ITURISSA, BESTE AZTARNA ITURRI BAT
BERRIA, 2012-10-06
Aranzadi Zientzia Elkarteak azpimarratu du egindako aurkikuntza «oso garrantzitsua» dela, eta «potentzialitate» handikoa
Jatorri baskoia zuen Iturissak, eta K. a. lehen mendean altxatu zuten; 400 urte iraun zuen
Joxerra Senar Aurizberri
Aurizberritik hiruzpalau kilometrora dagoen zelai batean egindako lau zundaketetako batean, bi metro eta erdi sakonera eta metro bateko zabalera duen egitura bat topatu dute. / JAGOBA MANTEROLA / ARP
Aranzadiko eta Italiako arkeologoek parte hartu dute. / J. MANTEROLA/ ARP
iaz Iturissatik bi miliara topatutako harri horiek izan dira ikerketarako abiapuntua. / J. MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Estrabon historialari eta geografo greziarrak Iberiar
penintsulara egindako bidaia batean hiri baskoien artean aipatzen du
Iturissa. Erromatarren garaiko beste bidaiari garrantzitsu batzuek ere
(Ptolomeok, Antonianok eta Ravenako anonimoak) aipatu zuten idatzietan mansio
(edo aterpe) bat bazela. Historialarien artean, uste handia zegoen
Aurizberrin (Nafarroa) egon zitekeela Iturissa izeneko gune hori, baina
jada uste izateari utzi dio. Aranzadi Zientzia Elkarteak azken asteetan
lau zundaketa egin ditu Aurizberri eta Auritz arteko zelai batean.
«Zortea izan dugu, lauretan erromatarren garaiko egiturak topatu
ditugulako», esan du umil Juan Mari Martinez Txoperenak, Aranzadi
elkarteko ikerlariak.
Euskal Herriko historiarentzat, «oso
aurkikuntza garrantzitsua da», azpimarratu du Aranzadiko Juantxo Garcia
Mauleonek. Iturissa «baskoien lurraldearen erdian» zegoen. Erromatarrek
hasieran aterpe eta gerora hiri izan zena altxatu aurretik, baskoien
bizitoki izan zen. Ikerlarien hipotesia da erromatarrek K. a. lehen
mendean sortu zutela, eta 400 urte inguru iraun zuela, «inperioaren
gainbehera izan arte». Horregatik, etorkizunerako ikerketari begira,
«potentzialitate handia» duela uste du Juantxo Garcia Mauleonek.
Ukitu gabeko aztarnategia
Zergatik?
«Hemen orain arte hiriaren ezer ez da ukitu, eta aukera handia dugu
nolabait ere erromatar garaiari buruz, hizkuntza eta latinari buruzko
datuak lortu ahal izateko». Garcia Mauleonek ohartarazi duenez, hiru
asteko zundaketa zehatzetan aurkikuntzak egin badituzte, indusketa
handiago eta zabalago bat egiten denean askoz aztarna gehiago lortzea
espero dute. Euskarazko aurkikuntzak egitea ez dute baztertzen, baina
zuhurtziaz jokatu behar da: «Euskararekin lotutako lehen aipamenak
erromatarren garaikoak dira. Aztarnategi onenak hiriak izaten dira.
Iruña-Pompaelo, Iruña-Veleia ere bai. Iturissa galtzadaren bide bazter
berean dago», esan du, itxaropenari tartea irekiz.
Orain arte
egindako zundaketak Europako Batasunak finantzatuta egin dira, baina
datorren urtera begira finantzaketa gehiago beharko delakoan dago.
Ikerketa guztiz irekia izatea aldeztu du Aranzadi elkarteak.
Topatutako
aztarnak «Iturissako erromatar aldea dira». Dena den, zundaketetako
batean, erromatarren garaiaren aurrekoa izan daitekeen zeramika topatu
dute. Joxe Etxegoien Aranzadiko elkarteko kideak azaldu duenez, lehen
hipotesi hori baieztatu beharra dago orain, baina horrek aditzera eman
dezake erromatarren Iturissa sortu aurretik bazela tokiko baskoien gune
bat: «Erromatarrak heldu baino lehen bertako biztanleak castro-etan,
mendiska batzuetan bizi ziren. Zergatik? Bertatik ingurunea
kontrolatzeko eta defentsa hobea izateko. Ematen du bazegoela zerbait»,
azaldu du Etxegoienek.
Ikerketaren abiapuntua
Ez da
lehen aldia Iturissa Aurizberrin kokatzen dela. Julio Altadill
historialariak 1928an hipotesi horren alde egin zuen, eta azken 25
urteetan hainbat aztarna topatu dira inguruetan, baina zalantzak ere
bazeuden hain negu gorriak izan ohi dituen tokian hiri bat izan ote zen.
Hala, lehen froga erabakigarria iaz aurkitutako miliarioak izan dira.
Erromatarrek euren galtzadetan milia adierazteko harriak ziren, «egungo
errepideetan kilometroa adierazteko jartzen direnen parekoak».
Dena
den, Aurizberritik gertu topatutako hiru miliarioak bereziak dira. «Une
hartako bi enperadoreri eskainiak dira», azaldu du Etxegoienek. Ondoen
irakurtzen dena Flavio Valerio Aurelio Konstantino enperadorearen
oroitarria da, eta enperadore titulua 305-306. urte aldera jaso zuenez,
urte haietakoa da. Bigarrena Zesar Luzio Domizio Aurelianoren omenezkoa
da, eta hark gobernatu zueneko garaikoa da (270. eta 275. urte artekoa).
Hirugarrena, berriz, ezin da irakurri, kareharria asko higatu delako
urarekin eta izotzarekin.
«Garrantzitsuena da orain arte
hipotetikoa zen erromatar galtzada baten berri ematen digula», esandu.
Bidea aspalditik erabiltzen zen, baina ez zekiten erromatarrek erabili
ote zuten. Orain, bai. «Inportantea da, Pirinioetan topatu diren
lehengoak direlako», azpimarratu du Martinezek. Bide hori Ilunberrira
zihoan, eta handik Caesaragustura (Zaragoza). Bide horrek Astorgatik
zetorren bidearekin bat egiten zuen Iturissan, eta handik iparralderantz
bide bakarra ateratzen zen, Burdigalaraino (Bordele).
Ez hori
bakarrik. Hiri batera iritsi baino bi milia lehenago enperadorearen
omenez idatzitako harriak ziren. «Hiriak ordaintzen zuen harria, inoiz
pertsona garrantzitsu bat pasatzen bazen aipa zezan». Zundaketen tokitik
bi miliara daude harriak.
Ikerlariek pentsatzen dute
erromatarrek Iturissa K. a. lehen mendean sortu zutela. Etxegoienek
azaldu duenez, hipotesia da lehenik Urkulu dorrea eraiki zutela
erromatarrek, eta pasabidea kontrolatu ostean, Iturissa eraikitzen hasi
zirela. «Pirinioen beste aldean, Donibane Garazi ondoan dago Donezarre,
eta han beste hiri bat eraiki zuten. «Han termak eta denetarik aurkitu
dira». Aranzadiko ikerlarien arabera, erromatarrek galtzadan 30
kilometrotik behin gutxi gorabehera ostatu moduko bat eraikitzen zuten.
«Galtzada estatala zen. Estatuak ostatu azpiegitura ematen zion, eta
gehienetan erromatarra zen arduradun bat jartzen zuen, bidaiarien
beharrei erantzuteko. Zaldiak ordezkatzeko, bazkaltzeko zein afaltzeko,
lo egiteko...», azaldu du Martinez Txoperenak. Horregatik, orduko
historialari batzuk mansio gisa aipatzen dute idatzietan.
Iturissan
legionarioak egoten ziren babesten. Egurrezko hesi handi batzuk zeuden,
eta lubakiak inguruetan. Ekialdera begira, berriz, erreka, eta basoaren
alde bat, moztuta. «Lekua laua da eta erraza defenditzeko. Oso
inportantea zen segurtasuna, berez toki lasaia izan arren», dio Joxe
Etxegoienek. Adibidez, egurrezko hesiaren alboan bi dorreren oinarriak
topatu dituzte.
Iturissa izenaren jatorri etimologikoa iturrizar
dela uste dute filologoek. Tokitik kilometro batera egun Iturrizar
toponimoa dago, eta beste bat Orreagan. Inguruan erreka dago, eta iturri
asko.
Uraren eta segurtasun haren gerizpean, ikerlarien
hipotesia da baskoientzat interesgarria zela hara joatea. «Eskulangileak
etortzen ziren, eta legionarioak han ere bizi zirenez, bertako
jendearekin nahastu ziren», azaldu du Etxegoienek. Biztanleria hura
erromatartuz joan zen. Adibidez, duela 20 urte inguru orduko kateorratz
bat topatu zuten ikerlariek, irudi «berezi» batekin. «Baskoien irudi bat
zen, eta irudi berak topatu dituzte Germanian eta Eskozian. Baskoien
bigarren legio taldeko kideena zen. Egon ziren Eskoziako mugan eta
Germanian, eta ziurrenik hemengoak ziren, Iturissakoak. Istorio bitxia
da».
Hamar hektarea
Urteen poderioz handituz joan zen Iturissa. Hamar hektarea inguruko zabalera izan zuela uste dute ikerlariek: lehen mansio zen, eta gero civitas
(hiri) bihurtu zen. Orain guztia lur azpian dago. «Geruza batzuk erreta
daude, eta gerraren bat adieraz dezake, edo jendea joan zela... Pentsa,
Aurizberrin 400 urtean herria bi aldiz erre eta berreraiki bada,
Iturissaren 400 urteko historian ere hainbat gertaera izango ziren».
Asteotan egindako zundaketa batean, bi metro eta erdiko sakonera eta
metro bateko zabalera duen egitura bat topatu dute, eta alboan,
galtzadarrizko zola. Tenplu bat izan daitekeela uste dute. Dena den,
dena dago aurkitzeko. Iturissa beste aztarna iturri bat da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: