ERROLDATUTAKO BASKOIAK
BERRIA, 2013-06-04
Bascoien errolda egin zuen Mocconio Veroren hilarria aurkitu dute Frantzian, eta Euskal Herrira ekarri nahi dute
Iñigo Astiz Bilbo
 
Saint Deniseko hangar batean dago Mocconio Veroren hilarria, Frantzian. / EUSKARA JENDEA
Herri garaiezin bat bazela, eta erromatarrak ere uxatu  zituela. Hori dio mitoak. Euskaldunak bakarturik egon direlako mantendu  dela euskara mende eta mendeetan. Baina dagoeneko argi da mitoa mito  baino ez dela. Ez garaiezin, eta ez bakartua: erroldaturik egon ziren  baskoiak, barduliarrak, autrigoiak, karistiarrak eta akitaniarrak.  Erromaren administrazio pean. Eta badira hori frogatzen duten datuak:  Mocconio Vero pretoi erromatarraren hilarria, esaterako. Hura izan zen  K.o. I. mende bukaeran edo K.o. II. mende hasieran egun Euskal Herria  osatzen duten lurretan ziren herrien errolda egin zuena, eta hori da  bere hilarriko inskripzioko meritu zerrendan ageri direnetariko bat.  Baskoien eta barduliarren hogeitalau herri kontatu zituela. «XXIIII»,  testuan irakur daitekeenez. Louvre museoaren biltegi batean aurkitu du  harria Euskara Jendea dokumentala egiten dabilen ikertzaile  taldeak, eta hilarria Euskal Herrira ekarri nahi dute orain. Irunen  dagoen Oiasso erromatar museoak (Gipuzkoa) egin du eskaria, Mertxe  Urteaga zuzendariaren eskutik.
Ibaizabal Mendebalde eta Zenbat Gara kultura elkarteak ari dira Euskara Jendea dokumental sorta egiten, Xamarren izen bereko liburua abiapuntu  hartuta. Iraupen ertaineko sei dokumentalen bidez, euskararen eta euskal  hiztunen komunitatearen historia aztertzea da asmoa, eta bigarren  kapitulua grabatzen ari zirenean egin zuten topo Mocconio Veroren  hilarriarekin. Erromatar garaiari eskainitako atalean, hain zuzen ere.  Lutxo Egia eta Hibai Castro egileek azaltzen dutenez, bilaketa ez zen  erraza izan. Hilarriaren aipamena bai egiten zuten adituek, baina  hilarriaren arrastorik ez zuten inon aurkitzen. Eta dokumentuz  dokumentu, eta biltegiz biltegi aritu behar izan zuten arkeologo  lanetan.
Urteagak eman egin zien lehen aipamena, eta hari segika  hasi ziren berehala. Baina aipamenak eta aipamenak baino ez zituzten  aurkitu. Hitzak, bai, baina harririk ez. Baina, azkenik, Lauro Chioffi  arkeologo italiarrak eman zien hilarria Louvren egon zitekeen pista. Eta  han topatu zuten, azkenik. Louvren bai, baina ez Parisen, ordea. Saint  Deniseko hangar batean daukate museoko arduradunek hilarria, Parisko  museoan lekurik ez duten beste pieza baztuekin batera. Egiak eta Castrok  argi azaltzen dute: «Haientzako hilarriak ez du garrantzi berezirik,  baina euskal herritarrontzako bai». Eta horregatik harria Euskal Herrira  ekartzeko asmoa. Eta diotenez, oraingoz, badute baikor izateko  arrazoirik, erantzun ona jaso baitute orain arte Frantziako museoko  langileen ahotik.
Mertxe Urteagak biziki eskertu du Euskara Jendea dokumentaleko taldeak egindako lana, «arkeologiaren arkeologia» gisa  definitu duena, «museoetako soto eta biltegietan ere badagoelako zer  arakatu».
Ptolomeoren gida
Hogeitalau herri direla.  Hori da hilarrian Mocconio Verok egindako erroldaz esaten den guztia,  baina ezin jakin herri horiek zein diren. Urteagak badu hipotesi bat,  ordea. Izan ere, hogeitalau dira Klaudio Ptolomeo historialariak (K.o.  100-170) garai bertsuan egindako gida geografikoan aipatzen dituen  baskoien eta barduliarren herriak. 24: baskoien 16, eta barduliarren 8.  Andelos (Mendigorria), Kaskonton (Cascante), Namantourista (?),  Itourissa (Aurizberri, Pompelon (Iruñea), Mouskaria (Tuteratik hurbil?),  Gebala (Gebara), Oiasso (Irun), Toulonion (Dulantzi), Gabalaika  (Galarreta?)... Eta Urteagak dioenez, litekeena da Ptolomeok izenez  aipatzen dituen horiek izatea Mocconio Verok ere erroldatu zituen  hogeita lauak.
Ohikoak izaten ziren erroldak erromatar garaian.  Eta hain zuzen ere horregatik da bitxia Mocconio Veroren hilarriko  aipamena. Hildakoaren meriturik handienak idazten zituzten erromatarrek  hilarrietan, eta, beraz, haiek ere aitortzen zioten hainbesterako  garrantzia baskoien eta barduloen herrien zerrendatze hari. Errolda hori  hain ohikoa izan ez zen seinale.
Piezaren balio historikoaz  gain, balio arkeologikoa ere nabarmendu dute Castrok eta Egiak.  Oso-osorik dago ia 2.000 urte dituen pieza, eta argi irakur daiteke  idazkia. Euskal Herrian ziren herrien aipamenak barne: «vasconum et vardulorum».  Baina badu hilarriak balio sinbolikoa ere, eta hain zuzen, hori da  haiek nabarmendu nahi izan dutena. Horregatik aritu dira haren bila, eta  horregatik nahi dute Euskal Herrian. Bakartua egon izanaren mitoa  ukatu, eta, halere, hizkuntzaren iraupena erakusten duelako. Paradoxa  ederra: hilarri bat, hizkuntzak bizirik irautearen froga.
Iraupenaren misterioa
Koldo  Mitxelena hizkuntzalariak esan ohi zuena hartu dute ahotan bi  ikertzaileek: «Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria».  Eta hori da Mocconio Veroren hilarriak erakusten duena. Gutxi gorabehera  K. a. II mendean heldu ziren erromatarrak egun Euskal Herria osatzen  duten lurretara, eta V. mendean erori zen haien inperioa. Zazpi mendez  erabat kontrolaturik izan zuten lurraldea, baina, halere, mantendu egin  ziren lekuan lekuko hizkuntzak. Bizirik iberiarra. Bizirik punikoa.  Bizirik galiarra. Eta bizirik baita euskara ere. Eta hori da hilarriaren  mezua Castro eta Egiak diotenez. «Menperatu egin zintuztegun, baina  zuek zuen hizkuntza mantendu zenuten, hiztun komunitate gisa jarraitu  zenuten».
Baina erromatarren ostean, aldatu egin zen argazkia.  Urteagak azaldua duenez, desagertu egin ziren guztiak. Desagertu  iberiarra. Desagertu punikoa. Desagertu punikoa. Desagertu guztiak,  euskara izan ezik. «Zergatik?». Bere buruari egiten dio galdera  arkeologoak, baina erantzun argirik ez da oraindik. Hori da Mitxelenak  aipatzen duen misterioa. Eta hori erakustea da Egiak eta Castrok azaldu  dutenez, Euskara Jendea dokumental sortaren asmoa. Hiztun komunitate baten iraupena kontatzea.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: