LAHARRI, LOSA ETA ERRENSAREN HERRIA
Andeloko museo erromatarra Euskal Herrian atari zabalean irekitzen den lehena da
Alberto Barandiaran, BERRIA, 2009-XII-30
ANDELO Historiaren argiak I. mendean aurkituko du Andelo herria lehen aldiz, Plinio Zaharraren eskutik. Kontuan hartuta aitzinean paperak ematen zuela izana, hiriaren jaiotza agiri ofizialtzat hartu daiteke data hori. Historialari erromatar handiak idatzi zuen, bere Historia Natural handian, bertakoek Conventus Caesaraugustanori, hots, garaiko Zaragozari, zergak ordaintzen zizkiotela.
Nolanahi ere, Pompeio Handia Iruñera iritsi zen garaian Kristo aurreko I. mendean Andelon jada bazeuden erromatarrak. Hala frogatu dute indusketek, eta lekukotasunek: Ptolomeok ere bi hitz izango zituen kokagunearentzat, zer eta bertakoak «baskoiak» zirela esateko.Esan nahi baita, kokagune erromatar garrantzitsua zela Euskal Herrian. Udaberri honetan atari zabaleko museoa zabaldu dute bertan. Euskal Herriko lehena. Bakarra.
Arkupeak eta urmaelak
Ipar-mendebala babestuta duen goi lautada batean, Mendigorritik atera eta Muruzabal-Andioneko bidean, kaleak (decumanus), arkupeak (cardo), garbitokiak (fullonica), iturriak (ninfeo) eta termen zoladurak (hipocaustum) irudika daitezke hondakinen artean. Baita urmael txikia (impluvium) ere.
Antzinako testuetan ez da aipurik, hala ere, bertakoen bizimoduaz, edo kokapenaz, edo garrantziaz. Eta, hala ere, Andelok lotura egingo zuen Via Asturica Burdigaliameko eta Via Asturica Tarraconeko bide handien artean. Hala baieztatzen dute inguruan aurkitu diren miliarioek, esaterako.Mugarri hauek Oteitzan, Añorben, Artaxoan eta Berbintzanan daude, eta distantziak markatzen dituzte, erromatar miliatan. Oteitzako San Tirsoko baseliza ondoan dagoenak, hain zuzen, 3.000 urrats salatzen ditu Andelotik (ab and tria millia passum). Honek esan nahi du, ikertzaileen arabera, herriak zero kilometroa ezartzen duela bere inguruan.Eta hori garrantzitsua bada, erakusten duelako ezaguna zela inguruan, are adierazgarriagoak dira oraindik egun zutik dauden herrilanak, esaterako ura bildu eta garraiatzeko presa eta ubidea. Lan horren kontserbazioa bikaina da, erabat ohiz kanpokoa. Euskal Herrian dagoen bakarrenetakoa, gainera.
Baskoiak inguruan
Lehen mende hori da, beraz, Andelorentzat jaiotza data. Noiz iritsi ziren, baina, erromatarrak hara? Ikerlariek uste dute hiru mende lehenago izan zela. Orduan baskoiak ziren inguruan, eta, gehienetan gertatu zen bezala, etorri berriek bertako jauntxoekin adiskidetzeko politika ekarri zuten helburu. Onura denentzat. Horrek, noski, kolonizazioa esan nahi du: horrela sortu zen hiri erromatarra.Zabaldu berri den museoaren kristalen atzean zeramika, pegarrak, txanponak, bitxiak eta eguneroko bizitzaren froga diren objektuak ikus daitezke, baina garrantzitsuagoa da agerian ateratako guztiaren ondorioz jakin ahal izan dena.Esaterako, gurtzeari dagokiona. Erromatarrak iritsi aurretik Larrahi, Losa eta Errensa jainko-jainkosak bizi zituzten bertakoek, eta haien aztarnak aurkitu dituzte adituek Andelon, jainkoei sakrifizioak egiteko aldarean. Manili/us Mar/tialis / votu(m) re/tulit / Larrahi inskripzioa, esaterako. Andelokoentzat, eta berdin Ziraukin, edo Larragan ere, jainkotasun hauek abereak eta uztak babesten zituzten. Gurtzeak laster ahaztuko ziren hala ere, eta erromatarrengatik ordezkatuko.Indusketek utzi dute agerian hiriaren antolaketa. Iparraldera ematen duen aldean auzo dotoreena dago, bertako jauntxoen bizitokia. Kaleek zoladura aparta dute, etxe zabalak, termak eta dendak (tabernae), baita Bacoren etxea ere. Hegoaldean, artisauen etxeak ziren, iturriak, eta garbitokiak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: