GINEKOLOGIAREN AMA EZKUTUA
Nagore Irazustabarrena, ARGIA, 2009-X-04
Atenas, K.a. IV. mendea. Agnodize jaio zen goi mailako familia baten 
baitan. Txikitatik garbi eduki zuen mediku izan nahi zuela, baina 
Atenasko emakumezkoek, esklaboek bezalaxe, debekatua zuten medikuntza 
ikastea. Bere asmoei eutsiz, dirudienez aitaren onespena lortu zuen; 
ilea moztu, gizonezkoen arropak jantzi eta emakumea zela ezkutatuz 
Herofilo mediku ezagunaren ikasle bihurtu zen. Hasieratik diziplina 
berri batek piztu zuen emakume mozorrotuaren interesa: ginekologiak. 
Hala, azterketak ederki gainditu zituen eta ginekologo moduan hasi zen. 
Trebakuntzan eman zituen urteetan inor ez zen jabetu emakumea zela.
Mediku berriaren izen ona –eta faltsua– berehala zabaldu zen Atenasko 
emakume aberatsen artean. Eta, nonbait, inbidia ere abiadura berean 
zabaldu zen beste medikuen artean. Agnodizek “atenastarren emazteak 
limurtu eta galbideratu” egiten zituela esan zuten. Eta zurrumurruetatik
 epaitegirako bidea oso laburra zen garai hartako Atenasen. Azkenean 
Areopagora eraman zuten, bi paziente bortxatu izana leporatuta.
Areopagoko epaileen aurrean, Agnodizek erraz utzi zuen ezerezean 
akusazioa: arropa erantzi eta emakumezkoa zela erakutsi zien. Baina, 
beste behin, erremedioa okerragoa izan zen. Gizonezko bortxatzaileei ez 
zieten heriotza zigorra ezartzen; medikuntza ikasten zuten emakumezkoei,
 aldiz, bai. 
Horrenbestez, ginekologoa hiltzera kondenatu zuten. Baina haren 
pazienteek, Atenasko aristokraziako emakumeek alegia, ez zuten mediku 
bikaina galdu nahi eta zigorraren aurka altxa ziren. Epaitegian bildu 
ziren eta Agnodize hilez gero beren buruaz beste egingo zutela mehatxatu
 zuten. Ondorioz medikua absolbitu egin zuten eta medikuntzan nahi zuen 
bezala jantzita aritzeko baimena eman zioten, gainera.
Hurrengo urtean Atenasko Kontseiluak bertan behera utzi zuen 
emakumezkoei medikuntza ikastea debekatzen zien legea. Hori bai, ezin 
izango zituzten gizonezkoak artatu.
Higinio erromatar idazleari esker iritsi zaigu Agnodizeren istorioaren 
berri. Lehen emakumezko medikua existitu izanaren beste frogarik ez dago
 eta Higinioren testuak zalantza ugari sortzen ditu. Esaterako, Agnodize
 atenastarra zen eta Herofilok Alexandrian eman zuen bizitza osoa.
Agnodizeren istorioa egia ala mitoa izan, duela 2.300 urte Atenasko 
Kontseiluak lege bidegabea bertan behera utzi zuten eta emakumezkoek 
garaipen txiki bat lortu zuten.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: