EUSKARA JENDEA DOKUMENTALA: EUSKAL HIZTUNEN KOMUNITATEAREN HISTORIA
'Euskara jendea': gure hizkuntzaren historia, dokumental-sorta batean
Amaia Akordagoitia | eitb.com
2013/06/03
Erromatar Inperioaren garaian baskoien eta barduliarren 24 hiriren errolda egin zutela erakusten duen hilobi-inskripzio bat topatu dute dokumentalaren grabazio-prozesuan.
Ibaizabal Mendebalde eta Zenbat Gara elkarteak Euskara Jendea dokumental sorta ekoizten ari dira, euskararen eta euskal hiztunen komunitatearen historia erakusteko. Grabazio prozesu horretan, euskararen historiarako aurkikuntza arkeologiko garrantzitsua egin dute: Erromatar Inperioaren garaiko Caius Mocconious Verusen (Mocconio Vero) hilobi-inskripzioa. Horretan, baskoien eta barduliarren 24 hiriren errolda egin zutela ikus daiteke.
Erroman aspaldi aurkitutako hilobi-inskripzioa izan arren, Pariseko Louvre museoan zegoela jakin zuten Euskara Jendea dokumental-sortaren arduradunek, eta haren bila hasi ziren. Azkenean, Saint Deniseko biltegian, Louvren lekurik ez duten piezak gordetzen dituzten tokian, topatu zuten.
"Mocconio Verok 24 hiri baskoi eta barduliar erroldatu izanak eta testigantza utzi izanak izugarrizko balio historikoa du", Euskara Jendea ekimenaren arduradunek azaldu dutenez. Baina, horrez gain, aurkikuntzaren balio arkeologikoa ere handia da; izan ere, K.o. I. edo II. mendekoa da, eta, hortaz, "Erromako Inperioko garaiko balio handiko testigantza da, zaharrenetarikoa eta kontserbatu diren bakanetakoa."
"Erroman, errolda antzinatik egiten zen, eta bertan jasotzen zituzten herritarren datuak", esan du Mertxe Urteaga arkeologoak, Oiasso Erromatar Museoko zuzendariak. Mocconiok ardura hori zergatik hartu zuen jakitea zaila izango den arren, Urteagaren aburuz, interesgarriena erroldatutako hirien kopurua da: "Inskripzioaren garaikidea den Ptolomeoren (K.o. 100-170) Gida Geografikoak ere baskoien eta barduliarren 24 hiri aipatu zituen".
Euskal Herrira ekartzeko premia
"Pariseko biltegi batean zegoela jakin eta berehala, argi ikusi genuen harriak Euskal Herrian egon behar zuela", azaldu dute. Horrela, Oiasso Erromatar Museoak Mocconio Veroren hilobia izateko lehen urratsak eman dituzte dagoeneko.
Hilobi-inskripzioak euskararen historiarako duen garrantzia da, hain zuzen ere, Euskara Jendea dokumentaletako egileentzat garrantzitsuena. "Euskaldunok ere, beste herri ugari bezalaxe, mende horietan bakarturik egon ez zirela eta erromatarren mendean egon zirela frogatzen du", esan dute arduradunek.
"Erromatarrak zazpi mendez izan ziren gure lurrean, eta zeharo kontrolatu zuten, baina badago diferentzia bat: euskaldunek hizkuntzari eutsi zioten; alboko beste hizkuntza asko, aldiz, latinak irentsi zituen. Eta hori da, hain zuzen ere, hilobi-inskripzioak iradokitzen duena: Menperatu egin zintuztegun baina zuek zuen hizkuntza mantendu zenuten, hiztun komunitate gisa jarraitu zenuten", azaldu dute.
Euskara Jendea egitasmoak Xamarrek 2006an Pamiela argitaletxearekin kaleratutako izenburu bereko liburua du abiapuntu, eta iraupen ertaineko sei atalek osatzen dute. Lana euskal hiztunen komunitatearen historiaren ildo nagusiak azaltzen saiatzen da, historiaurretik abiatuta gaur egunera arte.
Proiektua Xamarrek, Mikel Arredondok, Hibai Castrok, Adur Larreak, Lutxo Egiak, Jon Fernandezek eta Maria Uriartek osatu arren, beste hamaika adituk ere parte hartu dute: historialariak, hizkuntzalariak, arkeologoak, kulturgileak...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: