ITURISSA, AURIZBERRIN?
BERRIA, 2012-10-12 Alberto Barandiaran Aurizberri eta Auritz arteko Zaldua zelaian Aranzadi Zientzia Elkartekoek argira atera duten aztarnategia harribitxia da. Hasteko, kokapenagatik: mendiko pasabide baten ondoan dago, 800 metroko altitudean, eta baso itxiaren erdian. Ez zen toki samurra izango bizitzeko, duela bi mila urte. Gainera, Pirinioen bihotzean dago, eta ez da asko inguru horretako orduko kulturaz eta bizimoduaz dakiguna. Induskatutako lehen hondakinen artean, erromatarrak iritsi aurreko garaikoak izan daitezkeen zeramika puskak ageri dira, eta langai dagoen eremua ez da txikia: 18 hektarea inguru. Zer datu berri eskainiko digu baskoien saltus vasconum hermetiko, basa, ezezagun, ia sasiko eta despopulatu horri buruz? Arkeologoen lanak beste eztabaida bat ere argitu dezake: Ptolomeo geografo handiak aipatu zuen Iturissa hura ote den oraingo hau; Iruñea eta Bordele arteko galtzada erromatar garrantzitsuaren ertzean historialari klasikoek aipatu zutena ote den Aranzadikoek argira atera dutena. Haiek esan dute baietz. Iaz inguruan aurkitutako miliarioek, edo mugarriek, erakusten dute hortik bide erromatar garrantzitsu bat igarotzen zela. Frogekin fin ibili beharko dute, hala ere, denak konbentzitu nahi badituzte. Zenbait ikerlarik beti izan baitute zalantza. Zalantza geografikoa, nolabait esanda. Erromatarren inperioaren ibilbide nagusiaren nondik norakoak zehazteko eta haren ertzean altxatzen ziren ostatu (mansio, latinez), kokagune, garnizio edo hiriak berak kokatzeko, Antoninoren Ibilbidea izeneko dokumentua da (III. mendea) ezagutzen diren agiri garrantzitsuenetako bat, Ptolomeoren beraren geografia lanekin batera. Bide nagusietako geltokien arteko distantziak eta datu kartografiko zehatzak ageri dira hor, halako Google Maps antzinakoa, eta horrela zehaztu ahal izan da garai hartako hiri askoren kokapena. Iturissa Pompaelo (Iruñea) eta Burdigala (Bordele) arteko bidean kokatu zuen dokumentuaren egileak, Iruñetik iparraldera. Ptolomeok berak esan zuen Iturissa hori baskoien hiri nagusitik ipar-ekialdera zegoela, eta egile askok Aurizberri inguruan kokatu izan dute behin baino gehiagotan, hor aztarnak ageri direlako. 1986-87an, Maria Jesus Perexek eta Mercedes Unzuk arkeologoek hainbat indusketa egin zituzten bertan, eta Ateabalsa izeneko dermioan nekropolia azaleratu zuten. Bertan, K. o. I. mendeko zeramika puskak, beirazko kutxatxo batzuk eta hainbat lantza aurkitu zituzten. Hilerriari zegokion hiria edo herrigunea, berriz, ondoko pinudi batean lokalizatu zuten, eta Iturissa zaharra izan zitekeela aipatu, besteak beste Iturrizar toponimoa gertu dagoelako eta beste egile batzuek ere han ingurutik igarotzen zen erromatarren galtzadari begiratu ziotelako. Baina zalantzak bazituzten: hiriaren izena argitzen zuen idazkunik edo testurik ez zegoen, eta Antoninoren Ibilbidea-n irudika daitekeen mapako distantziak ez du Aurizberri erakusten. Hura urrunago dago. Zalantzak zalantza, nekropolia garrantzitsua zenez eta inguruan ere aztarna gehiago egon zitekeelako ebidentziak zeudenez, Iturissaren alde egin zuten. Orain, hiriaren ebidentziak aurkitu omen direnean, Alicia M. Canto irakasle eta epigrafistak berretsi ditu berak eta beste ikerlari batzuek izan dituzten bainak. Bi, nagusiki: Antoninoren Ibilbidea-n, Iturissa Pompaelotik 32,5 kilometrora kokatuta dago, eta hori Belate ingurua da; Pompaelotik Burdigalara joateko, bestalde, Orreagatik baino, Oiarsotik (Oiartzun) joatea bide zuzenagoa eta erosoagoa izango zela argudiatzen du; IV. mendeko testigantza batek, gainera, baskoien lurraldetik datorren senatari baten berri emanez, «kostaldeko bidea» aipatzen du. Lapurdi ingurua, alegia. Cantok, beraz, Belatetik gertu dagoen Iterrizokoa izeneko ingurua proposatu zuen, aspaldian, Iturissarako. Eta eusten dio ideia horri. Orain aurkitutakoa beste mansio bat izan zitekeela, alegia. Iturissaren alde, zer? Aurkitutako miliarioak eta aztarnategiari igartzen zaion tamaina: horrelako populazio guneak testu klasikoetan aipatua behar zuen, ez zitekeen ezezaguna izan. Hortik dator Aranzadikoekin ziurtasuna, eta argudioak sendoak dira. Inskripzio bat, baina, erabakigarria izango litzateke. Idazkunak, berriro ere, epaile.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: