilitako metodoa. Irudia: Juanma Gallego

‘Ruina Montium’ izan zen erabilitako metodoa. Irudia: Juanma Gallego


Utzi iruzkina: