Seinaletika

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-05-05 07:49

Orhiko xoriarena gertatzen zait niri ere. Zeinahi egoeratan, hizkuntza-gaietara joaten zait gogoa. Asteburuan Lapurdin eta Baxenabarren barrena ibili gara, eta han ere, nahi ez dela, bide-seinaleetako testuekin jostatu naiz, hain dira eta ohargarriak.



Badira gauzak adierazteko modu bat baino gehiago, baina horiek guztiek bateratzeko joera izaten dute testuinguru formaletan. Alegia, seinale-egileak ezin du gogoeta egin, horietako bat egiten duen bakoitzean, ea bidegurutze, edo dena delako, horretan zer den egokiena. Kaikukeria galanta litzateke.

Ipar Euskal Herriko seinaletikan ageri da oro euskal hitzetan esateko saioa, kanpokoei erakutsi behar bagenie bezala euskara gai dela mailegurik gabe zernahi adierazteko (croix basquezko eta Ezpeletako biperrezko dekorazioaren osagarri gisa). Dena den, nik atsegin ditut hango esamoldeak.

Seinaleetan, frantsesezko testua letra lodiz ageri da, eta euskarazkoa, meharrez. Hona hemen adibide batzuk:
(Hazparne)
Jardin / Baratzea
Terrasse exterieur / Kanpoko aterbea
Mediatheque / Berri hedagailutegia

(Kanbo)
Thermes / Ur onak

(Uztaritze)
Centre-Bourg / Hiri-barnea

(Senpere)
Toutes directions / Norabide guziak

(Ezpeleta)
Toutes directions / Alde orotara
Espelette-Centre > Ezpeleta-Barne

(Donibane Lohitzune)
Accueil / Errezebitza
Sortie / Jalgia
Ur onak edo kanpoko aterbea ondo ekarriak dira, inondik ere. Eta nik, aizue, nahiago ditut saihesbideetako biribilguneetan ageri diren barnea edo hiri-barnea horiek herriguneak edo erdiguneak baino (ez dira hain geometrikoak). Dena den, batzuetan artikulu ezak salatzen du hiztegiak ziria sartu diela (komun, barne...).

Ariketa polita izango litzateke alderatzea Mendebaldeko hiru probintzietako, Nafarroa Garaiko, Lapurdi-Baxenabarreko eta Zuberoako seinaleetako testuak. Egingo nuke administrazio bakoitzak hizkuntza nolako serio(s)tasunez hartzen duen emaitza halakoxea dela.

Amaitu aurretik, gomendio bat. Egun batzuk "bertzaldea"n igarotzekoak bazarete, Aire Berria etxea aukera seguru-segurua duzue: familia-giroa, etxe ederra, jateko zoragarriak eta noranahiko abiapuntu egokia. Ez zaizue dolutuko.




Utzi iruzkina: