ANTZINAROKO HAURREN HAUTESPEN <<NATURALA>>

paideia 1456152068219 PAIDEIA | 2014-12-05 13:35

ARGIA, 2014-12-07

Ama haurrari bularra ematen, aitaren aurrean. Haurtzaroan hildako erromatar baten sarkofagoko erliebeen xehetasuna (K.a. 150 inguruan).
Ama haurrari bularra ematen, aitaren aurrean. Haurtzaroan hildako erromatar baten sarkofagoko erliebeen xehetasuna (K.a. 150 inguruan).

Erroma, K.a. VIII. mendea. Kondairaren arabera Romulok eta Remok hiria sortu zuten. Jaioberritan abandonatutako anaia bikiek otseme batek elikatu zituelako lortu omen zuten bizirautea. Eta ez ziren jaio eta berehala hiltzen utzitako Antzinaroko pertsonaia bakarrak: Pertseo, Sargon, Hadis eta Edipo ere jaioberritan abandonatu zituzten. Gehienak mitologiaren eremuan soilik existitu arren, horrek adierazten du egun higuingarria iruditzen zaiguna nahiko ohikoa zela garai hartan.

Plutarkok jaso zuenez, Espartan, “zaharrenek jaioberria aztertzen zuten eta, ondo egina eta sendoa bazen, haurra hazteko erabakia hartzen zuten. Baina endekatua eta itxuragabea zela ikusten bazuten, haur txikia Taigetoko sakan batean zeuden apothetai (tornu) delakoetan uzteko agindua ematen zuten”. Greziako pentsalari nabarmenenek ez zieten jaioberriei aukera txiki hori ere eman nahi; norbaitek haur abandonatuak tornuetatik jaso zitzakeen. Hala, Aristotelesek eta Platonek jaioberriak toki ezezagunetan uzteko gomendatzen zuten. Lehenengoak behintzat oso garbi zeukan: “Seme-alaben hazierari dagokionez,  haur akastunak haztea debekatzen duen lege bat egin behar da” (Politika VIII, 15).

Haur perfektuak izateko grina hori ezagun zuten Erroman ere. Erditzearen ondoren, pater familiasek haurra arreta handiz aztertu behar zuen. Jaio eta berehala, haurra aitaren parean jartzen zuten, eta azterketaren ondoren besoetan jasotzen bazuen, familian onartzen zutela esan nahi zuen. Bestela, mirabe edo esklabo batek jaioberria bidegurutze edo zabortegiren batetan uzten zuen, hotzak jota edo piztiek janda hil zedin.

Ohitura horiek ez lirateke egungo mentalitateaz juzgatu behar. Adituen arabera, haurren heriotza tasa %30-40 artekoa zen Erroman, eta urtea bete baino lehen hiltzen ziren haurren kopurua ez zen oso bestelakoa Antzinaroko gainerako zibilizazioetan. Hortaz, haurrekiko lotura afektiboa beranduago garatzen zen. Darwinek bere teoriak garatu baino ehunka urte lehenago gizakiek hautespen naturalari nolabaiteko bultzadatxoa ematen zioten praktika horien bidez, beste hainbat animalia espeziek egiten duten bezala. Eta bahetze metodoek luzaroan iraungo zuten. Bikingoek, esaterako, jaioberria hiribilduko hesietatik kanpo uzten zuten gau batez; gau izoztua jasateko gai bazen, komunitateko kide izateko eskubidea lortzen zuen. Eta kosakoek ibaiko ur hotzetan murgiltzen zuten, eta bainuaren ondoren orroka jarraitzen bazuen, onartu egiten zuten.

Haurren heriotza tasa XX. mendean jaitsi da %20tik, eta Mendebaldean baino ez. Egun, Nigerren, mila haurretik 154 lehen urtean hiltzen dira eta 262k ez dituzte 5 urte betetzen. Haur horien etorkizuna –edo etorkizunik eza– maiz ez dago beren komunitateen esku, eta industria farmazeutikoaren interes ekonomikoek erabakitzen dute, esaterako. Ez da hainbeste aurreratu 2.000 urtean.


Utzi iruzkina: