EUSKAL HERRIKO ERROMA
BERRIA, 2012-12-12
Ezarian. Erromatar ondarea
Handia izan da euskal arkeologoek erromatar ondarea aztertzeko azken hamarkadetan egindako lana, eta Iturissa izeneko hiriaren aurkikuntza da azken emaitza. Baina oraindik ere asko falta dela diote.
Iñigo Astiz
Arditurriko meatzea. Erromatarrek duela ia bi mila urte sortu zituzten Arditurriko meatzeak. Gaur egun, bisitak ere egiten dituzte Aiako Harrian dagoen aztarnategi horretara, eta Mertxe Urteaga arkeologoak dioenez, Europan lehen mailako gune arkeologikoa da. / GARI GARAIALDE / ARP
Oiasso. 1960ko hamarkadan aurkitu zituzten Oiasso izeneko hiriaren arrastoak, Irunen (Gipuzkoa). Portu garrantzitsua zuen, Aiako Harriko mineralak garraiatzeko. Gaur egun, izen bereko museo bat ere badago hiri erdialdean, egindako lanak erakusteko. / GARI GARAIALDE / ARP
Iruña-Veleia. Azken urteetan albiste da Iruña Oka ondoan dagoen erromatar garaiko aztarnategia (Araba). 2006an bertan aurkitutako euskarazko idazkun batzuk dira horren kausa, zenbait adituren ustez ez baitira benetakoak. Hori baino lehen ere, ordea, Euskal Herriko aztarnategi ezagunenetariko bat zen. Klasiko bat. XIX. mendeaz geroztik bazen haren berri. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Iturissa. Handia da Aurizberrin (Nafarroa) aurkitu berri duten erromatar garaiko hiriaren arrastoa. Iturissa dela diote. Bidea markatzeko bi miliario ere aurkitu dituzte, eta idatziak ditu haietariko batek. / ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
Kontrakoa zen garai batean ustea, baina argi mintzo
dira harriak gaur egun: Euskal Herriak asko du Erromatik. Eta ez da gune
lauetako kontua soilik. Orokorra da argazkia. Nabarmena izan da azken
urteetan arkeologoen lana, eta asko izan dira agertu eta ikertu diren
erromatar garaiko aztarnategiak. Zientziak mitoak eraitsi dituela diote
adituek. Lanbro zena badoala mapa bilakatzen. Baina zertan da erromatar
ondarea egun? Zer espero daiteke hurrengo urteetan? Aurizberrin
(Nafarroa) aurkitutako erromatar garaiko aztarnak izan dira azken
albistea. Lehen zundaketak baino ez dituzte egin oraingoz, baina hiri
handi baten arrastoak aurkitu dituzte, eta baita bidearen kokapena
markatzeko bi miliario ere. Iturissa dela diote horregatik. Harribitxi
bat, Pirinioetan halakorik inoiz topatu ez delako. Harribitxi baten
promesa, zehatzago esatearren, oraindik ere ikerketa sakonagoak egitea
baita asmoa. Etorkizun denaren abisu ere izan daiteke aurkikuntza,
arkeologoen ustez, oraindik ere asko baitago agertzeko.
«Gutxi
gorabehera eraikitze fasean» dago oraindik euskal arkeologia, Mertxe
Urteagaren hitzetan. Irunen (Gipuzkoa) dagoen Oiasso museoko zuzendari
eta Arkeolan enpresako kideetariko bat da, eta baita erromatar garaiaz
Euskal Herrian dagoen aditu nagusietariko bat ere. Ez du gutxiespen
asmorik. Dioenez, lan handia egin da azkenaldian, baina esperientzia
metaketa baten beharra omen dago oraindik. Izan ere, lehen arkeologo
belaunaldietariko bat da haiena. «Historia baino gehiago antropologia
egin dugu hemen nagusiki. Iragana aztertu beharrean, orainaldia aztertu
nahi izan dugu: Zergatik gara euskaldunak? Erromatarrei aurre egin eta
hemen erromatarrik ez zela sartu esaten zuen teoria horietako batek, eta
horregatik mantendu zela hizkuntza. Beharrezkoa zen azalpen hori.
Baliagarria izan da, gainera, azken ehun urteetan, baina azalpen hori ez
da egia». Eta hor sartzen da arkeologia.
«Erromatar garaiko
ondarea Euskal Herrian oso garrantzitsua da. Azken hamarkadetan urrats
handiak egin dira, eta probintzia guztietan ikerketa sakonak egin
dituzte». Juantxo Agirre Mauleon arkeologoarena da balorazioa. Aranzadi
Zientzia Elkarteko idazkari nagusia da, eta bera izan da Iturissa
aurkitu dutenetariko bat. Dioenez, hedatuz joan da Erromaren mapa Euskal
Herrian urteekin. Garai batean Araba eta Nafarroa ziren aztarnategi
nagusien guneak. Lautadak, alegia. XIX. mendean ere ezagun ziren Arabako
Iruña-Veleia eta Nafarroako Iruña-Pompaelo, baina Bizkaian eta
Gipuzkoan ere aztarnategi garrantzitsuak agertu dira. Zarautzen, Irun
inguruan, Baionan... Eta hori da Iturissaren berezitasuna ere. Esparru
berri bat ireki du ikerketarako.
Atlantikoko erromanitatea
Geografiak
badu eraginik, Agirre Mauleonen hitzetan. «Maite zituzten erromatarrek
galsoro luze eta handiak, beren lurraldekoen modukoak. Baina oso gai
ziren mendiak gainditzeko, beren bidesareak Europako mendebalde osoan
zabaldu eta kostalde guztietan portuak ezartzeko. Mediterraneo kutsua
duten eremu lauetakoa da irudirik tipikoena, eta Araban eta Nafarroan
daude irudi horretatik gertuen daudenak. Baina azken hamarkadetako
emaitza handiena hortik kanpoko aztarnak aurkitzea izan da. Esan
dezakegu erromatar kultura zabaldu zela gaur egun ezagutzen dugun Euskal
Herriko lurralde osoan».
«Atlantiko aldeko erromanitatea». Hala
izendatzen du Urteagak bere inguruko aztarnategien izaera. Oiasso,
Getaria, Eskoriatza... Anfiteatro erraldoirik ez zelai zabalen erdian,
baina horrek ez du esan nahi garrantzitsuak ez direnik. «Nafarroan eta
Araban errazagoa izan da aurkikuntzak egitea, eta lana badago egina.
Hemen, Gipuzkoan, basoek eta belardiek estali egiten dituzte
aztarnategiak, eta haiek topatzeko baliabide gehiago behar dira.
Bizkaian atzerago doaz. Baionan, adibidez, ez; IV-V. mendeko erromatar
harresiak ere badituzte bistan! Eta Donibane Garazin ere kanpamentu
zahar bat dago, eta hor dago Urkuluko dorrea, eta...».
Lehen
mailako arrastoak daudela dio Urteagak; «baita inperioko eskalan ere».
Meategien kasua jartzen du adibidetzat. «Puntu potolo bat eginda koka
dezakegu Europako mapan Aiako Harriko aztarnategia, eta Aralarren ere
hasi dira azaltzen arrasto batzuk. Baina ez da hori bakarrik, hor dago
Arditurriko lurpeko akueduktua, eta Oiassoko kaia izan zen penintsula
osoan aurkitu zen gisa horretako lehena». Bideak dira, halere,
aztarnategien sarea ulertzeko gakoa. Urteagak mapa marraztu du, hiru
bide nagusirekin: «Tarraco-Oiasso bidea dago, batetik; Kantauriko
kostakoa, bestetik, eta Iruñetik Ibañetara, Iturissara, Donibate
Garazira eta Akize ingurura heltzen zena. Komunikabideen aldetik, oso
gune garrantzitsua izan zen».
Azpiegituren beharra
Etorkizuneko
erronkez aritzean bat datoz bi adituak. Biek espero dituzte aurkikuntza
gehiago hurrengo urteetan, baina ez omen da hori garrantzitsuena.
Deskubrimenduaren zirrara gorabehera, luzera begirako lana aldarrikatzen
dute biek. Agirre Mauleon: «Oso garrantzitsua da lantalde iraunkorrek
urteetako eta urteetako lanarekin bildutako jakinduria. Eremu
menditsuenetan, noski, erromatar aztarnak bilatzea zailagoa da. Iturissa
oso kasu ederra da, baina hasiera baino ez da hau. Gune horrentzat
babes neurriren bat lortzea da orain xedea, eta ikerlari sare on bat
sortu eta jarraipen bat egin behar da gero».
Izenari leku bat
jarri ahal izan diote Iturissan. Baina lanik ez da falta. Asko dira
oraindik aurkitu ez diren hiriak. Izen zerrenda bat egin du Urteagak.
Ergaue, Namanturisa, Curnonium, Tritium Tuboricum... Moconius Verus
tribunoak egindako baskoien eta barduliarren 24 hiriren erroldan ageri
dira izen horiek guztiak, baina ez da haien arrastorik topatu. Fantasma
sorta bat da. Horregatik aipatu ditu arkeologoak. Oraindik egiteko
dagoenaren neurria erakusteko. «Eta hiriak baino ez dira horiek. Falta
dira herriak, portuak, landetxeak... Eta soilik baskoi eta
barduliarrenak dira, gainera, hiri horiek. Falta dira autrigoienak,
karistiarrenak eta tabeloenak...». Itxaropentsu mintzo da geroaz.
«Saldoan etorriko dira aurkikuntzak hurrengo urteetan».
«Lurralde
ikuspegi zabalago bat». Hori da datorren urteetan espero daitekeena
Agirre Mauleonen hitzetan. «Euskal Herriko historia interpretatzeko
gaitasun handiagoa izango dugu horri esker. Eta arlo guztietan izango
ditu horrek ondorioak. Hizkuntzarenean, nekazaritzan, ekonomian,
demografian... Datozen 30 urteetan lortuko da hori». Azpiegituren
beharra azpimarratzen du horretarako Urteagak. «Gipuzkoan egiten dena
Gipuzkoa barruan antolatzen da, eta berdin Bizkaian, Araban eta
Nafarroan ere. Horren gainetik pasatzeko beharra dugu. Sare propio bat
osatu behar genuke. Lurraldekakoak dira eskuduntzak egun. Arkeologook
elkarrekin hitz egiten dugu, baina ez dago erakundeen koordinaziorik.
Batera kudeatu behar lirateke proiektu batzuk, ikuspegi orokor bat ere
behar dugulako. Azpiegiturak prestatu behar dira. Oso eskas gabiltza
alor horretan».
Nortasunaren koxka
Ezaguna egin da
Iruña Oka ondoan dagoen Iruña-Veleia aztarnategia (Araba). Euskal
Herrian aurkitu den erromatar garaiko gune nagusietariko bat da. Garai
batekoa da aurkikuntza, baina badira urte batzuk albiste bilakatu dela.
Euskararen historiaz orain arteko teoriak irauli behar zituzten idazki
batzuk aurkitu zituztela abisatu zuten 2006an, baina gerora faltsutzat
jo dituzte hainbat adituk. Aranzadi elkarteak ez du iritzirik eman nahi
izan pieza horien benetakotasunaz, eta Agirre Mauleonek ere ez du
bererik eman. Baina ez da faltsutasunarena arazo bakarra.
«Sinesgarritasuna galdu da alor guztietan, eta hori oso serioa da.
Negargarria izan da». Antzeko hitzak izan ditu Urteagak ere. «Pena da»,
dio. «Ez dugu gaitasunik bereizteko ontzat hartu behar dugun edo ez.
Baliabide horien hutsunea dago». Esperientzia zientifikoa metatuz joan
ahala joango da hori aldatzen.
Umiltasuna aldarrikatzen du Arregi
Mauleonek. Aurreratu duzaila izango dela erantzun zehatzik lortzea
gerora ere. Dioenez, lanbroak lanbro jarraituko du zenbait gunetan.
«Euskal gizartearen identitatea eta geroa arazo gisa hartzen da gaur
egun ere, eta horren atzetik historian erantzunak bilatzen dira. Eta
Europako herri guztiek bezala, identitate hori noiztik daukagun bila
gabiltza historian. Eta, gaur egun, nagusiki euskararekin lotuta
ulertzen dugu nortasun hori. Eta erromatarrekin heldu ziren euskarari
buruzko lehen hitzak eta lehen aipamenak. Haiek ekarri zuten alfabetoa,
azken finean. Horregatik pizten du halako interesa garai horrek, eta
garai horren aurreko baskoienak. Baina galdera gehiegi dira harriei
galdetzeko».
Erromatarrez harago jartzen du begia Urteagak, baina
hizkuntzaz mintzo da bera ere. «Nik pentsatzen dut alde interesgarriena
V. mendetik aurrera datorrela. Susmo hori badut. Zergatik mantendu zen
euskara? Hori da galdera. Iberiarra galdu zen, eta galiarra, eta
punikoa, baina gurea mantendu egin zen. Zergatik? Hori da asmatu behar
duguna, baina argi dago ez zela izan erromatarrengatik. Haiei berdin
zitzaien zer hizkuntza egiten zuen jende hark. Erromatar eredu hori
galdu eta gero hasi gara ezberdinak izaten. Eta horretaz ez dakigu ezer.
Eta erromatar garaia nolakoa zen jakitea lortuz gero, errazagoa da
geroko hori aztertzea».
Iruzkinak
Utzi iruzkina: