Zerbitzu eman?

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-02-09 07:39

Batzuetan begiak ustekabeko lekuetan pausatzen dira. Lehengo batean, zerbitzu(a) eman esapidearekin topo egin nuen testu batean.

Eta, jakina, tatxarik gabekoa begitandu zitzaidan (alegia, ez zegoen zer zuzendu hartan), baina halako zimiko batek eraman ninduen Orotarikoan zoko-miran aritzera. Han, zerbitzu emanen aztarnarik ez zen ageri inon; zerbitzu egin, zerbitzatu, zerbitzu errendatu... jasota daude, baina eman aditzaren bihirik ere ez.

Gaur egungo erabileran, aldiz, jaun eta nagusi da zerbitzu(a) eman esapidea; Ereduzko Prosa Gaur datu-basean bilatzea besterik ez dago.

Dena den, interesgarriena da erregistro jasoko erabileretan oraindik bizirik dirauela zerbitzu egin esapideak.

Aitatxik, lehen aldiz, zerbitzu egin zion erresumari, Asparrotsen artilleroei argibideak emanez tiro zuzena egin zezaten gazteluaren kontra. (Aingeru Epaltza: Mailuaren odola)

Eta hori eskuratzeko, bakoitzaren indarrak ez lirateke ez nahikoak, gizakiek elkarri zerbitzu egin ez baliezaie. (Spinoza: Etika)
Hurrengo batean, lapurtu aditzaren eremu semantiko bereko aditzez zerbitzatuko gara, erregistroaren gaia arrapizteko. Argi dagoena da (barka pellokeria) idazle klasikoak direla erregistro jasorako eredua.


Utzi iruzkina: