Uraz haraindi

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2010-12-20 20:20

Joseba Sarrionandiaren azken liburua irakurtzen ari nintzela, sareko biltegi miresgarri baten berri jakin dut: Urazandi digital.

Izan liteke sortu zenean haren berri irakurri izana, baina, nolanahi ere, erabat ahaztua izango nuen, ezusteko ederra izan baita niretzat. Hara nola aurkezten duten paratzaileek:

Urazandi Digitala proiektua Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren ekimena da eta Amerikako herrialdeetan XIX. mendeaz geroztik agertutako aldizkako euskal argitalpenen digitalizazioaren erronkari heltzea du helburu. Jatorrizko aleak hamaika liburutegi eta artxibotan barrena sakabanatuta daudenez, eta kontuan hartuta bilduma horiek, kasu askotan, ez daudela osatuta, argitalpen bakoitzean kaleratutako zenbaki guzti-guztiak bildu nahi ditugu.
Denetariko agerkariak dira: batzuk ongintza hutsezkoak (hileta-zerbitzuak, aseguruak...), beste batzuk kulturazkoak (Euzko Gogoa ezin ahaztuzkoa), kirolezkoak... Niri, ordea, agerkaritxo batek kilikatu dit begia: Aljeriako gerlan izaniko euskal soldaduen agerkari xumeak (Eskual Herria izenekoak; aldiz batez, Eskuz izena hartuko zuen). Ez dira makinaz jo eta multikopistan inprimaturiko trakta batzuk besterik, baina bizitasunez enpo eginak daude.

Ikusiz urte berrian sartzen ari girela, bortuko artzainaren oyhua bezain zorrotz eta azkarrik deraitzuet guztier urte on ospatzen, osagarri sano batekin, eta hemengo ephea ezin trenkatuz ari zirezten hoyer, desir deraitzuet Eskual Herrian dauden Andregey baten hautatzia, aignarak udari buruz moldatzne [sic] duen ohantziaren gisa izan dezazuen gerochago atherbe eta Jainkoak nahi badu ordari zonbeit etche murruen soleitzeko egoin direnak.

Ezin esan oraingo sasoirako egoki ez datorrenik aipua. Testuen nolakoari antzemateko adierazgarri da, behintzat. Hegoaldean Aljeriako gerla aski ezezagun zaigun arren, lorratz handia utzi zuen Iparraldeko belaunaldi oso batean. Han ikusi edo egin zituzten desmasiek gogorki erasan zieten gazte soldaduei, Vietnamekoak estatubatuar soldaduei nola.


Utzi iruzkina: