"BIZENTA MOGELEN BIZITZARA HURBILDU NAIZ EREALITATEA ETA FIKZIOA ERABILIZ"

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-08-22 15:20

 

 

'Argiaren alaba' nobela kaleratu du Yolanda Arrietak, 'Ipui onac'-en egilearen bizitzan oinarrituta.

Yolanda Arrietak Hendaiako Nekatoenea etxean egindako egonaldian idazti zuen <i>Argiaren alaba</i> liburua.</i> Yolanda Arrietak Hendaiako Nekatoenea etxean egindako egonaldian idazti zuen Argiaren alaba liburua. GAIZKA IROZ

BERRIA, 2014-07-29 / Ane Urrutikoetxea

XVIII. mendean gutxi ziren euskaraz idazten zuten idazleak; garai hartan ez zegoen euskaraz idazteko norma ofizialik, baina badira denboran iraun duten hainbat testu. Horietan ezagunenetako bat Juan Antonio Mogel Urkizaren (Eibar, Gipuzkoa, 1745-Markina, Bizkaia, 1804) Peru Abarca da. Mogelek euskarazko lehen nobela idatzi zuen, eta, hala, euskal idazleen historian lekua irabazi. Baina gutxik ezagutzen dute haren iloba Bizenta Mogelen istorioa (Azkoitia, Gipuzkoa, 1782-Abanto, Bizkaia, 1854). Bizenta Mogelek 22 urterekin idatzi zuen Ipuin onac liburua, emakumeek irakurtzen eta idazten ez zekiten garai batean. Yolanda Arrieta idazleak (Etxebarria, Bizkaia, 1963) emakume idazle horren bizimodua ikertu, eta gaur egungo ikuspegira ekarri du Argiaren alaba nobelan. Liburua argitaratzearekin batera, Arrietak hainbat idazle berrirentzako ikastaroak eman ditu EHUko udako ikastaroen barruan.

Arrietaren nobela ez da estrategikoki sortutako lana, ikerketaren ondorioz lotutako istorioa baizik. Duela bi urte, euskal idazle klasikoak ezagutarazteko proiektu batean murgildu zen; bizkaitarra izanik, bertako idazle bat aukeratu nahi, eta Juan Antonio Mogel etorri zitzaion burura. Baina iloba ere han zegoen, eta Arrietak gertukoagoa sentitu zuen haren istorioa: «Emakumea izatearekin batera, horren gazte idazteak, eta baserri giroan horren kultua eta ikasia izateak asko erakarri ninduen. Duela 200 urte neska koskor batek, haren osabak lagunduta, euskaraz, gaztelaniaz eta latinez irakurtzen eta idazten ikasi zuen Markinan; nik txikitatik ezagutzen ditudan kaleetan ibili zen, gainerako emakumeak baserri lanetan zebiltzan bitartean, Virgilioren testuak irakurtzen».

Irudi horri tiraka, idazlearen inguruan ikertzen hasi zen Arrieta. «Idazlearen inguruan informazio gutxi egon arren, datu asko topatu ditut haren inguruko jendearen eta garai hartako gertaeren inguruan. Osaba, gurasoak, orduko herritarrak..., datu errealak erabili ditut liburuan, eta horretan oinarritu naiz fikziozko istorioa eraikitzeko. Esate baterako, aita medikua zuen, pertsona ikasia beraz, baina ama baserritarra zen. Jakituria maila eta izen ona zuen familian hezi zen Bizenta, baina ez ziren aberatsak. Hori nabari da haren lanetan; 17 urterekin hasi zen idazten, adimen handikoa zen seinale, baina baserritarrentzat eta umeentzat idazten zuen».

Denboran bidaiatuz

Xabier Altzibar ikerlariaren laguntzarekin jaso ditu datu gehienak, hala nola Mogelek idatzitako testu eta eskuizkribuak. «Errealitatea eta irudimena nahastu ditut nobelan, historia fikzioaren bidez moldatuz». Arrietaren nobelan, Mirari 17 urteko neskatoa da protagonista; AEBetan bizi arren, primeran daki euskaraz, eta uda batean Euskal Herria bisitatuko du izeba ikerlariarekin. Bertan, Bizentaren ezkutuko egunkaria aurkituko dute, eta haren bitartez ezagutuko dute idazlearen bizitza, denboran bidaiatuz.

Hasieran, idazlearen istorioa eskoleta agertzeko helburuarekin hasi zen Arrieta informazioa pilatzen, baina datu horiek guztiak nobela idaztera eraman zuten.Ondoren, guztia antolatu zuen Hendaiako Nekatoenea idazle etxean egindako egonaldian. Liburua amaitu, eta pare bat argitaletxetara jo zuen, baina ez zuen aurrera egiteko biderik aurkitu. «Nobelak ez du genero finkorik, eta neuk argitaratzea erabaki nuen, Markinako Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Nekatoenearen laguntzarekin».


Utzi iruzkina: