Idazlea itzultzaileen lantegian. ITZULPENAREN ZEHAZTASUNA HURBIL-HURBILETIK
Idazlea itzultzaileen lantegian
Itzulpenaren zehaztasuna hurbil-hurbiletik
Zortzigarren urtez EIZIEk Idazlea itzultzaileen lantegian mintegia antolatu du Irailaren 27tik 29ra Gasteizko Europa Jauregian. Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurragaren Aitarekin bidaian antzerki obraren pasarte bat itzultzen jardun dira itzultzaileak. Bertan izan gara eta talde lanaren abantailez jabetuta itzuli.
Mahai baten bueltan eserita daude Arantxa Iturbe kazetari eta idazlea, Itziar Otegi lantegiko koordinatzaile eta itzultzailea, Julia Marin antzerki itzulpengintzan aditua eta Aitarekin bidaian antzerkiaren pasartea ingelesera, polonierara, alemanera eta katalanera itzultzen diharduten Diana Draper, Monika Czerny, David Lindemann eta Ainara Munt itzultzaileak, hurrenez hurren. EIZIEk ( Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza indartu eta zabaltzeko asmoz antolatzen du mintegi hau 2004. urtetik. Lehenengo edizioetan prosa landu bazuten ere, eta Euskadi Saria jasotako autoreak hautatu, irizpideak aldatu dituzte gerora. Karlos Linazasororen mikroipuinei ekin zieten orain bi urte eta poesiari iaz, Itxaro Bordaren poema hautatuekin. Aurten, lehen aldiz, antzerki generoari heldu diote. Itziar Otegik eman digu obraren hautapenaren zergatia: “Gaia unibertsala zela iruditu zitzaigun eta bagenekien sariak jasoa zela eta gainera euskaraz sortua”. Hain zuzen, 2011ko Max antzerki saria jaso du berriki Euskal Autorearen sailean.
Antzerkia itzultzeak beste generoek ez duten berezitasuna du. Ahozko erregistroaren ezaugarriak nabarmenagoak dira, Julia Marinek gogoratzen digun moduan. “Genero hau esateko da eta belarriz jasotzeko. Idaztean ahozko hizkuntzatik hurbilago ibili behar da”. Antzerkirako pertsonaiak karakterizatzea oso garrantzitsua den neurrian, ahozkotasunari lotutako esamoldeekin borrokan ikusi ditugu sarri itzultzaileak. Nola itzuli “Kriston gogoa daukat!”, edo “Bai, horratio!” edo “Rubia!” bezalako espresioak. Azken honen itzulpenean David Lindemannek kolorea mantendu nahi izan du, baina Alemanian ilehori askotxo badenez, norbaiti hala deitzea arruntegia litzateke. Beraz, gorriarekin bitxiago eta exotikoago ematen duela erabakita, hitz elkarketa bitartez burutu du itzulpena, buru eta gorri hitzak batuz. Ainara Muntek, aldiz, nahiko argi dauka: Rossa. Ilehori esan nahi du katalanez, fonetikoki primeran funtzionatzen du, eta gainera, kolorea eta sexu ukitua mantentzen ditu. Polonieraz Monika Czernyk momentuz “panpina” hautatu du eta noiz edo noiz “nire panpina” eta “panpinatxo”. Nahiz eta kolorea galdu itzulpenean, aurrerago agertzen den dantza eszena baterako egoki omen dator. Pentsakor geratu da, nolanahi. Moldatu daitekeen sentipenarekin. Diana Draper bi hitz ingelesekin geratu da, konpentsazioaren ideiak asko laguntzen baitu, mahai inguruan behin baino gehiagotan aipatu denez. Batetik, “Goldy”. Esanahiari bi zertzelada ematen dizkio, urrezko kolorea eta dirdira handia. Bestetik, ukitu sexuala gal ez dezan, “Gorgeous” tartekatu du, noizbehinka. Oraingoz irtenbidea ontzat eman arren, itzulpen lana erabat amaitzen ez den jarduna dela aitortu du. Ikusten denez, bada zer eztabaidatu, zer zuzendu, nahiz itzultzaileek pasartea etxetik landuta ekarri.
“Autoreei gehien kostatzen zaiena beren testua horren sakon galdekatua izan dela sentitzea da. Itzultzaileak egin duen irakurketa izan daitekeen sakonenetakoa da” Itziar Otegi, mintegiaren koordinatzailea
Bien bitartean, Arantxa Iturbek galderei erantzun eta argipenak ematen ditu. “Hemen badirudi autopsia batean gaudela!”, esan du irribarrez. Itzultzailearen bilaketa zehaztasunarena da. Dena galdetzen dio bere buruari, detailerik txikiena ere bai. Tipografia akats batek ere ekar dezake zalantza. Psikoanalisia urratzen da beste batzuetan, sakoneko esanahiaren bila, pertsonaiaren nolakotasunaren atzetik. Ahaleginak ahalegin, ordea, beti ez da lortzen baliokidetasun perfektua. Diana Draperrek batzuetan galerak ekidin ezinak direla aitortzen du. “Zaharrak, gauzak dira” dio testuak une batean. Gaztelaniara “Viejos, son los trapos” itzuli zuten. Esaldi honek, esate baterako, oihartzun etxetiarrak ditu Draperren ustez eta erresonantzia ezagunak euskaldunentzat. Tamalez, ingelesera pasatzean galdu egiten da hori. Ez du etsitzen, hala ere, eta efektuaren bila jarraitzen du. David Lindemannek alemanez baliokide bat aurkitu dio. Ez du literalki itzuli, baina giroa mantentzen du eta askotan hori da egokiena. Lana eta barreak tartekatuz aurrera doa goiza. Eztabaidagaiak ez dira amaitzen. Irainen gaia, esate batera. Batzuentzat gordina eta gogorra dena, besteentzat ez da. Subjektiboak dira irainak, etxe bakoitzean ezberdinak. Alua ala kabroia, bietan zein da mingarriago?
Idazlea itzultzailearen aurrean
Arantxa Iturbek berak itzuli zuen euskarazko jatorrizko testua gaztelaniara. Auto itzulpenaren eta lantegiko esperientzien gainean galdetuta, zera erantzun du: “Bi esperientziak oso ezberdinak izan dira. Itzultzeko orduan zailtasunak izan genituen, baina ez hemen azaltzen ari zaizkigun mailakoak [barrez]. Askatasun handiz egin nuen lan gurea zen zerbait itzultzen ari nintzelako, neurea eta Agurtzane Intxaurragarena. Uste dut aurrerantzean, eta hemendik iragan ostean, irribarre bat baino gehiago sorraraziko didala nire burua galdezka aurkitzeak: hau zergatik jarri ote dut horrela eta ez bestera?”. Itziar Otegik azpimarratu du Iturbek aipatua idazle gehienei pasatzen zaien zerbait dela. “Autoreei gehien kostatzen zaiena beren testua horren sakon galdekatua izan dela sentitzea da. Itzultzaileak egin duen irakurketa izan daitekeen sakonenetakoa da. Baldin ziurtasuna izango bada ondo itzulia izan dela, dena ulertzen saiatu behar da, baita intentzioa ere. Idazle guztiak harritzen dira testua zenbateraino auzitan jarri dugun ikusita”. Halaxe dirudi, Arantxaren baieztapenari erreparatuta. “Harridura sortzen dit itzultzaileon profesionaltasunak eta euren leialtasunak, guk itzultzaile bihurtzean betetzen ez duguna”.
Talde lanean, hobe
Aurtengo edizioko itzultzaileek lehenengo aldia dute lantegian eta esperientzia positibotzat jo dute. Denek azpimarratu dute talde lanaren onura. Ainara Muntentzat besteen ahotsak entzutea eta idazlearekin hitz egitea oso lagungarri izan da. Besteen pentsamendu prozesuak ahots goran entzutea izan da aberasgarri Diana Draperrentzat. Monika Czernyk zera esan digu: “Batzuetan hautu bat hartzen duzu etxean. Hemen autoreen eta besteen komentarioek zalantza sortu eta eginda zenuena birplanteatzera zaramatzate”. Antzerkigintzaz ari garela, David Lindemannek ez du ahazten generoaren berezitasuna: “Dialogoa izatean bizitasuna transmititu behar da, hori da arazo nagusia eta talde lana egokia da hori konpontzeko”.
Talde lan horren beharra Julia Marinek esplikatzen du ondoen. Beste generoetan, bai sortzaileek eta bai hartzaileek bakarrik egiten dute idazketa eta bakarrik irakurketa lana. Antzerkian oso ezberdina da. “Antzerki testua idatzia jasotzen da, baina obra liburuan egoteaz aparte muntatua egon daiteke eta beste erreferentzia batzuk ditu ordurako. Itzultzaileak jakin behar du testua abiapuntua bakarrik dela, ondoren talde lanean jardun beharko baitu”. Obra zuzendariaren ikuspuntura hurbiltzea da itzultzailearen eginbeharra, baita aktoreenera ere. Espazioa, obraren estetika eta giroa barneratu behar ditu idatziak. “Itzultzailea pieza bihurtzen da. Itzultzailearen zeregina hitza mimatzea da eta neurrira doakion traje bat egitea. Sortzen ari den unibertso horretan egoki sartuko diren hitzak aurkitzea” gogorarazi digu Juliak.
Urtero bezala, lantegian burututako itzulpenak Senez aldizkariaren zenbaki berezi batean argitaratuko dituzte aurten ere. Testuak munduko Euskal Etxeetan, Cervantes eta pareko erakundeetan zabaltzen saiatzen dira, eta atzerrian itzulpenei zer harrera egiten zaien jakiten zaila bada ere, hemen nabari da ilusioa lantegia beste urtebetez mantentzeko. Adiorik ez, hortaz, itzulpen literarioei. “Przyszkym roku! Bis nächstes jahr! Fins l´any que ve! See you next year!”. Edo gurera ekarrita: hurrengo urte arte!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: