Sinesgarritasuna

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2010-05-11 18:54

Fikziozko liburu bat zabaltzen dugun bakoitzeko, itun halako bat egiten dugu egilearekin: "Sinetsi egingo ditut zure esanak oro". Hizkuntzarekin ere antzeko zerbait gertatzen da: "Badakit inor ez dela mintzo horrela, baina onartu egingo dut zure jarduna".

Bata zein bestea ez dira ezin hautsizko kontratuak, haatik. Irakurlea ez da ergela. Jo dezagun Jokin Muñozen Antzararen bidea leitzen ari zarela. Goxo doa dena, harik eta tabako-kutxatilarekin topo egiten duzun arte. Ez ikusiarena egin dezakezu. Deskodetu dezakezu zeure gisara, eta paketea irakur. Edo durduzaturik egin dezakezu aurrera, eta handik gutxira ahantz.

Egiantzaren afera guztiz subjektiboa da. Izango da Julen Gabiriaren Han goitik itsaso ikusten da liburuan labadorarekin topo eginda izu-laborriak hartuko zuen baten bat.

Zehatz korapilatsua da auzia, zeren eta gurean, ahozkotik idatzirako koskaz gainera, bakoitzak bere euskara baitu, estandarra nahiz dialektala izan daitekeena; garbizaletasuna nahiz jatortasuna ere lehian aritzen dira; bada azpigeruza ideologiko bat, sakonaren sakonean; irakurleen gaitasun azpigaratua...

Eta lexikoaz haraindian ere eremu zabala dago, onargarritasun-mugarriz betea, baina, oraingoan ere, errazena baita, ez gara horretan barneratuko.

Believe me!


Utzi iruzkina: